BIZKAIKO EMAKUME HAUTETSIEN VII. BATZARRAK DEMOKRAZIAKO 98 EMAKUME ALKATEEK LURRALDEAN EGINDAKO LANA AINTZATETSI DAU

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EUDELek antolatuta Martiaren 8a dala eta Gernikako Batzar Etxean gaur egin dan ezohiko batzarrak 1979ko lehenengo udal hauteskundeetatik Bizkaiko udalerriren bateko alkate izan diran emakumeak omendu ditu.
     
  • Gehienbat emakumeek osatutako saioan alkate horreetako askok hartu dabe parte, eta euskal alderdi politiko guztietako zinegotziek, batzarkideek, diputaduek, kongresukideek, senatariek, europarlamentariek eta liderrek babestu ditue.


(Gernikan, 2023ko martiaren 3an). Gernikako Batzar Etxeak babesa emon deutso lurraldeko genero bardintasunaren aldeko burrukearen sinboloa dan eta arlo horretan nabarmendu diran emakumeen lana aintzatesten dauen ekitaldiari. Bizkaiko Emakume Hautetsien Ezohiko Batzarra foru-udalerrian alkartu da oraingoan, demokrazia garaian lurraldeko udalerriren bateko alkate izan diran 98 emakumeei omenaldia egiteko. 

Aintzatespen-ekitaldiak beste batzuetan izandako liturgiari jarraitu deutso. Jai- eta erreibindikazino-giroan, gizonen eta emakumeen arteko bardintasunean aurrera egiteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EUDELek (Euskadiko Udalen Alkartea) antolatutako Batzarra Gernikako Arbolaren ondoan hasi da. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Mahaiko kideak eta omenaldia jaso daben emakumeak Batzar Etxera sartu dira, haretx-ostroen eta marra moreen bidez askatasuna eta bardintasuna irudikatzen daben eta aldez aurretik parte-hartzaileei emon jakezan oroitzapenezko zapiakaz alkartuta.

Leku guztiak beteta, pandemiaren ondorioz hainbat urtez leku kopuru mugatua euki ostean, Batzar Nagusietako Lehendakaria oraingo honetan emakumeek bakarrik beteten eben hemizikloko bankadara joan da, Emakumearen Nazinoarteko Egunaren atarian ezohiko batzarra zabaltzeko. “Hemendik gure espazioa aldarrikatzen dogu eta ahotsa goratzen dogu, argi ixteko bardintasunezko gizartearen alde burrukan ari garala”, esanez hasi da Otadui, eta, ostean, “euren herriaren makila altzau eta udal politikan gorputz eta arima jardun daben” emakumeetan zentrau dau omenaldia. Oroitzapena, beraz, “lanbidea ikasten aitzindariak izan ziran eta euren lanagaz gero etorri ziranentzat eredu izan ziran emakumeentzat”. Bere berbaldian, Otaduik oroitzapen berezia izan dau aitzindari horreetako lehenengoarentzat, 1979an Elantxobeko alkate bihurtu zan eta daborduko gure artean ez dagoan Margarite Arriangarentzat. Berari egokitu jakon “kristalezko sabai handi bat apurtzea”, Bizkaiko udal erakundeena, hain zuzen be.

Horren ostean, Bizkaiko beste horrenbeste udalerritako bost emakume hautetsik, sentsibilitate politiko guztiak ordezkatuz (Onintze Amezaga Bilbao, Gatikako alkatea EAJ-PNVtik; Ainara Otxotorena Iriarte, Mañariko alkatea EH Bildutik; eta Getxoko hirukotea, Carmen Díaz Pérez, Paula Amieva Clemente eta Natalia Aranduy Zuazagoitia, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PPtik, hurrenez hurren), EUDELek prestau dauen, Batzar Nagusiek sinatu daben eta Euskadiko udal guztien eskura jarri dauen Martiaren 8ko Erakunde Adierazpena irakurri dabe (ikusi erantsitako dokumentua). Aurton, M8ko Adierazpenak emakumeen lidergoak sustetearen alde egiten dau, gobernantza feministako eta lidergo partekatuko eredutik abiauta; izan be, 25 urte baino gehiago igaro dira Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataformea, erabagiak hartzerakoan parte-hartze politikoa eta agintearen banaketa orekatua lortzeko nazinoarteko akordioa, onartu zanetik.


ESKU-HARTZEAK ETA “GERNIKAKO ARBOLA”

Horren ostean, EAEko alderdi politiko bakotxeko Bizkaiko udalerrietako arduradun instituzional batek jaso dau demokraziaren hamaika legegintzaldietan, hau da, 44 urtez, alkatetzan egon diran 98 emakume horreek aintzatesteko saria. Irati Gondra Martínez (EAJ) Mundakako gaur eguneko alkateak, Amets Jauregizar Baraiazarra (EH Bildu) Bakioko alkateak, Loly de Juan de Miguel (PSE-EE) Basauriko alkate ohiak, Ana Viñals Blanco Bilboko Udalean Elkarrekin Podemoseko bozeroale eta zinegotziak eta Raquel González Díez-Andino Bilboko Udaleko PPko bozeroale eta zinegotziak ohoreak egin ditue, “oraindino egiteko bide luzea dagoala” esatean bat etorri ostean. Bardintasunaren aldeko ahots horreei bideoz gehitu jakez kasu batzuetan lau legealdi jarraian euren udalerrietan gobernetan egon diran beste emakumezko alkate eta zinegotzi batzuk.

Horreen guztien berbak entzun ostean, “Gernikako Arbolaren” akordeek oihartzuna izan dabe osokoen aretoan. Iparragirreren abestiaren interpretazinoa Olatz Saitua Iribar sopranoak egin dau aurton, abestia Batzar Etxetik bertatik entzun dauen Urretxuko bardoaren gitarra historikoa joz. Aurretik, Beti Jai Alai taldeko dantzariek, antxinako jantzi eta burukoakaz, aurreskua dantzatu dabe Bizkaiko alkate eta zinegotzi guztien omenez.

Emakumeen VII. Ezohiko Batzarrari amaierea emoteko, omenduek erretratua atera dabe erakundeetako arduradunakaz, zinegotziakaz,  batzarkideakaz, euskal legebiltzarkideakaz, kongresukideakaz, senatariakaz, europarlamentariakaz eta lurraldeko politikariakaz batera. Horreen artean egon dira: Itxaso Atutxa Atutxa, Isabel González Rodríguez, Sonia Pérez Ezquerra, Ascensión Pastor Parres eta Idurre Bideguren Gabantxo.

Lotutako artxiboak: