BATZAR NAGUSIEK AHO BATEZ ONARTU DABE BIZKAIBUSEN GAUEKO ZERBITZUAK LURRALDEKO ESKUALDE GUZTIETAN MARTXAN JARTEKO AUKEREA AZTERTZEA

  • Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako arauz besteko proposamenak, talde horrek eta Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek uri-artean gaueko zerbitzuen ezarpena aztertzeko sinatu daben erdibideko zuzenketa-eskea ekarri dau.
     
  • Sonia Perez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatuak sei neurri “iraunkor” aurkeztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan, garraioaren erabilerea indartzeko, mobikortasun jasangarriagoa bultzatzeko eta bezeroak fidelizetako.

 

(Bilbon, 2023ko azaroaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe gaur Garraio, Mugikortasun eta Turismoko batzordean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek sinatutako erdibideko zuzenketa-eskea, Aldundiak, zerbitzu hori ez daukien lurraldeko eskualde “guztietan” uri-arteko gaueko zerbitzuak eta zerbitzu mankomunatuak martxan jarteko aukerea aztertuko dauen azterlana egin daian. Bizkaiko Talde Popularra be neurriaren alde agertu da. 

Zuzenketa-eske horren bitartez Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Aldundiari, “Bizkaibusen hurrengo pleguak egitean zerbitzua indartzeko eta zabaltzeko dagozan beharren azterlana bultzatu eta egin daian, Bizkaiko eskualde guztietan asteburuan gaueko zerbitzua martxan jarteko beharraren balorazinoa barru hartuta, eragindako udalerrien eta gaueko zerbitzua emoten daben beste garraiobide batzuen hurragoko geltokien artean loturea ezarteko”.

Jatorrizko idea Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen batetik abiau da. Proposamenean, Meatzaldeko herritarrek eskualde horretan gaueko zerbitzua ezarteko eskatuz aurkeztu dituen “kexak” jasoten dira. Udalek eurenganatu ditue eskari horreek, Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroaleak azaldu dauenez. “Aukera bardintasuna eta gizarte kohesinoa” sor daikezan neurria da, eta gaur egun gauez lotura segururik ez daukien gazteei zuzenduta dago batez be. Zerbitzuak 2027rako lurraldeko garraio publikoaren sistema osoa aztertu baino lehen ezarri daitezala eskatu dau De Madariagak, “modu “koiunturalean” bada be, Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatuak berak aurretik egin dauen agerraldian adierazo dauen moduan.

 

GARRAIO PUBLIKOAREN ERABILEREA BULTZATZEKO SEI NEURRI

Zuzenketa-eske hori onartu aurretik, Bizkaiko Garraioetako arduradunak, berak eskatuta, Foru Aldundiak legealdi honetan garraio publikoaren erabilerea bultzatzeko eta mobikortasun jasangarriagoa garatzeko ezarriko dituan neurri “estruktural” batzuk azaldu ditu. Sei neurri “iraunkor” dira, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) azaroaren 7ko ezohiko kontsejuan onartu ziran.

Egun horretan iragarri zanez, datorren urtean, “proba pilotu” baten bidez, Bizkaibuseko transbordoak kendu egingo dira. Proposamenen artean, BGPren aldi baterako tituluak foru autobusen tarifa-sisteman sartzea be nabarmentzen da, horreen artean Bidai 50, Bidai 70 eta Bidai Oro izenekoak. Aurrerago –2025ean–, Bizkaiko tarifen zonifikazinoa sinplifikau egingo da, gaur egungo bost eremuetatik hirura igaroz. Lopezek adierazo dauenez, hiru neurri horreek bakarrik “urtean 12 milioi euroko kostua” eragingo dabe. Gastu horri, Aldundiari jagokonez garraio publikoaren % 20ko hobariak eta iragarritako ganerako neurriak eusteak ekarriko dauena gehitu behar jako.

Diputatu andreak gogora ekarri dau, oraingoan Batzar Nagusietako taldeen aurrean, Aldundiak operadoreen arteko tarifak bateratzeko egingo dauela lan BGPren barruan; 2027rako Bizkaibusen maiztasunak hobetzeko eta bikoiztasunak saihesteko azterlana egingo dau; eta gobernantza eredu barria ezarriko dau, eskumen zabalak eta jarduteko gaitasuna izango dituan garraioaren Lurralde Agintaritzaren bitartez.