BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2021EKO BIZKAIKO KONTU OROKORRA ONARTU DABE

  • Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak ez dau onartu 17.000 eurotik beherako errentei PFEZn egiten jakezan atxikipenak kentzea

 

(Gernikan, 2024ko martiaren 13an). Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako ohiko osokoak 2021eko Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorra onetsi dau gaur goizean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz (aldeko 29 boto), Bizkaiko Talde Popularraren abstentzinoagaz (3) eta EH Bilduren eta Talde Berezia-Ekarrekin Bizkaiaren kontrako botoakaz (18). Hori izan da beste lau mozino eta arauz besteko proposamen bat eztabaidatu dituan saioan onartu dan puntu bakarra. 

Urtarrilean, Herri-Kontuen Euskal Epaitegia (HKEE) Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri zan, Kontu horren Fiskalizazino Txostena azaltzeko. Agerraldi haretan, fiskalizazino organuak adierazo eban kontu horrek “alderdi esanguratsu guztietan, 2021eko ekitaldiko jarduera ekonomikoa, abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoerearen irudi leiala eta bere eragiketen eta eskudiru fluxuen emaitzak” adierazoten ebazala; gaur Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak Gernikan barriro gogora ekarri dauen balorazino “positiboa”, hain zuzen be.

Bozketea egin aurretik, diputatu andreak pandemiaren ondorioek eragindako kontu haren magnitude nagusien barri emon dau. Urte haretan, “8.537” milioi euroko diru-sarrera arruntak eta “8.173 milioiko” gastu arruntak izan ziran, hau da, “364 milioi aurreztu ziran”. Berrojalbizek azpimarratu dauenez, inbertsinoetara “239 milioi” bideratu ziran, eta gastuaren aurrekontua, azkenean, 8.708 milioira heldu zan. Horreetatik “% 21a” (1.786 milioi) kudeaketa propiora bideratu zan. Berrojalbizek alde bitatik positiboa izan zala esan dau: lortutako kopuruengaitik eta Aldundiak egoera pandemiko haretan egin eban kudeaketa orokorrarengaitik.

Holan ulertu dau abstenidu egin dan Bizkaiko Talde Popularrak be. Diego Pagadigorriak adierazo dauenez, bere eretxiz aurrekontuaren gauzatzea “desitxuratu eben elementuak izan ebazalako” abstenidu da bere taldea. Batzarkide horren berbetan justifikauta egoan zorpetzea “410 milioi” handitzea, zor bizia “1.719 milioi” izatera arte, pandemiaren ondorioei aurre egiteko “koltxoi bat” izateko.

Oposizinoko beste talde biak ez ditue hain modu errazean onartu kontuak. Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak esan dau penagarria dala Pandemiak eragindako behar sozialen une haretan Azpiegitura Sailak bere kontuak aurrekontuan jasotakoa baino 39 milioi euro gehiagoko gastuagaz itxi izana, eta Gizarte Ekintza Sailak, barriz, 36 milioi gitxiago inbertidu izana.

EH Bildu taldetik, Arantza Sarasola batzarkideak, organu fiskalizatzaileak adierazo ebanez 2019tik Gaikuntza eta Bizkaikoa erakundeen izaera juridikoaren aurrean “behin eta barriro” –2019tik– agertzen ziran ez-beteteen ganeko argibideak eskatu ditu. Aurrekontuaren betearazpenari jagokonez, eta pandemiaren ondorioz urte haretan bete bako behar sozialak egozala kontuan izanda, Gizarte Ekintzako kontuetan gauzatutako partiden murrizketea eta, kontrara, Azpiegituren arloko gastuaren igoerea, be kritikau ditu. Lehenengoa Aldundiaren aurrekontu gastu osoaren “% 38” izatetik “% 35,2” izatera pasau zan. Kontrakoa gertatu zan Azpiegitura Sailagaz, “% 15,8tik % 18ra” igon zan-eta.

Euskal Sozialistak taldeak, bere aldetik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) emondako eretxi “positiboa” azpimarratu dau, izan be, organu horrek bere fiskalizazino-txostenean aurkeztutako kontuek urte horretan lurraldearen “irudi leiala eta egoera finantzarioa” islatzen ebela adierazo eban. “Ez-beteteak ez diran kontsiderazinoak” aurkeztu ebazala kontuan izanda, foru erakundeak jarraibide horreetan esaten dana zuzendu behar dauela esan dau José Alberto Álvarez Castejón sozialistak.

