BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ATEAK EDEGIKO DEUTSEEZ HERRITARREI “BATZARRETIK BATZARRERA” PROGRAMEAREN LAUGARREN EDIZINOAN
- Bizkaiko Kamareak bere lau egoitzetako txoko guztiak ezagutzeko aukerea emongo dau dohainik, zemendiaren 15ean (Bilbo), zemendiaren 21ean (Gerediaga), zemendiaren 29an (Gernika) eta abenduaren 14an (Abellaneda).
(Bilbon, 2025eko zemendiaren 4an). Aurten be, “Batzarretik Batzarrera” programea jarriko da martxan, Bizkaiko Parlamentuko lau egoitzak edegiteko: Bilboko egoitza administratiboa eta Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako batzarretxeak. Ekimen horrek doako bisitaldi gidatuak eskaintzen dauz, historiaz, kulturaz eta jarduera politikoz betetako leku horreei balioa emoteko asmotan, datorren urtean Foru Barriaren onarpenaren 500 urteak betetear dagozanean.
Bisitaldioi esker, herritarrek sakonago ezagutuko dabez Batzar Nagusien historia eta garapena, baita eraikin bereizgarri horreen ondare eta arkitektura arloko altxorrak be. Programea zemendiaren 15ean hasiko da, Batzar Nagusiek Bilbon daukien egoitza administratibora egindako bisitaldiaren bidez. Bertan, bisitariek eguneroko jarduera parlamentarioa non garatzen dan ezagutuko dabe.
Zemendiaren 21ean, ostera, Durangoko Merindadeko antxinako Batzar Nagusietako egoitza historikoaren txandea izango da, eta izena emon dabenak Bilbotik autobusez joango dira bertara. Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitza ofiziala dan Gernikako Batzarretxeak zemendiaren 29an edegiko dauz ateak, eta, azkenik, Enkarterriko Batzar Nagusietako egoitza historikoa dan Abellaneda (Sopuerta) abenduaren 14an bisitau ahal izango da.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak gaur Bilboko egoitzan egin dan ekimenaren aurkezpenean adierazo dauenez, Batzarretik Batzarrera "gure iraganari errespetuz begiratzeko gonbidapena da; gure historiara eta gure ondarera egiten dogun bidaia da, baina Bizkaiko parlamentu honen errealidade bizia ezagutzera emoteko aukerea be bada". Batzar Nagusietako beharginek eurek egindako bisita gidauek Batzar Nagusietan hartzen diran erabagietan eta egoitzetan gordetan dan historian sakonduko dabe, izan be, "mendez mende Bizkaiko erabagi garrantzitsuenen lekuko izan dira". Azken batean, “Foru-historiara bidaiatzeko aukerea da, baina eraikin berezi honeetako ondarearen altxorrak ezagutzeko modua be bada”, gehitu dau Otaduik.
Bisitaldi horreen xarmetako bat lau foru-egoitzetako hormek gordetako artelan handiak ezagutzea da. Bilbon, berbarako, antxinako Excelsior hoteleko aretoetan dago kokatuta instituzinoak urteen joan-etorrian eskuratu dauan ondarearen zati bat (250 artelan-edo), eta, besteak beste, Bizkaiko eta Euskal Herriko artista esanguratsu honeen lanak dira: Jorge Oteiza, Agustín Ibarrola, Dario Urzay, Dora Salazar, Ismael Fidalgo, Mari Puri Herrero, Iñaki de la Fuente, Jesús Mari Lazkano, Daniel Tamayo edo/eta Txus Meléndez.
Ostean, Gerediagarako Batzarretxera egindako bisitaldian, bisitariak sakon barruratuko dira gurtza-lekua eta alkargunea dan Durangaldeko Batzarren ezaugarri bereizgarrietan. Orokorrean jentearentzat zarratuta dagoan Gerediagako San Salbador eta San Klemente zin-ermitea ezagutzeko aukera aparta izango da. Horren aurrean, hain zuzen be, biribilean atondutako hamabi harri handik osotutako moltsoa dago kokatuta. Harri bakotxa Durangoko Merindadeko eleizateetako ordezkari moduan joiazan fielentzako eserlekua zan.
Hirugarren geldialdia Gernikako egoitza ofizialean egingo da. Gernikako zugatzaren alboan, Batzar Nagusien jatorria, haretx sagraduaren inguruan egindako hasierako batzarrak eta zin-ermitea sakonago ezagutzeko aukerea eukiko dabe bisitariek. Bertan, eraikin neoklasikoari, gaur eguneko eginkizunei eta batzarretako egoitza nagusian dagozan artelan adierazgarrienetakoei buruzko azalpenak eskainiko jakez. Bertan, ganera, Francisco de Mendietaren “Eskumunak” margolan ospetsua nabarmentzen da; izan be, osoko batzarren aretoko leku nabarian dago esegita eta Europako arteko andren lehenengo erretratu kolektiboa ei da.
Azkenik, Abellanedako Batzar Nagusietan, bisitariek monumentu-moltso hau osotzen daben eraikin historikoak ezagutu ahal izango dabez (Batzarretxea, Korrejidorearen etxea, Batzarkideen ostatua eta Aingeru Guardakoaren ermitea), ezinbestekoak dira-ta Enkarterriko historia sakon aztertzeko orduan. Enkarterriko parlamentuaren jatorritik abiauta, lehenengo batzar nagusiak 1394an egin ziranetik, Enkarterriko Foru Zaharrean azaltzen dan lez, Aro Modernora arte helduko dira, hain zuzen be.
2025EKO “BATZARRETIK BATZARRERA”
Zemendiaren 15ean. Bilboko egoitzea.
• 10:00etan eta 12:00etan. Gaztelaniaz.
• 11:00etan eta 13:00ean. Euskeraz.
Zemendiaren 21ean. Gerediagako Batzarretxea.
• 10:30ean. Bilboko egoitzatik urtengo dau autobusak.
Zemendiaren 29an. Gernikako Batzarretxea.
• 11:00etan. Gaztelaniaz.
• 12:00etan. Euskeraz.
Abenduaren 14an. Abellanedako Batzarretxea.
• 11:00etan. Euskeraz.
• 12:30ean. Gaztelaniaz.


