ALDUNDIAK, AURRETIK UDALETAN AKORDIOA BADAGO BAKARRIK AURKEZTUKO DAU UDALEN FINANTZAKETEARI BURUZKO FORU ARAUAREN AURREPROIEKTUA
- Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, Ager Izagirre Loroño Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, “zuhurtasuna” eta horretarako sortutako batzorde mistoari “behar egiten ixtea” eskatu dau, “adostasunezko” eredua lortzeko.
- Oposizinoko taldeek “bizkortasun handiagoa” eskatu deutsie, araua Legealdi honetan aurkeztu ahal izateko.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek kontrako boto barik onetsi ditue Mundakako banderea eta armarria batzordean.
(Bilbon, 2025eko bagilaren 9an). Ager Izagirre Loroño Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, udalen finantziazino ereduaren barrikuspena aztertzeko. Bere esku-hartzean, Aldundiko arduradunak argi eta garbi adierazo dau Aldundiak aurretik Bizkaiko udalen artean eta udalakaz akordioa eta adostasuna badago bakarrik aurkeztuko dauela Toki Ogasunei buruzko Foru Araua aldatzeko aurreproiektua. “Akordiotik eta adostasunetik bakarrik eroan ahal izango da aurrera”, esan dau, eta azpimarratu dauenez, Bizkaiko udalerrien finantziazino eredua “ez dago bakarrik Aldundiaren esku”.
Aldundiko eta EUDELek izendatutako udaletako ordezkariek parte hartzen daben eta barrikuspen horren ardurea dauen batzorde mistoa 2022ko martiaren 16an eratu zan, laster 20 urte beteko dituan Toki Ogasunei buruzko abenduaren 16ko 9/2005 Foru Araua eguneratzeko. Laneko prozesua batzorde mistoaren eta batzorde tekniko baten bidez egituratzen da. Batzorde hori da azterlan teknikoaren eta proposamenak egitearen arduraduna.
Orain arte funtsezko ardatz biren azterketan egin da aurrera. Lehenik eta behin, erispide sozialen azterketea 2023ko urtarrilaren 30ean amaitu zan. Gizarte Zerbitzuen Foru Funtsa eta Gizartekutxa Udalkutxan sartzea erabagi zan, baina SATetik eratorritako funtsak eredutik kanpo geratu ziran, etorkizunean izango daben bilakaereari buruz dagoan ziurbakotasuna dala eta.
Ingurumen arloko erespideei jagokenez, 2024ko maiatzaren 23an ekin jaken barriro arlo horretako lanei. Batzorde teknikoak hainbat bilera egin ditu 2024an eta 2025ean (2024ko garagarrilaren 1ean, urriaren 14an, gabonilaren 16an eta 2025eko jorrailaren 15ean), hainbat erispide baloretako, horreen artean hondakinen kudeaketea, biztanleriaren dentsidadea, hondartzak eta elementu naturalak. Erispide horreei buruzko azkenengo bilera teknikoa uda baino lehen egitea aurreikusten da. Bilera horren ondoren, hausnarketak eta ondorioak batzorde mistoari helarazoko jakoz, balorau eta erabagi daian.
Foru diputatuak prozesua amaitzeko eta aurreproiektua aurkezteko epeei jagokenez zuhurtzia behar dala azpimarratu dau. Nabarmendu dauenez, ekimena 2023-2027 agintaldirako “Bizkaia Goazen” planean jasoten dan arren, horren arrakastea, batez be, udalerrien euren artean lortutako adostasunaren araberakoa izango da. Horri jagokonez, adierazo dauenez Bizkaiko Foru Aldundiak “ez dau inoiz ordeztuko Bizkaiko udalerrien borondatea udalerriek parte hartu barik, euren baimen barik eta gaitutako foroetatik kanpo egindako proposamenakaz”.
Toki Ogasunei buruzko Foru Araua aldatzeko aurreproiektua egin eta gero, Batzar Nagusietan izapidetzen danean zabalduko da horren barri jente guztiarentzat. Izagirrek eskertu egin dau batzordeetan egiten ari dan “lan gogorra”, eta udaletako ordezkariei eta batzorde teknikoari “lan egiten ixteko” eskatu deutse, euren erritmoak zehaztu daiezan. Hori dala eta, ez dau Batzar Nagusietako taldeen arteko eztabaidea zabaltzea ahalbidetuko dauen aurreproiektua aurkezteko datarik jarri gura izan.
