BIZKAIKO OGASUNAK 374 MILIOI EURO BERRESKURATU DITU DABORDUKO 2023AN IRUZUR FISKALAREN KONTRAKO BURRUKEARI ESKER

  • Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatu andrea Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, bere ekimenez, joan dan urtean iruzurra zala-eta ordaindu bako dirua berreskuratzeko bere sailak egin dituan jarduketen barri emoteko.
     
  • Iruzur Fiskalaren kontrako Burruka Planaren barruan 555.065 jarduketa egin eta guztira 429,8 milioi euro azaleratu ziran.
     
  • 2009an Plan hori martxan jarri zanetik Bizkaiko Ogasunak iruzurra dala-eta ordaindu bako 6.412 milioi euro aurkitu ditu, eta horreetatik % 92a berreskuratu da.

 

(Bilbon, 2024ko apirilaren 29an). Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak, bere ekimenez, 2023ko ekitaldiko Iruzur Fiskalaren kontrako Burruka Planaren emaitzak azaldu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bizkaiko Foru Ogasunak 555.065 jarduketa egin ebazan igaz, eta 429,8 milioi euroko emaitzea lortu eban, 2022an baino % 3,75 gehiago. Kopuru horretatik, Bizkaiko ogasunak 374 milioi euro sartu ditu daborduko Aldundiaren diru-kutxan, kopuru osoaren % 87a. Dana dala, “hurrengo hilebeteetan datu horrek gora egitea” aurreikusten dau. 2009an plana martxan jarri zanetik Bizkaiko Ogasunak 6.412 milioi euro azaleratu ditu, eta horreetatik % 92a berreskuratzea lortu da. 

2023an azaleratutako diruaren herena –% 33,5– BEZaren atalari jagoko, 139 milioi euro pasatxo. Bigarren lekuan, baina tarte handi samarragaz, Soziedadeen ganeko Zergea dago, ia 81 milioi eurogaz, hau da, iruzur fiskalaren kontrako burrukaren diru-sarrera guztien ia % 19agaz. Nabarmentzekoak dira, baita be, zantzuak aurkitu jakezan eta Fiskaltzara bialdu diran ustezko 16 delituak, 53 milioi euro baino gehiagoko zenbatekoagaz. 2022an 10 delitu antzeman ziran, 2,4 milioi guztira. Beraz, igazko kopurua askoz handiagoa da.

Ogasunak “gure gastu mailan eta, ondorioz, garapen mailan eragina dauen gizarteko gatx” lez definidu dauenaren aurreko egiteko hori “lehentasuna” da Aldundiarentzat. Baliabide publikoak handitzeko daukan garrantzia dala-eta, 2009tik Bizkaiak sailean “50 persona gehitu” dituen sei unidade espezializau sortu ditu. Azkenengoa, 2023an iruzur fiskalaren kontra burrukatzeko sortua, Batuz Unidadeari jagoko.

Ogasunak hiru arlotan egiten dau iruzur fiskala azaleratzeko ahalegina: prebentzinoa, informazinoa lortzea eta erregularizazinoa eta kobrantzea. Lehenengoari jagokonez, Berrojalbizek sortutako unidade barri bat azpimarratu dau, Batuz. Sistema horri “30.000” enpresa edo persona atxiki jakoz, eta Eragiketa Ekonomikoen Erregistro Liburuari esker “500 milioi eragiketa baino gehiago” grabau dira. Prebentzinoko atal horretan hezkuntza-modulura euren borondatez atxikitako 132 ikastetxeak be nabarmendu ditu. Ikastaro horreek 4.132 ikaslerengana iritsi dira.

Informazinoa lortzeko atalean, 2023an 263 milioi datu baino gehiago trukau dira beste zerga agentzia batzukaz. Hamabi hilebete horreetan, Bizkaiak 215 milioi datu jaso eta 48,3 milioi bialdu ditu.

