ALDUNDIA BEHARREAN DABIL 2026AN AMAITUKO DIRAN BIZKAIKO AHALMEN HANDIKO BIDEEN KONTSERBAZINO, MANTENTZE-LAN ETA USTIAPENEKO KONTRATUEN LIZITAZINOAN

  • Carlos Alzaga Sagastasoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian adierazo dauenez, esleipenak AP-8ko, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideko (Supersur), Artxandako Tuneletako eta AP-68ko egungo kontratuak amaitu baino lehen ebatziko dira.
     
  • Plegu barriek enpresetako beharginen subrogazinoa jasoko dabe.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Lamiakoko ibai azpikoaren Ingurumen-inpaktuaren Adierazpen barria egin daiten Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena.


(Bilbon, 2025eko bagilaren 4an). Bizkaiko Foru Aldundia beharrean dabil daborduko ahalmen handiko bideen kontserbazino, mantentze-lan eta ustiapeneko kontratuen lizitazino barrien diseinuan, egungo kontratuak 2026an amaituko dira-eta. Etorkizuneko emakida horreek errepide sareko funtsezko azpiegiturei eragingo deutsee, besteak beste, AP-8ari, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideari (Supersur), Artxandako Tunelei eta AP-68ari. Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek Batzar Nagusietan eskatu daben agerraldian, pleguek beharginen subrogazinoa jasoko dabela esan dau. 

AP-8aren, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen eta Artxandako Tunelen kontserbazino, mantentze-lan eta ustiapeneko egungo zerbitzu-kontratuak 2026ko bagilaren 30ean amaituko dira. Bestalde, gaur egun Avasak kudeatzen dauen AP-68 autobidearen emakida-kontratua 2026ko zemendiaren 10ean amaituko da. Egun horretan, azpiegitura horren kontserbazinoa eta ustiapena Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetara itzuliko da. 

Lizitazinoa edo lizitazinoak Interbiak foru erakundearen bitartez egingo dira. Data zehatzak oraindino zehaztu barik dagozan arren, aurreikusten da ebazpenak bat etorriko dirala egungo kontratuak amaitzeko epeakaz eta AP-68aren Bizkaiko tartea Aldundiaren eskuetara itzultzeko dateagaz.


Gaur egun, lehenengo esleipenerako 13 hilebete falta diranean, lizitazinoen kopurua edo lizitazino bakotxaren modalitatea “ez dagoz zehaztuta”. Zerbitzu teknikoak hainbat espediente edo loteren ezarpena aztertzen eta baloretan dabilz, “eraginkortasuneko printzipioak eta legea eta indarrean dagoan araudia beteten dirala ziurtatzeko”.

Zerbitzuaren homogeneizazinoari eta kalidadeari buruz galdetuta, Alzagak argi itxi dau Aldundiaren helburu nagusia erabiltzaileari “kalidadezko zerbitzua” emotea dala, eta etenbarik hobetzean ari dala beharrean. Gaur egun, zerbitzuak hainbat erakundek emoten dituen arren, lizitazino pleguetan ezarritako baldintzak “antzekoak” dira exijentzia mailei eta kalidade estandarrei jagokenez, emondako zerbitzua bide guztietan “homogeneoa edo antzekoa” izango dala ziurtatuz.

Aldundiko arduradunak bideen artean kasuistika tekniko desbardina dagoala be azaldu dau; adibidez, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea eta Artxandako Tunelak batez be tunelak dira, eta “free flow” teknologia parziala erabilten dabe. Hori dala eta, behargin eta baliabide bereziak behar ditue. AP-8 autobidearen tarterik handiena aide zabalekoa da eta kabina bidezko kobrantza-sistemea erabilten dau. Supersur eta Artxandako tuneletako sistemea, barriz, mistoa da. AP-68ari jagokonez kobretako sistemea datuak transmitiduteko Interbiaken sarean integretea aztertzen ari da, eta horrek trantsizino-aldi bat eskatuko dau.

Agerraldia eskatu daben talde biek, EH Bilduk eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, hurrengo lizitazinoen formea, plantillen ganeko eragina, lanpostuen subrogazinoa eta lan-baldintzen homogeneizazinoa kontuan izanda sindikatuek eta beharginen ordezkariek gaur egungo lizitazinoen amaierearen aurrean daukiezan kezkak eta ardurak helarazo deutsiez Aldundiari. 

Horri jagokonez, Alzagak adierazo dau zerbitzuak emoten dituen personen lan-baldintzak enpresen negoziazino kolektiboaren esparruan ezarten dirala. Indarrean dagozan lizitazino pleguek argi eta garbi zehazten dabe esleipendunak “lan arloan eta Gizarte Segurantzan indarrean dagozan lege xedapen guztiak zorrotz bete behar dituala”. 

