BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ATEA ZABALDU DEUTSIE METRO BILBAOKO MAIZTASUNAK HOBETZEARI

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek adostutako erdibideko zuzenketa-eskea onartu dabe, hiri azpiko sare “osoan” erabagiak hartzea justifikauko dauen “eskari prognosia” egin daiten.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Foru Gobernuari, kanpaina bakotxaren kostua jasoko dauen publizidade eta komunikazinorako urteko Plana egin daian.
     
  • Osokoak Bizkaiko Jasangarritasunerako Kontseju barriaren osaketea onartu dau. 

 

(Gernikan, 2024ko bagilaren 19an). Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako ohiko osokoak Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek sinatu daben erdibideko zuzenketa-eskea onartu dau, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) metroaren maiztasuna hobetzearen inguruan “eskari prognosia” egin daian. Eskariaren proiekzino hori Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018-2028ko Plan Estrategikoa eguneratzeko prozesuaren barruan egingo litzateke, eta “izandako eta aurreikusitako hazkunde demografikoak, hiri-mobikortasunaren joerak, beste garraio-eredu batzuakazko integrazinoa, tarifak bateratzeko agertokiak eta beste aldagai sozioekonomiko batzuk” hartu beharko leukez kontuan. 

Bizkaiko Talde Popularraren aldeko botoa be jaso dauen eta akordiotik kanpo itxi dabelako Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia abstenidu dan zuzenketa-eskean adierazo danez, prognosi hori, besteak beste, trenbide metropolitarraren sare “osoan” maiztasunei jagokezan erabagiak hartzeko orduan hartu beharko da kontuan, material mobikorrean, seinaleetan edo komunikazinoan, besteak beste, “beharrezkoak izan daitekezan beharrizan teknikoei be erantzunez”.

Zuzenketa-eskearen justifikazinoan, hiru alderdi sinatzaileek onartzen dabe maiztasunak handitzearen bideragarritasuna “eskariaren azterketan oinarritu behar dala, maiztasun bideragarriak eta Metroaren erabiltzaile guztiei zerbitzua bermatzeko”. Uribe Kostako zazpi udalek BGPri hazkunde demografiko handia izan daben herrietako trenen igarotea hobetzeko eskatu ostean iritsi da akordioa. Esparru horretan, EH Bilduk, hasieran, “bideragarritasun azterlana” eskatzen eban, eskari horri modu positiboan erantzuteko.

Akordioa EH Bilduk joan dan hilean egindako kontrolerako osokoaren ostean aurkeztu eban mozinotik sortu da. Bertan, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak itaun batean ziurtatu eban egungo egoeran 1. lineako maiztasunen hobekuntzea alde teknikotik “bideratuezina” zala. Osoko horretan iragarri eban metroak “laster” ekingo eutsala bere unidadeak barritzeari, eta horrek, azaldu ebanaren arabera, komunikazino eta seinaleztapen sistemak barrizteteagaz batera, zerbitzua hurrengo urteetako eskarira egokitzeko “berriro definidutea” ahalbidetuko ebala.

Gaurko mozinoaren eztabaidan, Batzar Nagusietako talde guztiak bat etorri dira esatean metroaren zerbitzua azken hiru hamarkadetan, 1995ean metroa zerbitzua emoten hasi zanetik, izan diran aldaketetara “egokitzen joan behar dala”. Osokoan, Plentziako, Urdulizko, Berangoko eta Sopelako udalerrietan izandako hazkunde demografikoa nabarmendu da, bai eta herritarren eskariak be. Izan be, herritarrek maiztasun hobeak eskatzen ditue klima aldaketearen kontra burrukatzeko, trafikoa eta kutsadurea murrizteko edo Urdulizko ospitalera modu erosoagoan joateko. EH Bildutik, Raúl Méndezek garraio publikoaren erabilerea handitzeko aukerea zabaldu dau, ordutegiak hobetuz. “Zenbat eta eskaintza handiagoa, erabilera handiagoa”.

Oposizinoko taldeek erakunde biek ordutegien arloan daukien plangintzea aurpegiratu deutsee Aldundiari eta BGPri, aldaketa demografikoak eta mobikortasun-beharrak “aspalditik jakinak ziralako”. Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek guztiz kontra agertu dira, eta Metro Bilbaoren lana defendidu dabe, “zerbitzua herritarren beharretara egokituz joan dalako”. Unai Lerma jeltzalearen esanetan, ezin dira maiztasunak zabaltzeari buruzko erabagiak modu “isolatuan” hartu, zerbitzua emoten dan “eremu osoa” hartu behar da kontuan, metroa Bizkaiko garraioko “beste modu bat” lez ikusita.

