BURDINOLEN IBILBIDEA, BARBADUN IBAIAREN ONDARE ABERASTASUNA EZAGUTZEKO KULTUR IBILBIDEA, URRIAREN 30EAN EGINGO DA
- Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek “Barbadun ibaiaren arroan kokatutako burdinola, errota eta torretxeetan zehar ibilaldia” izeneko jarduerearen XIV. edizinoa antolatu dabe domeka horretarako, industria-iraultzari eta Enkarterri zeharkatzen dauen ibaiaren arroari lotutako antxinako aztarnei balioa emoteko.
- Ibilbideak 22 kilometro ditu eta doakoa da. Hornidura-gune bi izango ditu eta Enkarterrietako Museoko beharginek azalpenak emongo ditue.
- Daborduko emon daiteke izena museoaren webgunean (enkarterrimuseoa.eus).
(Bilbon, 2022ko urriaren 10ean). Urriaren 30ean, domekan, “Barbadun ibaiaren arroan kokatutako burdinola, errota eta torretxeetan zehar ibilaldia” izeneko jarduerearen XIV. edizinoa egingo da. Ibilaldia Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatzen dabe. Ibilaldi kultural horrek pandemia aurreko ohiko formatua berreskuratu gura dau, eta nahiko ezezaguna dan Enkarterriko ondare horri balioa emon gura deutso, hau da, XV. gizalditik aurrera Barbadun ibaiaren ertzetan eta haren ibaiadarretan eregi ziran eta Bizkaiko garapen industriala bultzatu eben burdinolei.
Ibilaldia Muskizetik abiatuko da, talde bitan: lehenengoa 09:00etan abiatuko da, eta bigarrena ordu erdi geroago. Museoko beharginak hainbat puntutan egongo dira, ibilbidean ikusi ahal izango diran burdinolen inguruko datu nagusiak modu didaktikoan azaltzeko.
Geldialdirik garrantzitsuena El Pobal burdinolan egingo da, eta partaideek Bizkaian ondoen kontserbautako burdinolaz gozatu ahal izango dabe bertan. Ibilbideak beste interesgune batzuk be izango ditu, hain ezagunak ez diran Barbadun ibaiaren arroko burdinolen eta erroten hondakinetan, Bado Ondero eta Billotxi, Muskizen, edo La Olla eta Valdivián/Ballibián, Galdamesen. Gauza erakargarrien artean, Burdinazko Mendien Bide Berdea, Loitzaga Torrearen ondoan dagoan Loitzagako Santiago baseleizea (Galdames), eta Artegiko magaletatik iritsita Enkarterrietako Museoak eta Abellanedako Batzar Etxeak osatzen daben monumentu-moltsoa bera nabarmentzen dira.
Ibilbideak hornidura-gune bi izango ditu: bata Galdamesko Santiago baseleizan, eta bestea ibilbidearen amaieran, museoan bertan. Autobus batek bertatik abiapuntura itzuliko ditu parte-hartzaileak.
2008TIK
Proiektua 2008an jarri zan martxan, “Enkarterriko burdinolak. Mantendutako ondarea” erakusketearen inaugurazinoagaz eta Enkarterrietako Museoak eta El Pobal Burdinoleak egindako ikerketa proiektuaren emaitzea da. Kultur planak Enkarterriko burdinolen ondare hondarrak aztertu gura ebazan.
Ikerketearen arabera, Barbadun ibaiaren arroan Triano mendietatik ateratako burdinak elikatzen ebazan hamabost bat burdinolaren hondakinak egozan gitxienez. Ahazte horren kontra burrukatzeko, aitatutako erakusketea diseinau zan, liburu bat argitaratu zan eta hainbat jarduera egin ziran, besteak beste, “Burdinolen Ibilbidea”, naturaz gozatzeko, kirola egiteko eta Barbadunek ezkutetan dauen industria-ondare zahar eta aberatsa ezagutzeko pentsautako ibilbidea.