BATZAR NAGUSIEI BURUZKO ERAKUSKETA IBILTARIA MAIATZEAN HELDUKO DA TRAPAGARA

  • “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea gaur goizean inaugurau da, udalerri meatzariko Llano plazan, eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Miguel Ángel Gómez Viar Trapagako Alkatea eta Foru Legebiltzarreko Mahaiko eta Udalbatzako kideak.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiak herritarrei hurreratu gura deutsen erakusketea Amorebieta-Etxanora helduko da bagilean, eta Ondarroara garagarrilean.

 

(Trapaga, 2025eko jorrailaren 29a). “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea gaur goizean inaugurau da Trapagako Llano plazan, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Miguel Ángel Gómez Viar Trapagako Alkatea bertan zirala. Horreekaz batera, Foru Legebiltzarreko Mahaiko eta Udalbatzako kideak egon dira, baita udalerri meatzariko herritarrak be.

Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa ibiltariak Bizkaian zeharreko beste bidaia bati ekin eutsan barriro Erandion apirilaren hasieran, XIV. mendetik lurraldearen gorabehera nagusien protagonista eta lekuko izan dan eta Europako lehenengo sistema parlamentarioetako bat dala uste dan erakundearen garrantzi historiko, politiko, sozial eta kulturalari balioa emoteko. Ondoren, Amorebieta-Etxanora (bagila) eta Ondarroara (garagarrila) helduko da.

“Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz”, formatu handiko 9 panel dituen 3 erakusketa-euskarri handik osatzen dabe. Panel horreetan erakunde parlamentario lez dauen eskumen-egitura zabala azaltzen da, eta baita bere egoitzetan dagoan kultur ondare aberatsa be. Erakusketan ibilbide xumea eskaintzen da Batzar Nagusietako lau egoitzen, danak martxan (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) eukian zehar, Gernikako Batzarretxean zehaztasun handiagoagaz geldituz, Gernikako Arbolaren, demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloaren, babeslekua dalako. Erakusketak, halaber, erakundeak gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren alde, eta Deiadar Mendien Eguna lako kondairazko errotzea dauen herri tradizinoa berreskuratzearen alde egiten dauen lana ezagutarazoten dau.

“Herritarrek zuzenean ezagutzea gura dogu, nor garan, zer egiten dogun eta hartzen doguzan erabagiek zelan eragiten deutsen zuzenean euren bizitzei eta eguneroko jardunari”, adierazo dau Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako lehendakariak erakusketea aurkezteko ekitaldian. Batzar Nagusiak beharbada ez dirala larregi ezagutzen “jakinda”, Otadui, “kalera urten eta Batzar Nagusiek daukien funtzino parlamentarioa eta ondare kultural aberatsa” azaltzeko ahalegina egitearen alde agertu da. Trapagara egin dauen bisitan, Otaduik udalerri meatzariak Batzar Nagusiakaz izan dauen hartu-emon historikoa azaleratu dau, Foruen abolizino-legearen aurretik, Sestao, Santurtzi eta Trapagako kontzejuek Gernikako Batzar Nagusietan izan eben ahaldun-kargua bete eban Julián de Olaso batzarkidearen bitartez.

Trapagako Alkateak eskertu egin dau Batzar Nagusiek Trapagan pentsau izana gure erakunde-sareko “erakunde errotuenetako baten” funtzionamentuaren barri emoteko, batez be betidanik udalerri meatzariagaz “harreman eta eragin handiagoa” izan dauen Abellanedako Batzarretxearen garrantziari balioa emoteagaitik.

Kontua da Bizkaiko Batzar Nagusiek tradizino historiko handia dabela, eta tradizino horren jatorria Erdi Aroa baino lehenagokoa dala, eta, jakina, Gernikako Batzarretxea eregi aurrekoa. Bizkaiko Batzarretxea Europako lehenengo sistema parlamentarioetako bat izatea askotan oharkabean pasetan da herritarrentzat, eta, hori dala eta, Batzar Nagusietako Lehendakaritzak erakundea barriro bere lau egoitzetatik ataratea eta Bizkaian zehar ibiltea erabagi dau, modu grafikoan eta eszenaratze barriagaz, erakundearen balio historiko aberatsa eta Lurralde Historikoko herritarren ordezkaritzaren eta parte-hartzearen organu gorena da horretan hartzen diran erabagi garrantzitsuak erakusteko. Erakusketaren hurrengo geltokiak Trapaga (maiatzean), Amorebieta-Etxano (bagilean) eta Ondarroa (garagarrilean) izango dira, aurreko edizinoetan Bilbo, Barakaldo, Getxo, Portugalete, Durango edo Galdakao lako herriak atzean itxita, besteak beste.