BIZKAIKO OGASUNAK AURREIKUSI DAUENEZ, ZERGA-BARRIKUSPENAK 94 MILIOIKO MURRIZKETEA EKARRIKO DAU ZERGA-BILKETAN

  • Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatua bere ekimenez eta EH Bilduk eskatuta etorri da batzordera, foru arau proiektuaren gai batzuk argitzeko eta jente aurrean erakusgai egon dan epean proponidu diran aldaketa batzuk onartu dirala jakinarazoteko. Horreen artean nabarmendu behar da 2026ko urtarrilaren 1era atzeratuko dala borondatezko gizarte-aurreikuspeneko sistemen ekarpenen, kontribuzinoen eta prestazinoen araubidea indarrean sartzea.
     
  • Berrojalbizek proiektu arauemoilearen memoria ekonomikoaren magnitude nagusiak aurkeztu ditu, eta aurkezpen horretan PFEZn 19.000 eurotik beherako zerga-oinarriek autortu behar ez izateak eragingo dauen 76,9 milioi euroko kostu fiskala azpimarratu dau. Neurri horrek 177.739 personari egingo deutse mesede. Erreformaren eragin fiskal osoa 94.024.304 eurokoa izango dala kalkulau da.
     
  • EH Bilduk eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak kritikau egin dabe zerga-barrikuspenak zerga-bilketan izango dauen eragina, eta hori dala-eta ondoizate-estaduari eusteko orduan egongo diran gaiztasunak.


(Bilbon, 2025eko urtarrilaren 23an). Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasuneko arduradun nagusiak Bizkaiko Batzar Nagusietan aztertu ditu barriro Bizkaiko Foru Aldundiak aurtengo lehenengo hiruhilekoan onartu gura dauen hurrengo “barrikuspen” fiskalaren ildo nagusiak. Agerraldia Ogasun eta Finantzetako batzordean egin da, berak eta EH Bilduk eskatuta, eta, bertan, Berrojalbizek arauzko testuko gai batzuk argitu ditu, eta jente aurrean ikusgai egon dan aldian proponidu diran aldaketa batzuk onartu dirala jakinarazo dau. Horreen artean, Berrojalbizek azpimarratu dauenez, borondatezko gizarte aurreikuspeneko sistemen ekarpen, kontribuzino eta prestazinoen araubidea 2026ko urtarrilaren 1era atzeratuko dala. 

Aldundiak sei gai zehatzetako (familia, bardintasuna, kontziliazinoa eta gazteria; etxebizitzea; gizarte aurreikuspena; trantsizino berdea; progresibotasuna; eta produkzino sarearen bultzadea) erronkei aurre egin gura deutsen arauzko testuan jasoten diran neurri garrantzitsuenak barriro azaldu ostean, –zemendiaren 11n batzorde berean neurri horreen zertzelada batzuk emon ebazan–, Berrojalbizek zerga barrikuspenak kutxa publikoetan izango dauen eragin ekonomikoa errepasau dau. Memoria ekonomikoak erakusten dauenez, erreformak 76,9 milioi euroko murrizketea ekarriko dau, soilik 19.000 eurotik beherako errentak autortzera ez behartzeko atalean. Neurri horretaz 177.739 persona baliauko dira.

Berrojalbizek ohiko etxebizitzearen errentamenduen 50.885 jaubeak be aitatu ditu, 14.942.493 euroko eragin fiskala izango dabelako. Modu berean, Ogasunak bere diru-sarrerak “ia 5 milioi” murriztuko ditu mikroenpresentzako eta enpresa txikientzako ZONen (Zerga Oinarri Negatiboak) konpentsazino mugea kentzean. Kontzeptu horreek guztiak eta garrantzi txikiagoko beste batzuk batuta, arau-proiektua onartzeak Bizkaiko Ogasunari ekarriko leuskion kuota efektibo negatiboaren aldea 94.024.304 eurokoa izango litzateke.

Ogasuneko arduradunak Batzar Nagusietako taldeei jakinarazo deutsenez, testuak herritarren 12 ekarpen jaso ditu. Zortzi zuzenean jaso dira entzunaldi publikoaren izapidean eta beste lau Bizkaiko Batzar Nagusien webgunean erregistrau dira bihar amaituko dan alegazino epean. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, Aldundiak horreetako batzuk sartzea erabagi dau.

