ALDUNDIAK AZTERLAN TEKNIKOA ETA EKONOMIKOA ESKATUKO DEUTSO BGP-RI LEIOAN ETA GETXON METROA LURPERATZEKO LANAK BALORETAKO

  • Proposamena Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak iragarri dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusien osokoan.
     
  • Gernikako Batzarretxean egindako saio berean, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak lankidetzarako deia egin dau, ingurune geopolitiko “kezkagarri eta konplejuan” Bizkaian industria bultzatzeko.


(Gernikan, 2025eko zezeilaren 26an). Gernikako Batzarretxeak urteko kontroleko bigarren osokoa jaso dau gaur goizean. Gai zerrendea bederatzi gaik osatu dabe, Itaunen (4) eta ahozko erantzun-eskeen (5) artean. Eguneko gai zerrendako azkenengo puntuan, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, Bizkaiko Talde Popularrak egindako erantzun-eskeari erantzunez, Aldundiak Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) Bilboko Metroaren 1. linea Leioa eta Getxo artean lurperatzea balorauko dauen azterlan teknikoa eta ekonomikoa egitea eskatuko deutsola iragarri dau. 

Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, eskaera hori egin baino lehen, Euskadiko Trenbideen Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) barrikuspena bete behar da, Aldundiak “bultzatu ahal dauen arren Eusko Jaurlaritzari eta ETSri jagokelako behar diran aldaketak egitea”, gaur egun ia osorik lur gainean doan Bilboko metroaren trazau-aldaketea planteau ahal izateko.

Osokoan, Bizkaiko Talde Popularrak “ausardia” eskatu deutso Foru Aldundiari “lehenengo pausuak” emoteko, Leioako eta Getxoko udalek trenbideak lurperatzeko eskatu ostean, “Bizkaiaren etorkizunerako funtsezko azpiegiturea dalako”, adierazi dau Pablo Gómez-Guadalupe batzarkideak, eta egungo ibilbideak Eskumaldeko herri bietako hainbat auzo “bitan zatitzen” dituala salatu dau.

Alzagak barriro esan dau BGPk txostena egin eta gero Euskal Trenbide Sareari (ETS) jagokola Bilboko Trenbide Metropolitarraren sarea eregiteko plana onartzea, baita “horren aldaketak eta luzapenak” be, eta Eusko Jaurlaritzak hartzen dituala bere gain azpiegitura-lan horreen “kontratazinoa, zuzendaritzea eta ikuskapena”. Lurralde Plan Sektorialak “egokientzat jotako aukerak” jaso beharko ditu, besteak beste, udalerri biek eskatutakoak. Udalerri biak BGPra jo dabe daborduko, lurperatze hori aztertu daian.

INDUSTRIA SEKTOREARENTZAKO LAGUNTZEA

Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Itaun batean Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia atrilera igon da Aldundia Bizkaian industria sustatzeko egiten ari dan beharra defendiduteko. AEBen politika protekzionistea, Europako industriaren pisu galerea, Ukrainaren inbasinoa edo lurraldeko sare elektrikoaren gabeziak dirala eta, “kezkagarri eta konplexu” lez definidu dauen egoeran, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradun nagusiak esan dau ez dala paralisirik egon behar, “ezta arinegi hartu beharreko erabagirik be”.

Egoera horren aurrean, Etxanobek lurraldeko industria bultzatzeko lankidetzarako deia egin dau. Bizkaiak bertako industria-saretik oso gertu egoten jarraituko dau, eta lankidetza publiko-pribaduan beharrean jarraituko dau, aberastasuna eta kalidadezko enpleoak sortzeko. Lankidetzarako espiritu horretan Ahaldun Nagusiak bat egiteko konbitea egin deutse Batzar Nagusietako taldeei. “Une egokia da proposamenak egiteko” eta Foru gobernua horreek “entzuteko eta ezarteko prest dago”, beharrezkoa bada.

Aldundiaren hartzekoan, Etxanobek bakarka edo beste erakunde batzuekaz lankidetzan egin diran edo egiten ari diran ekintza “zehatzak” aitatu ditu. Lehenengo kasuan, enpresen lehiakortasuna bultzatzeko 51,4 milioi euroko zuzkidurea dauen 2025eko Laguntza Plana aitatu dau. Laster aurkeztu beharko diran Euskadiko eta Europako industria planen garrantzia be aitatu dau. “Preminazkoenari” jagokonez, Aldundiak industriaren defentsarako taldean parte hartu izana aitatu dau.

Ahaldun Nagusiak behin baino gehiagotan esan dau Bizkaiak “aukerak bilatu” behar dituala, eta ikerketearen, barrikuntzearen eta teknologia barrien eta deskarbonizazino ereduen bidezko elementu bereizgarriak aitatu ditu etorkizunean kontuan hartu beharreko puntu lez. Azkenengo horretan, Bizkaia energiaren sektorean “abangoardiaren buru izan daitekela” uste dau, EIC lako proiektuakaz.

Diego Pagadigorria batzordekide popularrak, bere aldetik, datuak “oso negatiboak” dirala esan dau, eta aldaketarik sartzen ez bada egungo eredu industrialak “porrot egingo dauela” berretsi dau. Horretarako, Industria Produkzinoaren Indizearen (% -3,6 2024an), industriako enpleoaren jatsieraren (% -10 2023an), industriako zoru garestiagoaren (% +20) edo % 0,7koa baino ez dan atzerriko inbertsinoaren datuak erabili ditu.