Euzko Abertzaleak taldeko Unai Lermak, bere aldetik, modu positiboan balorau dau Aldundiaren kudeaketea, “personakazko konpromisoari eusten deutsolako”. Horren ondorioz, bere berbetan, Aldundiak bere aurrekontuaren “% 52” gastau eban Gizarte Ekintzan, garraio publikoan eta enplegagarritasunaren eta gizarte kohesinoaren sustapenean. 2019agaz alderatuta, kontu horreek “% 3,25” handitu ebezan Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenak (5.462 milioira arte) eta “% 2,1” udalerriei egindakoak. Lermak azpimarratu dauenez, HKEEk “6 salbuespen” baino ez ebazan sartu txostenean, “323 milioi euroko gastu gauzatua” jasoten eben “100 espediente baino gehiago” aztertu eta gero.

 

ERRENTA BAJUEI ATXIKIPENAK KENTZEA

Osokoak, erregimen komunean egin dan lez 17.000 eurotik beherako errentetarako PFEZko atxikipen fiskalak kentzeko Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamenaren eztabaideagaz jarraitu dau. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak zuzenketa-eske bat aurkeztu deutso ekimen horri, PFEZ “preminaz” barriro aztertzeko eta Lanbide arteko Gitxieneko Soldatearen azpiko atxikipenak kentzeko (2024an, LGS 15.876 eurora igon da). Modu berean, popularren proposamenari osoko zuzenketa-eskea aurkeztu deutsie Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, “lehentasunez” araudi aldaketa bat bultzatzeko, zergen berrikuspenaren esparruan eta beste erakunde batzuakaz koordinauta “errenta bajuenen tributazinoa hobetzeko”. Testu berean, jeltzaleek eta sozialistek “PFEZren zergadunek aitorpena egiteko betebeharra daukien muga handitzeko” eta “atxikipenen taulea be aldatzeko” Foru Arau Proiektua aurkezteko eskatzen eutsien Aldundiari.

Azkenik, popularrek aurkeztutako jatorrizko ekimena bozkatu da. Osokoak ez dau ekimena onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoakaz eta EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren abstentzinoagaz. Oposizinoko taldeentzat ez dago LGSaren igoerea atxikipenetara eta errenta erabilgarrietara egokitzeko “preminazko” berrikuspena egiteko interesik. “Gura dan moduan erreformetea, ikuspegi orokorrik barik, ez da ona”, erantzun dabe jeltzaleek, eta kritikau egin dabe 17.000 euroen atalasea “kopuru horretara zelan heldu dan jakin barik” marketea.

 

ONARTU EZ DIRAN MOZINOAK

Osokoak lau mozinoren eztabaideagaz jarraitu dau. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, horreetako baten bitartez, elikagaien burujabetzea nekazaritza politikearen erdian jarteko eskatu deutso Foru Aldundiari. Bizkaiko Talde Popularraren beste mozino batek Bilboko metroaren 4. Linea eregiteko “jarduketen egutegia” eskatu dau. Eta EH Bilduk, bere aldetik, beste mozino biren bitartez, Aurrekontuak egiteko orduan herritarrek parte hartzeko “dinamika barriak” eta indarkeria matxistearen biktima diran emakumeei zuzenean arretea emoteko hainbat zerbitzu espezializau berreskuratzea eskatu dau. Horreek guztiak ez dira onartu, Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek daukien gehiengoarengaitik.

Foru Gobernua eusten daben taldeek “elektoralista”, “oportunista” eta “populista” lez jo dabe Bizkaiko Talde Popularrak trenbide metropolitarraren 4. linearen eraikuntzeari buruzko eztabaidea barriro Bizkaiko Batzar Nagusietara ekarteko asmoa, eraikuntza proiektua igazko martitik idazketa fasean dagoalako, eta “bost hilebete barru” amaituta egongo dalako. Ignacio Jerónimo sozialistak adierazo dauenez, une horretatik aurrera, euskal erakundeen –Eusko Jaurlaritza eta Aldundia– “konpromiso” horrek “egutegia eta kronologia” eukiko dituan erantzuna izango dau. Pablo Gómez-Guadalupe popularrak AHTa Abandora ailegeteak “ez daiala haren eraikuntzea baldintzatu” eta gauzatzean ez daitela “atzerapen gehiagorik” egon eskatu dau. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia bat etorri dira eskaera horregaz.