MIZGIN RONAK IDAZLE KURDUAK GERNIKAKO BATZARRETXEA BISITAU DAU

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Mahaiko kideek egin deutsie harrerea bere kalidade literarioarengaitik eta kurduen kausaren defentsan parte hartzeagaitik ezaguna dan Ronaki.

 

(Gernikan, 2025eko maiatzaren 16an). Biziarteko kartzela-zigorra ezarri eutsien kurduen kausan parte hartzeagaitik. Kartzelan 30 urte emon eta gero, eta 7 liburu argitaratu ondoren (hiru eleberri eta lau poesia-liburu), Mizgin Ronakek lehen aldiz bisitau dau Euskadi. Bere egonaldian, eta gaur arratsaldean Bizkaia Aretoan, Bilbon, literatur berbaldia izan aurretik, idazle kurduak Gernikako Batzarretxea ezagutu gura izan dau, Gernikako Arbolea, bakearen, askatasunaren eta tolerantziaren ikur unibersaletako bat, hartzen dauen egoitzea, hain zuzen be.

Foru Parlamentuaren barrukaldetik egin dauen ibilbidean, idazle kurduak Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Mahaiko kideak izan ditu lagun. Gernikako Arbolan familia argazkia atera ostean, Ronakek Batzar Nagusietako egoitzearen barrualdea ezagutu dau, eta Osokoen Aretoan, Beiratearen Aretoan eta Liburutegian geldialdea egin dau.

Ronak idazle kurdu garrantzitsuenetakotzat jotzen da gaur egun. Kulturearen arloan ezaguna da kurduen hizkuntzagaz eta literaturagaz dauen konpromiso sendoarengaitik eta emakumeen eskubideak defendiduteko egunero egiten dauen burrukarengaitik. Beti adierazo izan dau Gernika bisitetea bere amesetako bat zala kartzelan egoanean, berarentzat “esanahi sakona” dauen lekua dalako.