EHU-K EUSKAL ZUZENBIDEAN EMAKUMEAREN BABESAREN JATORRIARI BURUZKO UDAKO IKASTAROA EMONGO DAU GERNIKAKO BATZARRETXEAN

  • Ikastaroaren matrikulea bagilaren 19an eta 20an egingo da, eta daborduko zabalik dago www.uik.eus webgunean.

 

(Bilbon, 2025eko bagilaren 4an). Gernikako Batzarretxeak EHUren “EMAKUMEA EUSKAL ZUZENBIDEAN” Udako Ikastaroa hartuko dau bagilaren 19an eta 20an, Bizkaiko Batzar Nagusien laguntzeagaz. Euskal Unibersidade Publikoaren Udako Ikastaroen barruan dagoan prestakuntza akademiko horrek emakumeen eskubideen babesean eta balioespenean euskal zuzenbideak izan eban aitzindaritzari buruzko gogoetea egingo dau.

Ikastaroa gaur goizean aurkeztu da Bilboko Batzar Nagusietako egoitzan, eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Itziar Alkorta Idiakez (EHU) eta Mikel Mancisidor de la Fuente (Deustuko Unibersidadea) ikastaroaren zuzendariak eta Itziar Liceaga Romero Batzar Nagusietako legelaria.

Jarduerea persona guztiei zuzenduta dago, eta, batez be, unibersidadeko ikasleei, profesionalei eta beharginei eta Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Aldundiko ordezkariei, eta euskal zuzenbidea aztertuko dau, bai eta emakumeen eskubideak babesteko eta autortzeko bere garaiari aurrea hartuta izan eban zeregina be. “Gaia oso egokia da Batzar Nagusi honeetarako, kontuan hartuta 2017tik lantzen gabilzan Bardintasun Planaren bitartez gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren alde behar egitea jarri dogula helburu lez”, azpimarratu dau Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakariak.

Ikastaro horretan, emakumeek euskal arau-testu guztietan daben garrantzi juridikoa balioetsiko da, Euskal Zuzenbide Zibil Historikotik hasi eta egungo legeraino. Izan be, datorren urtean 500 urte beteko dira Foru Barria onartu zanetik, eta une haretan bertan, Otaduik gogora ekarri dauenez, "Emakumea Euskal Zuzenbidean bardintasunez hartzen zan, legeek sexuagaitiko bereizkeria printzipioak jasoten ez ebezan garaian".

Ikastaroak, beraz, aukera parebakoa emongo dau emakumeek euskal historia juridikoan daben lekua aztertzeko, ikasteko eta eztabaidatzeko, Gernikako Batzarretxea lako ingurune sinbolikoan. Ikastaroa Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzan emoteak Mendietaren “Fernando Katolikoaren zina bizkaitarren aurrean 1476an” margolana testuinguruan jarteko aukerea emongo dau. Margolana hemizikloaren buru da, eta, dinoenez, Europako artearen historian emakumeak irudikapen politiko batean ikusten diran lehenengoa da.

Lotutako estekak: