ALDUNDIAK EGOKITZAPENAK EGIN DITU ITSASADARREKO IBAIPEKOAREN PROIEKTUAN, ETA ETS-REN ESKU ITXI DAU SESTAO ETA AREETA ARTEKO METRO-ANEZKEA EGITEKO PROIEKTUA
- EH Bilduk gaur Gernikan egin dan Batzar Nagusietako Osokoan egin dauen Itaunean, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Diputatuak adierazo dau Euskal Trenbide Sarea (ETS) dala proiektua definidu eta bere eskumenen arabera gauzatu behar dauen erakundea, egiten ari dan Trenbideen Lurraldearen Arloko Planean sartu eta gero.
- Aldundia trenbide sarearen plangintzarako tresna horren onarpenaren zain dago Leioan eta Getxon 1. linea lurperatzeko aukereari buruzko erabagia hartzeko.
- Bizkaiak urte amaieran bankearen zergea onartzeko aurreikuspenari eusten deutso, “2025 honetan sortzeko”.
(Gernikan, 2025eko maiatzaren 28an). Gernikako Batzarretxeak eguneko gai zerrendan hamar gai eukazan urteko kontroleko bosgarren osokoa jaso dau gaur goizean. Lehenengo puntuan, EH Bilduk Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuari egindako Itaunean, diputatuak azaldu dau Sestao eta Getxo arteko metro anezkak, Itsasadarreko ibaipekoaren proiektua aprobetxauz aurreko Gobernuak planteau eban aukerak, Aldundiaren planetan jarraitzen dauela. Alzagak ohartarazo dauenez, barriz, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoan eta euskal trenbide sarea gauzatzeko ardurea dauen erakundeak, hau da, Euskal Trenbide Sareak (ETS), hartu behar dau azken ibilbidea zehazteko ardurea, eta, halan bajagoko, obrea egin. “Ia amaituta” dagoan ibaipekoaren trenbide-proiektua prest egongo da trenbideko tunela egokitu ahal izateko, ibairen ibilguaren azpitik doan tartean egokitzapen eta obra osagarriakaz.
2022. urtearen amaieratik ez dago itsasadarraren ertzak lotu behar ebazan eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Garraio Partzuergoari agindu eutson trenbide anezka horri buruzko barritasunik, EH Bilduk osokoan adierazo dauenez. Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako orduko diputatuak, proiektuaren, egon daitekezan maiztasunen eta erabiltzaileen barri emon eban, eta Aldundiaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) artean 2023an entregau behar zan alternatiben aurretiazko azterlana egiteko protokoloa sinatu zala iragarri eban. Raúl Méndez batzordekideak gogora ekarri dauenez, aurretik egindako kalkuluek 185 milioi euroko inbertsinoa eskatzen eben, Ibaizabal ibaiaren ertz biak lau minututan komuniketako anezkea eregiteko.
Alzagak Gobernu Kontseilutik pasau behar dan proiektuaren zenbait zehetasun emon ditu gaur osokoan. Ibaipekoaren galerietako batean, errepidearen azpitik beste tunel bat eregiko litzateke, metroaren unidadeak ibili daitezan, horretarako beheko galeria sendotzeko egin beharreko lanak egin eta gero. Baldintza teknikoak konplexuak dirala be adierazo dau, adibidez, trenek ibili behar daben maldea autoek eta kamioiek behar dabena baino askoz exijenteagoa dalako. Hori dala eta, aurreikusten da tunelek –trenbidekoak eta bidekoak– ibilbide desbardinak izango dituela ertzera heldu ostean.
Ibaipekoaren proiektuari jagokonez, foru diputatuak “ia amaituta” dagoala esan dau, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak foru agindua emotearen zain. Foru agindu horretan, holan eresten bajako, egungo IEAren (Ingurumen Eraginaren Adierazpena) aldaketea ezarri beharko da, eta bertan sartu beharko da anezkearen integrazinoa. Alzagak baieztu dauenez, proiektua gauzatuko balitz konektauko litzatekezan geltokiak Sestao eta Areeta izango litzatekez.
Beste gai bati jagokonez, Bizkaiko Talde Popularrak , Getxo eta Leioa udalerrietatik igaroten dan Metro Bilbaoren trenbidea lurperatzearen inguruko itaunak egin deutsoz Foru gobernuari. Udalek trenbideak osotzen dauen lubakia kentzea defendidu dabe, “uri-kohesinoa hobetzeko, kutsadura akustikoa murrizteko eta azalerea herritarren erabilera barrietarako libre ixteko”, Pablo Gómez-Guadalupe batzarkide popularrak gogora ekarri dauenez. Aldundiaren jarrerea argitzea eskatu dau, eta ea jarrera hori Eusko Jaurlaritzak adierazotakoagaz bat datorren, Legebiltzarreko erantzun batean baztertu egin ebalako obreagaz konpromisoa hartzea, eta gauza bera egin eban bideragarritasun azterlana bultzatzeagaz be.
Gai horretan, Carlos Alzagak mahai ganean jarri dau barriro lantzen ari dan Trenbideen Lurraldearen Arloko Plana, eta errespetu “osoa” erakutsi deutso Eusko Jaurlaritzak gai horren inguruan dauen eretxiari, “ados ez egotea bidezkoa dan arren”. Berretsi dauenez, Aldundiak LAParen eukia ezagutu ostean emongo dau bere eretxia, eta Bizkaiaren interesak defendiduko ditu.
BESTE ITAUN BATZUK
Osokoak suhiltzaileen bardintasun planari, trantsizino energetiko “justu, publiko eta jasangarria” bultzatzeari eta desgaitasuna daben personen inklusinoari eta parte-hartze aktiboari buruzko beste hiru itaun bideratu ditu.
Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak adierazo dauenez, Bizkaiko suhiltzaileen kidegoan emakumearen presentzia sustatzeko planaren helburua 2027ra begira emakumeen presentzia “bikoiztea” da, eta 12/2023 Legeak marketan dauen lez, zerbitzuan “apurka-apurka” emakume gehiago sartzea. Kota hori lortzeko, etorkizunean planteetan diran deialdietan emakumeentzat gordetako tasea handituko dau Aldundiak. Gaur egun, 21 emakume dagoz 486 langileko zerbitzuan, hau da, plantillearen % 4,3 emakumeak dira.
EH Bilduko Bea Ilardiaren eretxiz, Aldundiak planteetan dauen erritmoa ez da nahikoa izango legea beteteko, azkenengo eskaintzan eskeintzen diran 40 plazetatik “% 10” erreserbetea planteetan dalako, eta “baldintzatzaile” jakin batzuekaz ganera, adibidez emakume hautagaien puntuazinoa gizonek lortutako puntuazinoaren % 15etik behera ez egotea. Bere kalkuluen arabera, politika horreekaz emakumeek plazen “% 4,8a” izango dabe 10 urte barru, “% 8,6a” 20 urte barru eta “% 11,76a” 40 urte barru, % 33 horretatik urrun oraindino.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak energia sistema jasangarriagorantz aurrera egiteko Aldundiak martxan jarriko dituan neurrien ganean egin dauen Itaunean, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak, talde morearen babesagaz trantsizino berderantz joateko neurri fiskalak jasoten dituan barrikuspen fiskalaren onarpena ekarri dau gogora, baita energiaren kontsumoa murriztu eta energia garbiagoen erabilerea bultzatu gura dauen Aldundiaren Jarduketa Energetikoen Plan Orokorraren barruko jarduketak be.
Holan, eta 2006. urteaz geroztik, Aldundiak energiaren kontsumoa “% 31” murriztea lortu dau bere eraikinetan, eta “% 13” bere parke mobikorrean, Etxanobek baieztu dauenez. Enpresen arloan, Aldundiko arduradunak Bizkaian energiaren sektorean behar egiten daben eta “15.000” behargin dituen “200 enpresa” azpimarratu ditu. 20 handienek, horreetako batzuk “mundu mailako” liderrak, “3.000 milioi euroko” ekarpena egiten deutsee kutxa publikoei, hau da, lurraldeko zerbitzu publikoetan egiten dan inbertsinoaren herena.
EH Bilduk bideratutako beste Itaun batean, Foru gobernuak, desgaitasuna daben personen “benetako” parte-hartzea bermatzeko martxan jarri diran jarduketen errepasoa egin dau. Koalizino abertzaleak kritikau egin dau persona horreen Parte-hartzerako eta Bizi Kalidaderako Plan barriaren aurkezpenak urte biko atzerapena izatea, azkena 2021-2023 epealdirako zalako.
Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputatuak, persona horreen “aukera bardintasuna eta bizitza independentea lehenesteko” bere sailetik urtetan daben partidak zehaztu ditu. Azkenengo barritasunen artean, kulturarako eskubide “unibersala” sustatzen dauen eta gizarte arloko erakundeen eskutik zaurgarritasun egoeran dagozan personei eskubide horretara heltzeko erraztasunak emoten deutseezan Gertu Kultura Bizkaia programea martxan jarri izana aitatu dau. Aldundiko arduraduna bat dator EH Bildugaz, egoitzetako plaza kopurua handitzea eta balorazinoetan erantzuteko denporea hobetzea beharrezkoa dala esatean, “beste administrazino batzuk baino hobeto gagozan arren”, eta iragarri dauenez, “ekitaldi honen bukaeran” desgaitasunen bat daukien personentzako zerbitzu horreek indartzeko ibilbide orria markauko dauen plan barria aurkeztea aurreikusten dabe.
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Eguneko gai-zerrendan ahozko bost erantzun-eske sartu dira. Hiru EH Bildurenak izan dira, finantza erakunde jakin batzuen interesen eta komisinoen marjinaren zerga barrian, TMBk Arraizen dauen instalazinoan izandako istiluetan eta Gaztelugatxeko Donieneko Lankidetza Kontseiluaren sorrera egunean zentrauta.
Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak adierazo dauenez, Estaduan hilebete honetan bertan indarrean sartu dan zerga barria ezarteko prozesua bagilaren 6an amaituko dan aurretiazko kontsulta fasean dago. Foru gobernuak darabilen egutegia foru araua “urte honen bukaeran” Batzar Nagusietan onartu ahal izatea da, 2025ean indarrean sartu daiten.
Ahozko beste erantzun-eske batean, oraingo honetan Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiarena, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak baieztu dauenez, bakarrik dagozan adinbakoak artatzen dituan sareak “tentsionauta” jarraitzen dau, adinbako asko heldu diralako, baina adinbako guztiek banakako arreta planak daukiez.
Bukatzeko, PPk motozaleentzako babes hesiak instaletako planaren betete mailearen ganean galdetu dau. Gai horretan, Carlos Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak esan dau “2024ko bagilean” amaitu zala babes plana, azkenengo tartea instalauta, eta, beraz, betete mailea “% 100ekoa” izan dala. 2006tik babes hesi bereziak instalau dira Bizkaiko errepideetako “123,1 kilometrotan”, eta inbertsinoa “9,1 milioi eurokoa” izan da, urtean “500.000 eurokoa”, hain zuzen be.