BURDINOLEN ETA MEATZARITZAREN PAISAIEN KULTUR IBILBIDEA URRIAREN 5EAN EGINGO DA MUSKIZ ETA SOPUERTA ARTEAN
- Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek oinezko ibilbidearen XVII. edizinoa antolatu dabe domekarako, eta aurten be eszenatokia aldatu dabe, Enkarterriko mendietako meatzaritzako hondakinetan murgiltzeko.
- 27,5 kilometroko ibilbideak anoa puntu bi eta Enkarterrietako Museoko beharginen azalpenak izango ditu.
- Izena doban emon daiteke museoaren webgunean (enkarterrimuseoa.eus).
(Bilbon, 2025eko irailaren 22an). Datorren domekan, urriak 5, egingo da “Burdinolen Ibilaldiaren XVII. edizinoa. Meatzaritzaren Paisaiak”, Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoak bultzatutako kultur mendi-ibilaldietako jarduerea. Lurraldeko kultur egutegian sendotuta dagoan ekimen horren helburua Bizkaiko garapen ekonomikoa eta soziala markau eben burdinagaz eta burdinolakaz erlazionautako ondare historikoa balioan jartea da.
Aurtengo edizinoak ibilbide barri eta zorrotzagoa dau, 27,5 kilometroko luzerea eta zailtasun maila ertain-altua. Ibilaldia 9:00etan abiauko da Muskizko San Juan Plazatik eta Abellanedako (Sopuerta) Enkarterrietako Museoan amaituko da.
Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek kultura- eta paisaia-interes handiko enklabeak ezagutu ahal izango ditue, halan zelan Mello mendia, Alengo meatze-barrutia eta bertako meatze historikoak (Sorpresa, Maria, Cecilia eta Amalia Juliana), baita mineral-kargategiak eta burdinolen hondakinak be. Enkarterrietako Museoko beharginek Enkarterriko mendiek ezkutetan dituen meatzaritzako aztarnen zehetasunak azalduko ditue.
DOBAKO IZEN-EMOTEA ETA INGURUMEN ARLOKO KONPROMISOA
Ibilaldian parte hartzea dobakoa da eta izena museoaren webgune ofizialaren bitartez emon behar da (www.enkarterrimuseoa.eus). Jarduerearen egunean bertan ez da inskripzinorik onartuko.
Ekitaldiak jasangarritasunaren aldeko apustuari eusten deutso: ez da plastikozko ontzirik banatuko, eta, beraz, parte-hartzaileei ontzi berrerabilgarriak ekar daiezala eskatzen jake adierazotako anoa puntuetan eta iturrietan ura hartzeko.
Antolatzaileek hiru anoa puntu jarriko ditue ibilpidean zehar (8,5 km – edaria; 15 km – fruta eta barratxoak; helmugea – ogitarteko begetala). Modu berean, 14:30etik aurrera, autobus anezkak Muskizera eroango ditu ibiltariak, izena emon daben persona guztien itzulerea bermatuta.
Bizkaiko Batzar Nagusiek azpimarratu dabenez, ekimen horrek Enkarterriko ondare historikoa, kulturala eta naturala zabaltzeko eta babesteko erakundeen konpromisoari erantzuten deutso, herritarrak Bizkaiaren nortasuna eta bilakaera ekonomikoa azaltzen dauen ondarera hurreratuz. Enkarterrietako Museoak, eskualdeko erreferente kultural dan aldetik, historiaren eta egungo gizartearen arteko topaleku izaten jarraitzen dau.