LANTIK, ZUGAZTEL ETA BISCAYTIK ERAKUNDEEK LEGEGINTZALDIKO PROIEKTUEN BARRI EMON DABE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- Erakundeetako arduradunak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskatuta bere sailaren esku dagozan erakunde horreen jarduerearen balantzea egin dauen Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuagaz joan dira
(Bilbon, 2022ko maiatzaren 5ean). Lantik, Zugaztel eta Biscaytik foru erakundeak legegintzaldi honetan gauzatzen ari diran jarduketei buruzko xehetasunak emon ditu gaur Aldundiak. Erakunde horreetako arduradun nagusiek, Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuagaz batera, erakundeen jarduereari buruzko informazinoa emon dabe Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako batzordean. Bizkaiko parlamentuak aho batez eskatu ebazan agerraldiok apirilaren 11n, Etxanobek zuzentzen dauen sailaren esku dagozan hiru erakunde horreek egiten ari diran lanari buruzko azalpenak jasoteko.
Nerea Martiartugaz (Lantik), Isabel Sánchez Roblesegaz (Zugaztel) eta Alaitz Etxeandiagaz (Biskaytik) batera, diputatuak Batzar Nagusietako taldeek planteau deutsiezan itaunei erantzun deutse, legegintzaldi honetan hiru erakundeek dituen helburu, ardatz estrategiko eta proiektuen laburpena eginez. Ganera, erakunde horreetako bakotxa Aldundiko sail guztietan egiten ari diran proiektuak laburbildu ditu, bai eta horreek Bizkaiko herritarrengan zelango eragina daukien be.
Hasieran hiru zuzendarien agerraldia eskatu eban EH Bilduk egindako galderei erantzunez, Lantiken hainbat arloko gaurkotasuna zehaztu dau diputatuak: erakunde horrek EtxeTIC proiektuan izan dauen parte-hartzea, langileak kontratetako politikea, software librearen erabilerea eta bardintasun-planaren garapena, hain zuzen be. Etxanobek Aldundiaren sistema informatikoak kanpoko mehatxuetatik babesteko Lantikek egiten dauen lanaren inguruan be erantzun dau. Zibersegurtasunaren Euskal Zentroaren datuetan oinarrituta, Etxanobek azaldu dauenez “Ukrainako gerrea dala-eta hackerren erasoak areagotu egin dira”. Arriskuak aztertzeko politikaren barruan, Lantikek Aldundiari bialtzen jakozan mezu elektronikoen “% 80” “mozten” ditu, helbidera heldu aurretik.
Beste alde batetik, Bizkaytik orain dala hamarkada bat hasi zan lanean dozena erdi udali zerbitzuak emonez, eta orain, Bizkaiko udalerriak eta mankomunidadeak modernizetako eta digitalizetako Aldundiaren babesa daukien “131” udal atxiki jakoz. Etxanobek nabarmendu dauenez, legegintzaldi honetan “aurrerapausu garrantzitsua” emon da laguntza teknologikoko prozesu horretan, eta, ondorioz, “582 aplikazino” ezarri dira. Modu berean, toki-administrazinoko “3.800 erabiltzailek baino gehiagok” erabili ohi ditue tresna informatiko horreek. 2021ean bakarrik, Biskaytik-ek “230.000 izapide telematiko baino gehiago” egitea ahalbidetu eban, hau da, aurreko urtean baino “% 58” gehiago. “Hurrengo pausuen” artean, foru arduradunak toki erakundeentzako zibersegurtasun-zerbitzuen garapena eta datu edegien taldeen garapen barriak aitatu ditu.
Beste alde batetik, herritarrentzako arreta-kanalen bidez komunikazinoa errazteaz arduratzen dan Zugaztel soziedadearen kasuan, Etxanobek esan dauenez legegintzaldi honetan “jauzi erabagigarria emon da eraldaketa digitalean”, eta horri esker, kanal anitzeko informazino-zerbitzuen “eraginkortasuna eta efizientzia” hobetu dira, erantzun “hobea eta azkarragoa” emoteko asmoz. Aldundiak “milioi bat baino gehiago” informazino-eskaera jasoten ditu urtero eta, “aurrez aurrekoak ez diran kanalak” –horren artean telefonoa, webgunea eta sare sozialak– ezinbesteko tresna bihurtu dira eskaera horreei erantzuteko, beti be aurrez aurreko arretea baztertu barik. Hurrengo erronkak telefono bidezko arretea zenbaki bakar batean bateratzea eta komunikazino-kanal barriak edegitea dira. Horri jagokonez, kolektibo sentsibleentzat bideo-deiak sartzea “fase pilotuan” dago, gor-mutuentzat, adibidez.