EMAKUMEAK LANDA MUNDUAN DITUAN ERRONKAK ETA AUKERAK ERAKUTSIKO DITUE EMAKUME ADITUEK “EMAKUMEAK BIZKAIAN” ZIKLOAREN HIRUGARREN JARDUNALDIAN

  • Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako lau mahai-inguruak zezeileko martitzen guztietan egingo dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Bizkaiko Batzar Nagusietako berbaldi aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo). Sarrera librea eta doakoa da leku guztiak bete arte.

 

(Bilbon, 2025eko zezeilaren 18an). Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (EAE) Bizkaiko Batzordeak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek “Emakumeak Bizkaian” jardunaldien beste ziklo bat antolatu dabe zezeil honetarako. Egindako lau jardunaldietatik hirugarrenaren izenburua “Emakumeak landa-eremuan” izan da, eta lurraldeko lehen sektoreagaz erlazionautako gaietan ibilbide sendoa eta nabarmena daukien hiru emakumeren esperientziak jaso ditu.

Euren bizipenak kontatzera Batzar Nagusietako Bilboko egoitzara etorri dira Itziar Bollar Urizar, Arte Ederretan lizentziaduna. Igorreko Urkitze baserriko jabekidea (hegaztizaina eta abeltzaina); Elena Galán del Castillo, BC3ko doktoretza-ondoko ikertzailea (Basque Center for Climate Change) eta artzaina Pirinioetan; eta Leire Sorhouet Bordas, Biologian lizentziaduna, BIZKAIGANE elkarteko bazkidea eta EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna) sindikatuaren batzorde exekutiboko kidea.  

Hiru hizlariak euren laneko esperientzian oinarritu dira baserriko emakumearen errealidadea marrazteko, eta datozan urteetan emakumeak Bizkaiko lehen sektorean izango dituan erronkei eta aukerei buruz daukien eretxia emon dabe. Mahaiaren moderatzailea Estibaliz Apellaniz Ingunza EHUko irakaslea eta EAEren Adiskide Numerarioa izan da. 

“Emakumeak Bizkaian” jardunaldien V. edizino honek emakumearen arazoak eta gaur egungo gizartean beteten dauen lekua aztertzeko balio dau. Helburua da emakumeak ikusarazotea, hareen aurrerabideari buruzko ebidentziak erakustea eta gainditu barik dagozan desafioak eta erronkak mahai gainean jartea. Horretarako, edizino honetan, “Emakumeak Bizkaian. Aurrerapen eta sororitateko ibilbideak” izeneko mahai-inguru sortea diseinau da, lau arlotan (zuzenbidea, kultura, enpresa eta landa-ingurunea) lan egiten daben emakume adituen partaidetzeagaz.