 

PUBLIZIDADE ETA KOMUNIKAZINO PLANA

Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, bertako hiru talde berberek sinatutako erdibideko beste zuzenketa-eske bat be onartu dau, kasu horretan aho batez, Aldundiak “Publizidade eta komunikazinorako urteko plana” egin daian. Plan horrek, besteak beste, “helburuak eta bardintasun, hizkuntza, ingurumen eta abarreko erispideak” jasoko ditu, bai eta “erakundeen eta sailen zein kanpaina egitea aurreikusten dan, foru sektore publikoa barruan dala, aurreikusten dan kostua barne”. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek urte bakotxaren hasieran plan hori Aldundiaren webgunean argitaratzea adostu dabe.

Oraingoan be, foru agindua, hasiera baten, publizidadean inbertiduteko orduan foru sailei eta enpresei erispide “objektiboak” marketako gidea egitea eskatzen eban EH Bildu taldearen mozino batetik sortu da. Koalizino abertzaleak, zeregin horretara urtero bideratzen dan dirua “banakatuta” argitaratzeko eskatu dau.

Azkenean, jeltzaleakaz eta sozialistakaz lortu dan eta “gitxieneko baldintzak” dituan akordioak, “gardentasunean irabazteko” balioko dau, esan dau Idoia Buruaga koalizino abertzaleko batzordekideak. “Legez bete beharrekotik harago goaz”, erantzun dau Jesús Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, eta neurri horreek beste talde batzuk gobernetan dituen erakundeetan be apliketea eskatu dau.

 

BAZTERTUTAKO EKIMENAK

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez ditue onartu eguneko gai zerrendan egozan beste ekimen parlamentario biak, horreek be EH Bilduk planteautakoak. Lehenengo eta behin, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Aldundiak desgaitasuna edo gaixotasun mentala daukienentzako arreta zerbitzuen azterketea egitea eskatzen eban talde horren mozinoa. Horretarako, persona horreei emoten jaken arretea zelan doan erakusten daben datuak eguneratu beharko litzatekez. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia alde agertu da, Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabe.

Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek “funtsean”, Izaskun Duque EH Bilduko batzordekideak gero autortu dauenez, jatorrizko proposamenaren “bardina” zan zuzenketa-eskea aurkeztu dabe. Testuak, funtsean, epe desbardinak planteetan ebezalako bereizten ziran. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek denpora gehiago eskatzen eben –sei hilebete, eta koalizino abertzaleak hiru–, Aldundiak egoerearen eta asmoen azterketea aurkeztu eion Gizarte Ekintzako Batzordeari, desgaitasuna edo gaixotasun mentala daukien personei arretea emoteko zerbitzuen garapenari begira.

Modu berean, EH Bilduren arauz besteko proposamen batek emaitza bera –ezezkoa– jaso dau. Proposamen horretan Aldundiko jantoki publikoetarako hurbileko elikagaiak erosteko plan integrala garatu daiala eskatzen jakon Aldundiari, baserritarrei “bidezko” prezioa ordainduta. Ekimenak Eusko Jaurlaritzari egindako beste eskari batzuk be jasoten ebazan, hezkuntza-arloko jantokien kudeaketea deszentralizetea edo ospitaleetako menuetarako erosketa “berdea”, besteak beste. Kasu horretan, koalizino abertzaleak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa eta ganerako taldeen kontrakoa jaso dau.

 

BIZKAIKO JASANGARRITASUNERAKO KONTSEJUKO KIDEAK

Bukatzeko, osokoak oneretxia emon deutso Bizkaiko Jasangarritasunerako Kontseju barria osatzeko Batzar Nagusietako bost taldeek egin daben aukeraketeari. Honeek izango dira kideak:

 

Euzko Abertzaleak taldea 

Titularra: Jesús Lekerikabeaskoa Arrillaga 

Ordezkoa: Irene Edesa Gómez

 

EH Bildu taldea 

Titularra: Iratxe Arriola Alzola 

Ordezkoa: Jon Arriola Espilla Ordezkoa

 

Euskal Sozialistak taldea 

Titularra:  Juan Otermin Eraso 

Ordezkoa: Goyo Zurro Tobajas 

 

Bizkaiko Talde Popularra 

Titularra: Diego Pagadigorria Wicke 

Ordezkoa: Raquel González Díez-Andino 

 

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldea 

Titularra: Ricardo Vaquero Moreno

Ordezkoa: Eneritz de Madariaga Martín