GIZARTE-ZERBITZUEN KALIDADEA

Beste alde batetik, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Gizarte Zerbitzuetako zuzendarien azkenengo txostenari buruzko itaunak egin deutsoz Foru gobernuari. Txosten horrek erakusten dauenez, Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Garapen Indizea “altua” dan arren, bere sistemea “ez da eraginkorra”, “eraginkortasun txikiena” dauen laugarren Autonomia Erkidegoa da-eta. Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroaleak bost puntu atera ditu txostenetik. Puntu horreetan Euskadi erkidegoetako rankingaren azkenengo postuetan dago. Item horreek biztanle bakotxeko behargin ratioa, egoitzetako plaza publikoak, etxez etxeko laguntza zerbitzuak, eguneko zentroen estaldurea edo desgaitasuna daben personentzako egoitza plazak dira.

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputatuak zalantzan jarri dau txostenaren kalidadea, ez dalako “Aldundiak lanerako erabilten dauen dokumentua”, bere berbetan azterlanak berak emoten diran datuetan “homogeneotasun faltea” dagoala onartzen dauelako. Aldundiko arduradunak bertan agertzen diran beste datu batzuk azpimarratu ditu, Euskadik Estaduko nota orokor “altuena” daukala, adibidez. “Definizino altua lortu dauen bakarra da eta bikainera heltzeko hamarren gitxi falta jakoz”, esan dau.


ESKOLA-KIROLA ETA DESGAITASUNA DABEN PERSONAK
 
Beste Itaun baten bitartez, EH Bilduk desgaitasuna daben umeei Eskola Kirola egin ahal izatea bermatzeko moduaz galdetu deutso Foru gobernuari. 21 urtetik gorako personen kolektiboetan eta adinekoentzako zahartze osasuntsurako politiketan “arazoa” dago. “Preminazkoak dira zeharkako politikak” Gizarte Ekintzarako eta Euskera, Kultura eta Kirol sailen artean, kolektibo horren beharrak eta persona horreek kirola egiteko daben eskubidea beteteko, Rakel Goñi batzarkidearen berbetan.

Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol Foru Diputatuak onartu dauenez “ez da erraza” gai horri erantzutea, desgaitasuna daben personen beharrak “asko” eta “askotarikoak” diralako, baina Bizkaian kolektibo horrek kirol modalidate askotan parte hartzeko aukerea dauela defendidu dau. Tesi horren alde egiteko, Aldundiko arduradunak zifra honeek emon ditu: joan dan denporaldian desgaitasuna daben “220” umek hastapeneko kirol jardueretan parte hartu eben, eta “201ek” kirol topaketak jokatu ebezan. Parte-hartze hori 18 eskolatan eta 58 kirolgunetan egin zan.


NAZIEN BIKTIMEN MEMORIA

Saioan, koalizino abertzaleak mahai gainean jarri dau euskal gizarte zibila eta udal batzuk, Sestao, Portugalete eta Busturia, besteak beste, II. Mundu Gerran nazien kontzentrazino esparruetara bialdu ziran “113 bizkaitarren” memoria berreskuratzeko egiten ari diran beharra. Bea Ilardia batzarkideak galdetu dau ea Foru gobernuak aintzatespen ofizialik egingo dauen, baita dibulgazinozko azterlan edo jardueraren bat be, belaunaldi barriek “ahaztutako historia” hori ezagutu daien.

Aldundiak Gogora Memoriaren Institutuagaz lankidetzan dihardu biktima horreen memoria berreskuratzeko. Erakunde horrek bultzatu dau Etxahun Calparsoro ikerlariaren “La deportación de los vascos a los campos del Tercer Reich (1940-1945)” izeneko azterlana. Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak adierazo dauenez, azterlana “eginda dago” eta egileak balorau beharko dau lan akademikoak “jarraipena” izango dauen ala ez. Horretarako, gai honetan egiten dana erakundeen arteko “plan komunaren” barruan adostu behar da.

Aldundiko arduradunak zehaztu dauenez, 243 euskal herritar deportau ebezan Mauhaussenera, eta horreei beste kontzentrazino esparru batera bialdu ziran 10 emakume gehitu behar jakez. Txostenak esaten dauenez, 39 deportau hil egin ebezan, 7 desagertuta dagoz eta ganerakoek bizirik urten eben, baina, antza, asko ondorio larrien ondorioz hil ziran.


BESTE GAI BATZUK

Saioan, Batzar Nagusietako taldeek Aldundiaren eskumenen artean dagozan beste gai batzuen inguruan galdetu dabe. EH Bilduk, esate baterako, itsasadar azpiko tunela martxan jarteak ekarri leiken trafikoaren igoerearen, Ontziak biltegiratzeko, Ixteko eta Itzultzeko Sistemen ezarpenaren edo sexu indarkeriaren biktimentzako krisi zentroetako giza baliabideen ganean galdetu dau. Modu berean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak gauza bera egin dau Ehizari buruzko Legea aldatzearen inguruan, ehizaldietako laguntzaileak, adinbakoak barne, lizentziarik barik joan ahal daitezan.