ALDUNDIAK SANTIAGO KATEDRALEKO MERKATARITZAKO LOKALAK ZAHARBARRITZEKO LANAK GAINBEGIRATUKO DITU, “MODU EGOKIAN” EGIN DAITEZAN

  • Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputatua Batzar Nagusietara etorri da, EH Bilduk eskatuta, monumentu historikoaren eranskinetan egiten ari dan esku-hartzearen “aldeko” txostena azaltzeko.
     
  • Aldundiko Kultur Ondare Zerbitzuaren txostenak ondorioztatzen dauenez, fatxadaren egoera orokorra (hormak eta kontrahormak) “eskasa” da, baina emoten dau ez dagoala arriskurik higituezinaren egiturazko egonkortasunerako, ezta bere eraikuntza sistemen osotasunerako be.

 
(Bilbon, 2025eko ekainaren 11n). Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur egin dauen agerraldian adierazo dauenez, Aldundiko Kultur Ondare Zerbitzuak, Bilboko Santiago katedralaren absideari erantsitako lokalen esku-hartze arkeologikoari oneretxia emon ostean, esku hartzea “modu egokian” egiten dala “gainbegiratuko” dau, eta “halan egiten dala ziurtatuko dau”. Erakundeak sei lokal komertzial birgaitzeko proiektuak, batzuk XVI. mendearen amaierakoak, legeak ezarritako baldintza guztiak beteten dituala bermatu gura dau. 

Batzorderatzea Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera, Kultura eta Kirol Batzordean izan da, EH Bildu taldeak eskatuta. Helburua lokal komertzialen ondare-balioespena eta Bilboko Santiago Katedraleko absideko hormen egoerea aztertzea zan, baita horreekaz erlazionautako esku-hartzeko erispideak be. Diputatu andreak azaldu dauenez, Kultur Ondare Zerbitzuak “aldeko” txostena emon eutsan 2024ko urrian Bilboko Santiago plazatxoan establezimendu komertzialak egiteko proiektuari, eta 2024ko maiatzean absidearen ondoan egozan lokalen obrea eta esku-hartze arkeologikoa be baimendu ebazan. 

Aldundiko Kultur Ondare Zerbitzuak egindako txostenaren ebaluazion esaten danez, hormei atxikitako establezimendu komertzialek “ez deutse katedralari baliorik emoten ikuspegi arkitektonikotik” (benetakotasuna, originaltasuna, eraikuntzaren kalidadea edo antxinatasuna), baina ondare immaterialaren ikuspegitik “zer edo zelango interesa” izan leikie, lau mende baino gehiagotan izandako presentzia historikoarengaitik. 


Establezimendu komertzialen egiturea kendu ostean ikusi diran kalteak gorabehera, txosten teknikoaren esanetan “lehenengo begiratuan ez dau emoten higituezinaren egiturazko egonkortasuna eta eraikuntza sistemen osotasuna arriskuan dagozanik”, adierazo dau Arrizabalagak. 

EH Bilduko Aitor Llano, barriz, arduratuta agertu da Kultur Ondarearen Zerbitzuaren txostenaren inkongruentziarengaitik. Txostenaren arabera, lokal komertzialek ez deutsie balio arkitektonikorik emoten katedralari, eta “epe ertain eta luzera” kendu egin beharko dirala onartzen dau. Llanok ez daki zenbatekoa dan epe hori, “urteak, hamarkadak edo mendeak”. Ganera, zalantzan jarri dau zergaitik ez dan eskatu inguruaren zaharbarritze-proiektu “zientifikorik”. 

Ondorioei jagokenez, EH Bilduko batzordekideak esan dau baimenak kalte egiten deutsola kultur ondarearen babesagaz eta lurzoru publikoaren okupazinoagaz erlazionautako “interes publikoari”. Adierazo dauenez, lokalak barriro instaleteak ez ditu bermatzen legeak eskatzen dituan “15 metroko espazio libreak inguruan”, eta azpimarratu dau auzotarrei kalte egingo deutseela, gehienbat turistikoa dan publikoarentzako “larregizko ostalaritza-eskaintzea” ekarriko dauelako. Izan be, onuradun bakarrak establezimendu komertzialen jaubeak izango dira, horreetako asko “kalidade bereiziko eskaintzea” ez daben “frankiziak”.


BIZKAIKO KARATE FEDERAZINORAKO HAUTESKUNDEAK

Beste agerraldi batean, foru diputatuak, bere saila Bizkaiko Karate Federazinoko hauteskundeetarako epea urrira arte luzatzearen alde agertu izanaren errazoiak azaldu ditu, bere eretxiz, azkenengo hilebeteetan kolektiboan izan diran gertakari batzuek eragin negatiboa izan leikielako hauteskunde prozesuan, batez be hauteskunde erroldaren elaborazinoan, eta ezinbestekoa dalako jakitea zeintzuk diran parte hartu leikien klubak. Aldundiak “zuhurtziaz” jokatu dau luzapena emoterakoan. 

Bizkaiko hainbat klubek Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean aurkeztutako errekursoa izan zan Federazinoaren justifikazino nagusia luzapena eta Aldundiaren ondorengo oneretxia eskatzeko. Errekursoa Bizkaiko Karate Federazinoko presidenteak altak batzuk tramitera ez onartzeagaitik aurkeztu zan. Horrek hauteskunde prozesuan parte hartzea eragozten eutseen klub batzuei. Jorrailaren 1ean, Kirol Justiziako Euskal Batzordeak klub horreek eskatutako kautelazko neurriak modu parzialean onartzea erabagi eban. 

Hori dala eta, oposizinoko taldeek Euskera, Kultura eta Kiroleko Sailaren esku-hartzea eskatu dabe, egoera hori desblokeetako eta hauteskunde prozesu “garbia, bidezkoa eta gardena” ziurtatzeko. Rakel Goñi Lacar EH Bilduko batzordekideak “hauteskundeak berandu baino lehen deitu daitezala” eskatu dau, eta arazoa konpontzeko “ahal dauena” egin daiala eskatu deutso Aldundiari, kirol denporaldi barriaren hasieran prozesua luzatzea umeentzat kaltegarria izango litzatekelako. 

Aldundiak adierazo dauenez, luzapen horrek ez deutso kalterik egiten federazinoaren eta eskolen ohiko jardunari. Bere eretxiz, Aldundiaren zeregina eskuordetutako funtzino publikoak beteten dirala bermatzea da, hauteskunde-prozesuak, adibidez, eta araudiak eta estatutuak legeagaz bat datozala ziurtatzea. Izan be, Aldundiak “ezin dau esan zein klubek parte hartu daikien federazino batean”. Arrizabalaga normaltasunera bueltetearen eta klub “guztiek” hauteskunde prozesuan parte hartu ahal izatearen alde agertu da.