Oposizinoko taldeek hurrengo lizitazinoa dala-eta arduratuta dagozan sindikatuetako ordezkariakaz batzartzea eskatu deutsie Aldundiari. Richar Vaquero Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako ordezkariak, plegu barrietan subrogazinoaren derrigortasuna ezartea eskatu dau. EH Bildu taldetik, Raul Méndezek diputatuaren erantzuna “zehaztasunik bakoa” dala esan dau, enpresa emakidadunen lan-baldintzen eta zerbitzuaren prestazinoaren inguruan dauen “ardurea” agertuz, eta Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroalea be bat etorri da horretan. 

Alzagak erantzun dauenez, subrogazinoa “bai ala bai” egongo da, holango zerbitzuen kontratazinoan “derrigorrezkoa” dalako. Zerbitzuaren kalidadeari jagokonez, ez da kezkatzeko modukoa izan behar, bide horreen erabiltzaileen gaur egungo perzepzinoa “oso ondo altukoa” dalako. Diputatuak ukatu egin dau, baita be, AP-68aren kontratua luzatuko danik. 


AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK ETA ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA 

Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako batzordeak oposizinoko taldeen beste ekimen batzuk be bideratu ditu. Foru diputatuak, All-Iron zubi mobikorraren obren aldaketen eta joan dan martiaren 24an Asua eta Loiu artean BI-704 errepidean euriteen ondorioz sortutako ur pozuen inguruko ahozko erantzun-eske biri erantzun deutse. 

Lehenengo gaiari jagokonez, Alzagak azaldu dau hitzarmena sinatu dala Bilbao Ría 2000gaz, Interbiakek bere gain hartu daizan Barakaldoko ertzeko urbanizazino lanen zati bat aldatzeko obrak. Foru erakundea arduratuko da lana egiteaz eta Bilbao Ría 2000k ordainduko dau. Zehatzago esanda, beharrezkoa izango da “3,6 milioi euro” sartzea, eta, horren ondorioz, sei hilebetez atzeratu beharko da zubiaren edegierea, eta zubiaren azken kostua “29 milioira” igongo da. Hitzartutako aldaketa horren ondorioz, Interbiakek “43.000 euroko” inbertsinoa egingo dau pilote gehiago instaletako. Lanek “ez dabe” zerikusirik izango Itsasadarraren eskumaldean uholdeak saihesteko aldaketakaz, Bizkaiko Talde Popularrak iradoki dauen lez. 

Asuan eta Makro zentroaren inguruan gertatzen diran uholdeei eta ur-pozuei jagokenez, Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, gune hori 10 urteko errepikatze-aldia dauen uholde-arriskuko eremu lez dago katalogauta. Hain zuzen be, martiko jazoerea eurite handien eta Araunotegi errekearen sekzino hidrauliko faltearen ondorioa izan daitekela esan dau, eta, hori dala-eta, URAri (Uraren Euskal Agentziari) ibaiadar horren ahalmen hidrikoa hobetzeko jarduketa bat “gidatzeko” eskatu deutso. 


IBAI AZPIKOAREN INGURUMEN-INPAKTUAREN ADIERAZPENA 

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bat. Bertan, Interbiakek jatorrizko adierazpenean beren beregi baztertu ziran aldaketak proponidu ostean, hau da, obran leherketak erabilteko baimena emotea eta Ballontiko lotunean igarobide bat egitea, Lamiakoko ibai azpikorako Ingurumen-inpaktuaren Adierazpen (IIA) barria tramitetea planteau da. Oposizinoko ganerako taldeak –EH Bildu eta Talde Berezia– ekimenaren alde baina tunelaren kontra agertu dira, “ez dauelako inguru horretako mobikortasun arazoa konponduko” eta ingurumenaren aldetik “jasanezina” izango dalako. 

Raquel González bozeroale popularrak adierazo dauenez, proponidutako jarduketak ezin dira IIAren aldaketa soil batean sartu, eta Ballonti inguruan diseinautako bidezubi barriak eragingo dituan kalte larriak aztertzeko proponidutako leherketak “sakon eta segurtasun berme guztiakaz” aztertuko dituan Adierazpen barri batean aurkeztu behar diralako, personak, etxebizitzak eta ikastetxeak babesteko.

Foru gobernuari eusten deutsien taldeek proposamenaren kontrako botoa emon dabe. Irene Edesa jeltzaleak “mikroleherketak” defendidu ditu, obra publikoan teknika “segurua eta oso erabilia” dalako, eta, horri esker, “lanak bizkortu eta herritarrentzako eragozpenak murriztu ahal izango diralako”. Leherketak “karga txikikoak” izango dira, monitorizau egingo dira eta “eragin txikieneko” ordutegietan egingo dira, defendidu dau. Aldaketek “zorrotz beteten dabe ingurumenari buruzko araudia”, esan dau.