BIZKAIKO EMAKUME HAUTETSIEN IX. BATZARRAK BEIJINGO ADIERAZPENAREN 30. URTEURRENA OSPATU, ETA HAINBAT ARLOTAN “AITZINDARI” IZAN DIRAN EMAKUMEEK EGINDAKO LANA SARITU DAU

  • Martiaren 8a dala eta Gernikako Batzarretxean gaur egin dan ezohiko batzarrean, Bizkaiko Batzar Nagusiek be sinatu daben EUDELen Erakunde Adierazpenaren irakurketan parte hartu daben euskal alderdi politiko guztietako alkate, zinegotzi, batzarkide, diputadu, senatari, europarlamentari eta liderrak egon dira.


(Gernikan, 2025eko martiaren 7an). Gernikako Batzarretxeak Bizkaiko Emakume Hautetsien IX. Ezohiko Batzarra hartu dau gaur. Bertan, M-8aren bezperan, sentsibilidade politiko guztietako emakumeek bat egin dabe gizarte bardinzaleagoa eskatzeko. Ekitaldiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatu daben EUDELen Erakunde Adierazpena irakurteko balio izan dau barriro, eta, aldi berean, hainbat arlotan nabarmendu diran emakumeen eta erakundeen lana aintzatetsi da. Aurton, Kristina Mardaras Sedrún, Marisa Barrena Larruzea, Lorena Fernández Álvarez, Miren Gutiérrez Almazor, Ana Urkijo Elorriaga eta emakume artista eta sortzaileen ESAS sare profesionala izan dira sarituak. Azken erakunde horren aldetik Nekane Díaz Helguerak, Natalia Sánchez Abadek eta Ane Legarreta Mendezek jaso dabe saria. 

Aintzatespen-ekitaldiak beste batzuetako liturgiari jarraitu deutso. Emakumeen eta gizonen arteko bardintasunean aurrera egiteko jai eta aldarrikapen giroan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) antolatutako Batzarra Gernikako Arbolaren ondoan hasi da. Beti Jai Alai taldeko dantzariek, antxinako erara jantzita, Lekeitioko Emakumeak izeneko aurreskua dantzatu dabe. Horren ostean, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Batzar Nagusietako Mahaiko kideak, Esther Apraiz Fernández la Peña EUDELeko presidentea, Miren Elgarresta Larrabide Emakundeko zuzendaria eta omenaldia jaso daben emakumeak, askatasuna eta bardintasuna sinbolizetan daben oroimeneko zapiakaz alkartuta sartu dira hemizikloan. Antxina Batzarretara deitzeko erabilten zan adarraren soinua izan da Gernikako Batzarretxeko Osokoen Aretoan ezohiko saioari hasierea emoteko atarikoa. 

Bizkaiko herritarrek aukeratutako emakumez betetako hemizikloan (gizonak konbidauen gunean egon dira gaur), Foru parlamentuko Lehendakaria jarlekuetara hurreratu da, Emakumearen Nazinoarteko Egunaren bezperan ezohiko batzarrari hasierea emoteko. Ana Otadui Biterik azpimarratu dauenez, jardunaldia hitzordu “saihestezina” bihurtu da daborduko, batez be Bizkaiko emakumeentzat, “bizitzako esparru guztietan benetako bardintasuna eskatzeko alkartzen garelako barriro”. 

Bizkaiko beste horrenbeste udalerritako bost emakume hautetsik, sentsibilidade politiko guztiak ordezkatuz (Ángela Eguía Liñero, Gordexolako alkatea EAJ-PNVtik; Guruzne Carrasson Torrontegi, Sopelako alkatea EH Bildutik; Beatriz Gamiz Mata, Ermuko alkatea PSEtik; Natalia Aranduy Zuazagoitia, Getxoko zinegotzia Alderdi Popularretik; eta Inés Unzaga Agirre, Guëñeseko zinegotzia Elkarrekin Podemosetik), EUDELek egindako martiaren 8ko Erakunde Adierazpena irakurri dabe (ikusi erantsitako dokumentua). 

Bizkaiko emakume hautetsiek bat egin gura izan dabe aurton 1995ean Beijingen egin zan Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian egin zan Beijingeko Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrenaren ospakizunagaz. Akordio horreek abian jarri eben genero-bardintasuna, emakume eta neskato guztien ahalduntzea eta hareen giza eskubideen gauzatzea lortzeko mundu-mailako ibilbide-orria. 

Modu berean, Emakumeen Batzarrak lurraldean be jarri dau arretea, eta, batez be, Kristina, Marisa, Lorena, Miren, Ana eta ESASeko (Nekane, Natalia eta Ane) kideen lanean. Izan be, euren lanagaz, emakumeek euren aletxoa jarri dabe “tratu bardintasunaren, aukera bardintasunaren eta kristalezko sabaia apurtzearen alde” burrukatzen jarraitzeko, Ana Otadui Biterik adierazo dauenez. “Batzuetan konplexuak izan diran eremuetan, adimena, adorea, lan nekaezina eta ezbeharren aurrean amore ez emoteko erabagia dirala-eta nabarmendu diran emakumeak”, gaineratu dau. 

Urtero legez, ekitaldi berezia Gernikako arbolaren aurrean egindako argazki bategaz eta omendutako emakumeek Bizkaiko Batzar Nagusietako ohorezko liburuan egindako sinadureagaz amaitu da. Aurretik, Eva Martín Fernándezek ikutu artistikoa jarri deutso ekitaldiari, “Gernikako arbola” interpretauz.