SHINZO ABE JAPONIAKO LEHEN MINISTRO OHIAREN ALARGUNAK GERNIKAKO BATZAR ETXEA BISITAU DAU

  • Sakura Fundazinoko (Japonia eta Taiwanen arteko Adiskidetasunaren Itzulerarako Kultur Alkartea) kideakaz batera etorri da Gernikara, Europa Parkean herrien arteko batasunaren sinboloa dan Sakura kereizondo japoniarraren kimu bat landatzeko.


(Gernikan, 2024ko gabonilaren 12an). Akie Abe, 2012 eta 2020 artean Japoniako lehen ministro izandako Shinzo Aberen alarguna, Gernikako Batzar Etxean izan da gaur, foru udalerriko Europa Parkean kereizondo japoniar baten landaketearen buru izan ostean. Foru parlamentura egindako bisitan, Abek Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Mahaiko kideak izan ditu lagun. 

Egun horregaz, Japonia eta Taiwan arteko Adiskidetasunaren Itzulerako Kultur Alkarteak amaierea emongo deutso Shinzo Abek sortutako Sakura Fundazinoak Herrien Batasunaren Ospakizuna sustatzeko Bizkaian antolatu dauen programeari, kasu honetan Japoniaren, Taiwanen eta Euskadiren arteko adiskidetasun eta hartu-emon kultural eta enpresarialak estutzeko. Kuei Kai Chiu artista taiwandarrak egindako oroitzapenezko eskultura baten desestaltzeak emon deutso amaierea anaitasunezko ekitaldiari.

Gernikako egotaldian, Abegaz batera, Itsuro Mizukami Sakura alkarteko presidentea, Chang Mou Sen sortzaileetako bat eta erakunde horretako beste kide batzuk egon dira, baita Japoniako Gobernuko ordezkariak be.

Euskal Herriarentzat karga sinboliko handia dauen Gernikako Arbolearen magnetismoak liluratu egin dau gaur Asiatik etorritako ordezkaritzea. Ohorezko aurreskuaren ostean Sakurahanakaikarisha (taiwanerazko izena) alkarteko ordezkari talde handiak argazkia atera dau haretx sagraduan. Bertan, zugatzaren historiari eta Foru parlamentuaren gaur egungo egitekoei buruzko azalpenak jaso ditue, eta, horren ostean, bertako egoitzetan ibili dira, osokoen aretoan, beirateen aretoan edo liburutegian, besteak beste. Bukatzeko, lehendakariaren bulegoan euren presentziaren arrastoa itxi dabe, Batzar Nagusietako Sinadura Liburuan sinatuta.