DEIADAR MENDIEN EGUNAREN XX. EDIZINOA BAGILAREN 8AN, DOMEKAN, OSPATUKO DA OIZEN

  • Aurtengo mendi martxak ibilbide zirkularra izango dau, eta goizeko 09:00etan abiauko da Garaiko erdiunetik.

 

(Bilbon, 2025eko maiatzaren 14an). Batzar Nagusietarako deia egiteko tradizino mitikoa gogorarazoteko erabili dan adarren soinuak indarrez joko dau barriro bagilaren 8an, domekan, Oiz mendiaren tontorrean. Aurton, Deiadar Mendien Egunak XX. edizinoa ospatuko dau, Garai herria urteera eta helmuga izango dauen mendi martxa zirkularragaz.

Batzar Nagusietarako dei tradizionala Durangaldera bueltauko da –Oizera egindako azkenengo igoerea 2018an izan zan–, azken urteetan beste lau “deiadar tontorretara” (Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Sollube), egin diran igoeren ostean. Holan izentau ebazan Antonio Truebak XIX. mendean idatzi ebazan kroniketan.

Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldeko bost mendi taldegaz lankidetzan gauzatuko dabe tradizinoa: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango).

Aurtengo martxak Garaiko erdialdetik goizeko 09:00etan abiauko dan ibilbide bakarra izango dau. Oraingo honetan, klub anfitrioiak –Alpino Tabira– ibilbide zirkularra planifikau dau, iparraldetik Kantauri itsasora eta hegoaldetik Bizkaiko barrukaldera begiratzen dauen talaia honen inguruak ezkutetan dituan paisaia ederrak ezagutzeko.

Beste garai batzuetako kontakizun erromantikoak gogora ekarteko jardunaldian, 2004an Deiadar Mendien lehenengo edizinorako berariaz egindako adarra erabiliko da barriro. Eguerdiko 12:00etan Oiz mendiaren tontorrean adarren soinua entzun eta gero, antolatzaileek jai gune txiki bat prestau dabe tontorretik gertu dagoan baseleiza batean. Bertan ez dira faltako musikea eta mokadu txiki bat.

Protokolozko ekitaldian, Durangoko Alpino Tabira mendi taldeak Ganekogorta mendirako igoerea antolatu behar dauen Gailurra klubeko ordezkariari emongo deutso lekukoa. Igoera hori datorren urterako aurreikusita dago, egun bererako. Holan, deiadar mendietarako igoeren zikloagaz jarraituko da.

Deiadar Mendien Eguna martxa klasiko bihurtu da mendia eta euskal tradizinoak maite dituen personen artean. Igazko edizinoan ehundaka persona joan ziran Sollubera Bizkaiko Batzar Nagusietarako deialdian parte hartzeko, Antonio Truebak idatzitako kroniken arabera iraganean egiten ziran deialdiak gogora ekarriz. Une historiko bakotxean Bizkaiko herritarrak arduratu dituen gaiak aztertzeko Bizkaiko ordezkariak Gernikako Arbolearen azpian batzartzera joateko deitzen ebazan errituala.