Berrojalbizek 2023an iruzurraren kontrako plan horretan izandako jarduketa nabarmenenak errepasau ditu. Lehenengo eta behin, balioan jarri ditu eragileengandik eta herritarrengandik jasotako “217” salaketak. Horreetatik, “% 46ak” jarduketaren bat eskatu dau. 37,4 milioi azaleratzeko balio izan daben “56.000 bahitura baino gehiago” be aitatu ditu. Horrez gan, iruzurra oso nabarmena izan dan sektoreei buruzko datuak emon ditu: metalen berreskuratzea eta hidrokarburoak (53 milioi azaleratu dira), apartamentu turistikoak (200.000 euro), alokairuko higituezinen sektorea (1,4 milioi), ausazko jokoen enpresak (10 milioi) edo fakturen jaulkipena edo igorpena (2,2 milioi).

 

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEN BALORAZINOA

Batzar Nagusietako talde guztiak bat etorri dira Planaren helburuagaz eta Aldundiak egin dauen diagnostikoagaz, hau da, baliabide publikoak oztopatzen dituan “gizarte arloko gatx garrantzitsuena” dala esatean. Foru Gobernua eusten daben talde biak pozik agertu dira Bizkaiko Ogasunak iruzur fiskalaren kontra burrukatzeko eta “lehentasunezko jarduketa ildo” horri eusteko egin dauen ahalegina ikusita. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek balioan jarri dabe ikuskapen zerbitzuen lana, “emaitzak guztion mesederako diralako”.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiatik, Eneritz de Madariaga bozeroaleari “deigarria” egin jako BEZaren arloko jarduketak murriztu izana, kontuan izanda bertan azaleratzen dala iruzur kopuru handiena, baita ustezko delituen eta horreen zenbatekoaren hazkundea be. Galdetu dau ea Batuz “eraginkorra izaten ari dan iruzurraren kontrako burrukarako mekanismo lez”.

Bizkaiko Talde Popularreko Diego Pagadigorriak, bere aldetik, egin diran nazinoarteko jarduketen ganean galdetu dau, eta etorkizunean iruzurrak saihesteko prebentzinoko esfortzua handitzea eskatu dau, belaunaldi barriak prestetako hezkuntza moduluari balioa emonez. “Lan hori egiten jarraitzera animetan dot”, esan dau.

Arantza Sarasola EH Bilduko batzordekideak, bere aldetik, jarduketa kopuruaren eta azaleratutako diruaren arteko erlazinoaren ganeko datuak emoteko eskatu deutso Aldundiko arduradunari. Haren agerraldia aprobetxauz, Errentaren eta Ondarearen kanpaina barrian antzemandako “akatsei”, balio erantsi handiko azken kontsumitzaileentzako prestazinoetan izandako jarduketei, enpresa handiei egindako ikuskapenei eta zergen identifikazino zenbakia (IFZ) ezeztatzeari buruzko informazinoa eskatu dau.

Berrojalbizek iruzurra “ez dala lineala” eta azaleratzeak ez daukala egindako jarduketa kopuruagaz zerikusirik erantzun deutse Podemosi eta EH Bilduri. Eta BEZean egindako ikuskapen lanaren adibidea jarri dau. 2022an, 25.238 jarduketagaz 116 milioi azaleratu ziran; eta 2023an, 21.965 jarduketagaz, 139 milioi izan dira.

Aldundiko arduradunak zerga tasen arabera zehaztu dau jarduketen zenbatekoa. Holan, igaz egindako 555.000 jarduketetatik 499.855 PFEZn izan dira; 8.832, Ondarean; 5.743, Soziedadeen ganeko Zergan; 1.158, Ez-egoiliarretan; 14.591, beste Zerga batzuetan; 21.965, BEZean; eta 2.905, Atxikipenetan.

Errenta eredu barriari jagokonez, Berrojalbizek esan dau antzemandako akatsak “ez dirala ereduaren ondoriozko arazoa”. Arauek “ondo funtzionau dabe”, eta akatsak beste erakunde batzuek sisteman sartzen dituen datuek eragiten ditue.