BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EHU-KO ZERAMIKA MASTERREKO IKASLEEN “DUREZA DE CUERO” ESKULTURA ERAKUSKETEA HARTUKO DABE
- EHUko Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterreko bederatzi ikaslek talde-erakusketea aurkeztu dabe Bilbon, azken prestakuntza-aldian egindako lanen parte bategaz.
- Abuztuaren 30era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzarretako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
(Bilbon, 2024ko garagarrilaren 3an). Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterra egin daben 16 ikaslek, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan zabaldu dan “Dureza de cuero” baterako erakusketeagaz amaituko dabe euren prestakuntza ibilbidea.
Alkarrizketa iradokitzailean antolatutako erakusketak, buztinak eta zeramika-prozedurek dituen aukera amaibakoak aztertzen dituen proposamen pertsonalak batzen ditu. Leioako campusean emondako graduondoko ikastaro espezializauaren promozino barriko protagonistak dira. Lorena Aduna Larriba, Estefanía Aragón Orduz, Jone Córdoba Esteban, Efrén-Carlos García María, Victoria Garza Salazar, Antton Goikoetxea Ayastuy, Camila Gómez Echavarría, Sandra Gutiérrez Aldao, Claudia Hernández Bolaños, Ángela Lozano Álvarez, Lara Otiura Canepa, Alba Rodríguez Cadena, Arrate Rodriguez Martin, Nerea Ruiz Puente, Jon Soroa Ruz eta Clara Zubía García del Pino dira.
Artista talde hau Europako eta Latinoamerikako hainbat lekutatik dator. Hizkuntza desbardinak berba egiten ditue edo azentu desbardinakaz mintzatzen dira. Horrek guztiak Masterrean euren sorkuntza-prozesuetan eta fase desbardin eta liluragarrietan bat egin dauen talde kulturanitza bihurtzen dau. Euren esanetan "zeramikearen eta garapen artistikoen bilakaerearen metaforea izan daiteken eta beti hain zalantzazkoak eta aldi berean hain zirraragarriak diran kontrastez, gaiztasunez eta pozez betetako bidaia" bizi izan dabe. Euren promozinoaren ezaugarri nagusia “intentsidadea eta grina dira, eta emaitzak, taldeko personak besteko anitzak dira” adierazo dabe.
Erakusketea izendatzeko, “Dureza de cuero” terminoa erabili da. Izen horregaz alde batetik gogortuta dagoan baina oraindino hezetasun maila jakin bat dauen buztinaren egoerea deskribiduten da. Fase horretan akaberako zenbait teknika lantzen dira, leuntzea, bihurritzea edo ebagiak egitea, besteak beste. EHUko Zeramika Masterra: Artea eta Funtzinoa izenekoaren belaunaldi hori termino horregaz definidu daiteke, izan be, zeramikea lan baten garapenaren faseetako bat da, eta bertan materiala, daborduko forma izanda be, oraindino aldatu egin daiteke. Etenbako aldaketa- eta eraldaketa-prozesuak lotzen dau itxuraz hain desbardina dan taldea.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko kideek ondo etorria emon deutsee Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzara erakusketearen aurkezpenean. “Ibilbide, prestakuntza eta jatorri desbardineko 16 artista zarie, baina badozue zeozer komunean, hau da, zeramikearen bidez egindako arteagazko eta diseinuagazko maitasuna”, esan deutse Batzar Nagusietako lehendakariak. Hainbat hilebetetan egituratutako eta erakusketa bateratuan batutako lanak “harritu egiten dau bere sormen handiarengaitik, zeramikan erabilten dan materialaren aniztasuna eta aukera handiak erakusten dituen obra guztiz desbardinak diralako”, azpimarratu dau Otaduik. Erakusketearen aurkezpenean Carmen Marín eta Txemari Herrera Masterreko irakasleak be egon dira.
Erakusketea Bizkaiko Batzarrek EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz orain hamarkada batetik daukan akordioaren parte da, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko. Batzar Nagusiek uriaren erdigunean daukien erakusketa aretoa lagatzen dabe, lana Bizkaiko ikusleengana errazago gerturatzeko. “Dureza de cuero” erakusketea abuztuaren 30era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea izango da.