Batzuek gai teknikoak, kontzeptualak eta genero-hizkuntzaren erabilereari buruzkoak zuzenduko ditue. Beste batzuk garrantzitsuak dira, hainbat alkartek eskatuta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko sistemen ekarpen, kontribuzino eta prestazinoen araubidearen kudeaketea hobetu gura dabelako. Azken horreen artean, aitatzekoa da prestazinoen araubide barri hori indarrean sartzea 2026ko urtarrilaren 1era atzeratuko dala.

EH Bilduk gai batzuk “argitzeko” be eskatu eban Ogasuneko arduradunaren agerraldia. Horreen artean Arantza Sarasola batzordekideak Aldundiko arduradunak gai honeek zehaztea gura izan dau: familia unidadearen definizinoa, enpleoko BGAEak, artistentzako araubide fiskala sartzea edo % 30etik % 35era igongo dan zerga murrizketea lortzeko Eusko Jaurlaritzak emoten dituan ziurtagiriak (Teknologia Garbien Euskal Zerrendea) kendu izana. Diputatu andrearen azalpenak entzun ostean, Sarasolak kritikau egin dau zerga-barrikuspenak diru-bilketan izango dauen eragina, eta hori dala-eta ondoizate-estaduari eusteko orduan egongo diran gaiztasunak. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia bat etorri da horretan. Barrikuspenean “aberatsen eta etekin ikaragarriak daukiezan enpresen hankea falta jaku”, esan dau.


HERRITARREN ALEGAZINOAK
 
LAB eta ELA sindikatuek, euren aldetik, Arau Proiektuaren izapide parlamentarioan parte hartu gura izan dabe, Batzar Nagusietako taldeak aldaketa batzuk egitera konbidauz. Alegazino sorta baten bitartez, zentral sindikal biak, bakotxa bere aldetik, oso kritiko agertu dira Aldundiak planteau dauen testu arauemoilearen eukiaren zati bategaz.

LABen kasuan, sindikatu horrek bere idazkian aurrezkiaren likidazino-oinarriak eta soziedadeen ganeko zergearen karga-tasa orokorra handitzea planteau dau, zerga hori % 28ra igonez. Hidrokarburo-hobiak esploratu, ikertu eta ustiatzen dituen enpresek be % 40ko zergea ordaintzea proponidu dau.

ELAk, bere aldetik, arau-proiektua aztertzeari ekin deutso, eta kritikau egin dau horrek ez dauela diru gehiago batzea ekarriko, eta zerga-barrikuspenak ez dauela jasoten zerga-iruzurraren kontra burrukatzeko ezelango neurririk. Horregaitik, errenta handietarako PFEZaren tasak gitxienez % 66 igotea planteu dau. Modu berean, BGAEen mozkinak murriztea eta soziedadeen zergan % 25eko gitxieneko tasa efektiboa ezartea planteetan dau, kenkari fiskal batzuk kentzeaz gan. Ondarean be tasea % 4ra igon gura dau.

Modu berean, Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoak –KONFEKOOP– herritarren alegazino sorta bat aurkeztu dau (gehitzeko 17 zuzenketa-eske). Alegazinoen xedea zidarrezko ekonomiagaz lotutako mikroenpresetan, enpresa txiki edo ertainetan edo sortu barrietan inbertiduteagatiko kenkariak txertatzea da, bai eta bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurriak ezarteagaitik kenkariak sartzea be, besteak beste. Modu berean, etxebizitza bat eregiteko funtsetan egiten diran ekarpenetan etxebizitza kooperatibek ohiko etxebizitzea erosteagaitiko deskontu fiskalak jasotea planteau dau. Kooperatibentzat Soziedadeen ganeko Zergearen karga-tasea % 35 murriztea be proponidu dau.

Azkenik, arau-proiektuak herritar bat bere alegazinoak aurkeztera bultzatu dau. Halan, ibilgailu elektrikoak eta energia barriztagarriak sortzeko, kontsumiduteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazinoak erostea eta instaletea bultzatzeko aldaketak proponidu ditu.