MARKINAKO HEGOALDEKO SAIHESBIDEAK LURRAREN “EREDU GEOLOGIKO KONPLEXUA” BEHAR DAU TUNELEKO HONDEAKETAK “SEGURTASUNAGAZ” BARRIRO HASI BAINO LEHEN
- Carlos Alzaga Sagastasoloa foru diputatuak EH Bilduk eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, araztegi bat kaltetu eta tunel barruan luiziak eragin dituan aurreikusi bako lurraren “heterogeneotasun” bat hautemon eta gero hartutako “preminazko” neurriak zehaztu ditu.
(Bilbon, 2026ko bagilaren 30ean)– Carlos Alzaga Sagastasoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak BI-633 eta BI-2636 errepideak lotzen dituan Markinako hegoaldeko saihesbidearen lanen gaur egungo egoerearen barri emon dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Raul Méndez Urigoitia EH Bildu taldeko ordezkariak eskatutako agerraldian diputatuak azaldu dau tuneleko hondeaketa lanak “aldi baterako etete parzialean” dagozala, aurreko azterlanetan hautemon ez zan egoera geologiko konplexua agertu dalako.
Markinako uriguneko trafikoa murrizteko 335 metroko tunela aurreikusten dauen jatorrizko proiektua karakterizazino geotekniko zabalean oinarritu zan. Halanda be, hondeaketearen errealidadeak materialetan “homogeneotasun faltea” erakutsi dau, oso kalidade baxuko harriak eta faila tektonikoak dagozalako. Egoera hori dala eta, Markinako fronteko aurrerapena gelditu behar izan da joan dan martiaren 13tik aurrera, gehienez be sei hilebeteko geldialdia, datu barriak batzeko eta operazinoen segurtasuna bermatuko dauen eredu geologiko zehatza egiteko. Laneko ganerako puntuak zabalik dagoz oraindino, zehaztu dau.
Diputatuak adierazo dauen puntu kritikoetako bat, Iparragirreko Edateko Uren Tratamendurako Estazinoan (EUTE) izandako eragina izan da. Hondeaketeari lotutako lur-mobimenduek “zentimetro batzuetako” desplazamenduak eragin ebezan plantako eraikinaren ertz baten. Diputatuak azpimarratu dauenez, kalte horreek “estetikoak baino ez diran arren eta ur zerbitzuaren egituran eta funtzinonamentuan eraginik ez daben arren”, lurra egonkortu egin da, mikropilote injektagarrien pantailakaz indartuz, instalazinoa babesteko.
Modu berean, Etxebarriako frontean luizi bat jazo zan, eta zulo bertikal bat sortu zan gainazaleraino, teknikoki “tximinia” izenez ezagutzen dana. Gorabehera hori material degradauak eta ura dagozan ingurunean jazo da, eta hori be zementu-injekzinoakaz tratetan dabilz, mobidutako lurra sendotzeko.
Oposizinoko taldeek azpiegituraren etorkizunari buruz galdetu deutsienean, Alzaga Sagastasoloak ez dau amaitzeko eperik zehaztu, ezta obrearen kostu osoa be. Diputatuak berretsi dauenez, “ez dogu ezusteko gehiagorik gura”, eta lehentasun osoa beharginen eta mugakide diran azpiegituren segurtasuna da. “Irailean” lana bukatzeko epe eta prezio barriak emotea espero dau. Bukatzeko, Aldundiko arduradunak baieztu dauenez, komunikazino “arina” dago Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoagaz eta Markina-Xemeingo eta Etxebarriko udalakaz, gorabehera tekniko horreen bilakaereari buruzko informazinoa emoteko.
Raul Méndez Urigoitia EH Bildu taldeko ordezkariak, bere aldetik, modu positiboan balorau ditu infografia eta bideoen bidez emondako azalpen teknikoak eta erakutsitako gardentasuna, eta “zuhur” lez jo dau antzemondako gertakarien aurrean Aldundiak izan dauen jarrerea. Koalizino abertzaleko ordezkariak azpimarratu dauenez, proiektu hori “erabagigarria” da eskualdeko trafikoa hobetzeko, eta pozik agertu da edateko uren araztegiaren zerbitzua “blindauta eta babestuta” dagoala baieztu dalako. Halanda be, bere “ardurea” erakutsi dau, egutegi zehatzik ez dagoalako eta atzerapen horreek Aldundiaren aurrekontuetan izan leikien eragin ekonomikoarengaitik, eta hemendik aurrera herritarrakaz eta eragina jasaten dabizen herriakaz komunikazino arinari eusteko eskatu deutso erakundeari.