Oposizinotik bizkortasun handiagoa eskatu da, arau proiektua legealdia amaitu aurretik adostu eta onartu ahal izateko.
ETORKIZUNEKO EGOITZA PLANAREN AURREKO TXOSTENA
Batzorde berean, Aldundiak gaur aurkeztu deutse Batzar Nagusietako taldeei etorkizunean herritarren arretea hobetzera zuzendutako egoitzen planaren aurreko azterlana. Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak azaldu dauenez, azterlanak funtsezko bost helburu ditu: herritarrei emoten jaken arretearen kalidade eredua hobetzea, administrazinoaren eraginkortasuna hobetzea, erakundearen gastua murriztea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta funtzionarioei lanerako ingurune egokiagoa emotea.
“Herritarrei arretea emoteko eredua eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitzen Plana” izeneko dokumentuak, 2018an egindakoari jarraipena emoten deutson txosten “luzeak”, etorkizuneko Egoitzen Planaren abiapuntu izan behar dau, eta agintaldiko Bizkaia Denontzat planean adierazoten dan lez, plan horrek laneko eta herritarrakazko hartu-emonetarako eredu barrietara egokitu gura ditu foru egoitzak.
Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko udalerrian dagozan 16 Foru Erakundeek 31 eraikin okupetan ditue guztira; horreetatik 19 jaubetzan dagoz, 11 alokairuan eta 1 erregimen mistoan. Foru Aldundiarenak ez diran 12 zentroek 2,6 milioi euroko gastua eragiten dabe alokairuetan. Izagirrek adierazo dauenez, egoitzak zentralizetan badira, Legealdi bakotxean “10 milioi euro” aurreztu daikez, gehi eskalako ekonomiaren beste onura batzuk (aurrezpena mantentze-lanetan, energian, mobikortasunean...).
Txostenaren arabera, hemendik aurrera, Aldundiak geroago aztertu beharko diran hainbat aukera izango ditu: lekualdaketa txikiak gaur egungo egoitzen artean, horreetako batzuk kenduz, bertan emoten diran zerbitzu batzuk bateratzeko edo batzeko aukereagaz. Beste ildo batetik, orain sakabanatuta dagozan sailen araberako bateratzea planteetan da. Eta, bukatzeko, Aldundiak emoten dituan zerbitzu gehienak batzea jasoten da, aukera bitan oinarrituta: Bilbon eraikin handi bat alokatzea (gitxienez 20.000 metro karratukoa) edo egoitza barri bat eregitea.
Hortik aurrera, aukerak zabaldu egiten dira eta “hausnarketa eta azterketa sakona” egin beharko da, kontuan hartuta, batez be, bultzatu gura dan herritarrentzako arreta-ereduaren definizinoa, eta baita barne-antolaketa eta koordinazinoa, Aldundiko beharginen lan-baldintzen hobekuntzea, higituezinen merkaduaren errealidadea eta eragiketa horreen kostuak be. Izagirrek ohartarazo dauenez, “apliketako denpora asko beharko daben erabagi estrategikoak dira”.
Foru gobernuari eusten deutsien taldeen aldetik, txostena konponbide onena bilatzeko “abiapuntu ona” dala zehaztu da. Bien bitartean, Elkarrekin Bizkaiak garraio publikorako irisgarritasuna eta Gertu bulegoek dakarren deszentralizazinoa kontuan hartzea eskatu dau. PP taldearen eretxiz, plana “oso beharrezkoa” da, eta “denporan iraunkorra” izatea eta “burokrazia murrizteko” balio izatea eskatu dabe. EH Bilduk, bere aldetik, kritikau egin dau PWC aholkularitza-enpresak egin dauen txosten barrian ez aitatzea Gertu bulegoak, egoitzen irisgarritasunaren gaia, energia-eraginkortasuna edo beharginen telelanerako neurriak, besteak beste. Aldundia “apur bat noraezean dabil”, ez dagoalako hausnarketa estrategikorik “egoitzen kokapenaz harago”, Arantza Sarasola Lartategi batzordekideak kritikau dauenez.
MUNDAKAKO BANDEREA ETA ARMARRIA
Beste alde batetik, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak Mundakako Udalaren osokoak udalerriaren armarriaren eta banderearen inguruan hartutako akordioa onetsi dau, Bizkaiko Talde Popularraren abstentzino bakarragaz. Behin betiko ofizial izateko Batzar Nagusien hurrengo osokoan onartu beharko da.