BUSTURIA BIZIRIK PLATAFORMAK ABIÑAKO SAN ANTONIOREN GANEKO LURRALDE ALTERNATIBEA GEHIAGO EZ NAHASTEKO ESKATU DAU

  • Busturia Bizirik herri plataformako ordezkariek Abiñako San Antonio Busturiakoa dala defendidu dabe Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta zalantzan jarri dabe Sukarrietak aurkeztutako txosten juridikoaren baliozkotasuna.
     
  • Bizkaiko zergadun batek ENPko ingurumenaren arloko laguntzak PFEZren tributazinotik salbuetsita geratzea eskatu dau, beste lurralde batzuetan gertatzen dan lez.

 

(Bilbon, 2025eko urtarrilaren 31n). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordeak Busturia Bizirik herri plataformako arduradunen bisitea jaso dau gaur, eta Busturiari Abiñako San Antonio auzoko lurrak lagatearen alde agertu dira, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2017ko abenduan erabagi eben eta, ondoren, zenbait epai judizialek berretsi daben lez. 

Antonio Embid Irujo Zaragozako Unibersidadeko Administrazino Zuzenbideko katedradun emerituak orain hilebete batzuk batzorde berean txosten bat aurkeztu izanak justifikau dau plataformak Bizkaiko parlamentuan egin dauen agerraldia. Sukarrietako Sandinderi plataformako ordezkarien berbetan, Sukarrietako Udalak eskatuta egindako txosten harek iraganean ondoko udalerriari egokon San Antonioko “barrutia” dalakoa kentzeko prozesuan hainbat “akats juridiko larri” egin izana egiaztau eban.

Gaurko bertaratuek azaldu dabenez, txosten horren egileak “ez ditu ezagutzen” lurraldearen izaera juridikoa eta Bizkaiko Batzar Nagusiek dituen eskumenak. “Ez dau aitatu be egin” Sukarrietak Busturiako Abiña auzoa integretako Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabagiaren kontra aurkeztutako administrazinoagazko auzi-errekurtsoa. Errekurtso horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia ezetsi eban gaiari buruzko azkenengo erreferentzian.

Saioan, Foru gobernuari eusten deutsien taldeek gogora ekarri dabe auzia “epaitua” izan zala, eta bere garaian egin beharreko txosten teknikoak egin zirala, Bizkaiko Batzar Nagusiek auzo hori Busturian sartzeko Aldundiak emondako foru agindua onartzeko erabagia 2017ko abenduan hartzeko. Dana dala, Batzar Nagusietako talde guztiek onetsi egin dabe, gero, dokumentazino guztia, Sukarrietakoa zein Busturiakoa, Aldundiaren esku dagozan organuetara eroatea. Oposizinoko taldeak bat etorri dira barriro kasua “barrikusteko” aukeran, alde biek aurkeztutako informazino juridikoa kontuan hartuta. 

Katedradunaren txostenak Sukarrietaren tesia berresten eban, San Antonio auzoa ez zala barrutia esanda. Kalifikazino horri esker, hain zuzen, sartu zan auzoa Busturian. Halanda be, Busturia Bizirik-ek gaur azpimarratu dauenez, “kasua epaituta dago” eta “materialki ezinezkoa” da barriro aztertzea. Beste adibide bat jarrita, Busturia Bizirik-en bozeroale lanak egin dituan Iñaki Agirreazkuenaga Zigorraga EHUko Zuzenbide Administratiboko katedradunak kritikau egin dau Sukarrietak ez ebala ezelango kontrakotasunik adierazo, garai batean Busturiakoa zan eta argudio berberakaz ondoko udalerriari emon jakon Munitis auzoko barrutia kendu zanean. 

 

SALBUESPENAK EKOERREGIMENETARAKO 

Beste alde batetik, norbanako batek Persona Fisikoen Errentaren ganeko Zergeari buruzko 13/2013 Foru Arauaren 9. artikulua aldatzea eskatu dau, Europako Erkidegoko Nekazaritza Politikaren (ENP) perzepzinoetan sartzen diran klimaren eta ingurumenaren aldeko erregimenetarako laguntzak (ekoerregimen izenez ezagutzen diranak) salbuetsitako errenta lez sartu daitezan, eta aldaketa horrek 2023ko urtarrilaren 1etik atzeraeraginezko ondorioak izan daizan.

Bertaratu dan Matías Luis Gómezek adierazo dauenez, Bizkaiak ez dauka holango salbuespenik, agerraldia eskatu eban unean behintzat. Bertaratutako zergadunak araudi fiskala aldatzeko eskatu dau, Arabak, Nafarroak edo Lurralde Komunak hainbat arau aldaketaren bitartez daborduko egin daben lez. Estadu kide guztiak zenbait baldintza beteten dituen ustiategiei zerga-salbuespena gehitzera behartzen ditu Europak 2021etik; lehorreko lurretan laboreetan txandaketea egiten danean eta lurzorua “hobetzen daben” espezieak sartzen diranean. 

Batzar Nagusietako taldeek Bizkaiko zergadunari jakinarazo deutsenez, aldaketa fiskala igazko azkenengo osokoan –abenduaren 27an– sartu zan Bizkaiko zerga sisteman, zerga arloko neurri sorta baten barruan. Neurri horreen artean aldaketa hori egoan, baina 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu zan indarrean, bertaratutakoak eskatutakoa baino urtebete geroago.