4. LINEAREN TRAZAUAN, ENKARTERRI, ERREKALDE ETA IRALA BILBOKO ERDIUNEAGAZ LOTZEA “LEHENTASUNEZKO PREMISATZAT” HARTUKO DAU ALDUNDIAK

  • Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak EH Bilduri Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoan erantzun deutsonez, bere Gobernuak oraindino behin betiko trazauari buruzko erabagiak hartu barik dagoan obra hori finantzetako konpromisoagaz jarraitzen dau.


(Gernikan, 2024ko zemendiaren 27an). Gernikako Batzarretxeak Bizkaiko Batzar Nagusietako ikasturte politiko barriko bigarren kontroleko osokoa hartu dau gaur goizean. Eguneko gaien zerrendan, oposizinoak erregistrautako zortzi gairi –hiru itaun eta ahozko bost erantzun-eske– buruzko erantzunak topetako: metroaren 4. linearen proiektuaren aurrerapena, Aldundiaren hizkuntza erespideak, Garbiguneetako ikuskapen eta segurtasun neurriak, ibai azpiko errepideari buruzko liburuxka baten kostua, zaharbarritze lan batzuetan La Encartadako makinak babesteko neurriak, Bizkaiko toki erakunde txikien finantzaketea, txikizkako tokiko merkataritzea digitalizetako ekimenak edo Bidebieta eta Sollubeko gainaren arteko BI-635 errepidearen trazaua hobetzeko epeak. 

Foru gobernuak emondako erantzunetako batean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan dau Eusko Jaurlaritzak Metroaren 4. linearako aurkeztuko deutsazan alternatibak aztertuko dituala Aldundiak, “erabagirik egokiena” hartzeko. Holan, Etxanobek adierazo dauenez, bere gobernuak, Enkarterri, Errekalde eta Irala auzoak eta Basurtuko ospitalea Bilboko erdiuneagaz lotzea “lehentasunezko premisa” lez markauko dau finantzaketarako (Aldundiak obraren kostuaren % 50 ordaindu beharko dau). Holan, bere Gobernuak Eusko Jaurlaritzagaz alkarlanean jarraituko dauela esan dau, “alternatibarik onena negozietan saiatuz”.

Ahaldun Nagusiak holan egin dau berba Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoan, EH Bilduk egindako itaunari erantzutean. Izan be, Raul Mendez batzarkideak esan dauenez, penagarria da ikustea 4. linearen proiektua “asko atzeratzen ari dala” eta “Bilboko hegoaldeko auzoakazko zor historikoa konpontzetik urrun dagoala emoten dauela”. “Auzotarrek ziurtasunak eta data jakinak gura ditue”, eta ez dabe gura abiadura Handiko Trenaren Abandoko geltokiaren diseinuagaitik eraikuntzea “baldintzatzerik”, eskatu dau.

Holan, Mendezek adierazo dauenez, auzotarrak Moyuatik igaroko dan trazauaren alde dagoz, eta “erakundeen eta alkarteen arteko lankidetzarako eta konfiantzarako esparrua” aldarrikatu dau, ahalik eta arinen definiduteko zein dan lehenago gauzatu daiteken alternatibea, eraginkorrena eta ahalik eta arinen errealidade izan daiten finantziazinoa izango dauena”. Etxanobek iragarri dauenez, datorren astean bere Gobernuko kideak Metro Línea 4 Plataformako kideakaz batzartuko dira, hareen eskariak “entzuteko”.

Bere erantzunean, ahaldun nagusiak, “lurraldea gizarte eta lurralde kohesinoan oinarrituta egituratuko dauen” garraio publikoagaz Aldundiak daukan “konpromiso sendoa”, eta, beraz, azpiegitura hori gauzatzen Eusko Jaurlaritzagaz lankidetzan aritzeko konpromisoa, berretsi dau, orain urte batzuetatik 1., 2., 3. eta 5. lineen kofinantzaketan egin dauen lez. Dana dala, zehaztu dauenez, “proiektu horren egunerokotasuna ez da Aldundiaren erantzukizuna, ezta beste trenbide proiektu bakar batena be”, ez dalako Aldundiaren eskumena, Eusko Jaurlaritzarena baino.

Etxanobek gogora ekarri dauenez, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 4. linea eregiteko akordioa daukie, “daborduko existiduten dan trenbide azpiegiturea ahal dan neurrian aprobetxauz eta Abandon metroaren ganerako lineakaz, Aldirikoakaz, tranbiagaz eta abiadura handiko trenagaz lotuz”. Hori dala eta, 2023ko hasieran, Eusko Jaurlaritzak 15 hilebeteko epeagaz esleitu eban eraikuntza-proiektua idazteko kontratua, baina beste urtebetez luzatu da, iragarri lez, Abandoko geltokiaren diseinua dala-eta lur azpiko trazadurak izango leuken eragina ezagutzeko.

Testuinguru horretan, Aldundiak “sakon” aztertuko dau Eusko Jaurlaritzaren azkenengo proposamena, Abandon beharrean konexinoa Moyuan zehar izango dauen “adostutako trazauaz besteko” ibilbidea izango dauena. Azaldu dauenez, bere Gobernuak, momentuz, “hasierako proposamena” baino ez dauka, eta “zehaztasun eta informazino gehiago” eskatu deutso Eusko Jaurlaritzari.

 

SOLLUBEKO TUNELA

Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak BI-635 errepidearen Bidebieta eta Sollubeko gainaren arteko trazaua hobetzeari buruz galdetu deutso Aldundiari. Proiektua 2023ko martian aurkeztu eta 2027an amaitzea aurreikusi zan.

Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak adierazo dau oraindino izapideak falta dirala errepide horren egikaritzeari datea jarteko, izan be, legezko hainbat pausoren ostean, eraikuntza proiektuak eta aurrekontuak Bizkaiko Batzar Nagusien iragazkia igaro behar dabe behin betiko balioesteko. Bere berbetan, “2 edo 3 hilebete” falta dira Foru Aldundiko Ingurune Naturala Sustatzeko Sailak ingurumen azterlanaren irismenari (oinarrizko trazauaren finkapena) buruzko agiria onartzeko, eta horren ostean “beste mugarri batzuk” etorriko dira. 12 hilebete eraikuntza-proiektua behin-behinean onartzeko, gehi ingurumen-inpaktuaren ebaluazinoa eta jente-aurreko informazinoaren hasierea; 5 hilebete ingurumen-inpaktuaren eskaerea egiteko; eta beste 4 hilebete alegazinoak ebazteko eta eraikuntza-proiektua behin betiko onartzeko. Horren ostean, obra lizitau eta egikaritzeko lanak etorriko dira. Bukatzeko, eta proiektuak Kontu Publikoetan izango dauen eragin ekonomikoa dala-eta, Bizkaiko Batzar Nagusietatik igaro beharko da, urteko Aurrekontuetan estu sartuta.

Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak emondako berbea ez betetea penagarria dala esan dau. “Ez da ezer beteko. Ez dago ezer egiteko aurreikuspenik eta dana aztertzen dago oraindino”, adierazo dau. Proiektua Batzar Nagusietan izapidetzea da Aldundiak gaur mahai gainean jarri dauen atxaki barria, aurretik “luzaroan” iragarritako proiektua atzeratzeko krisia, covida edo ibaipekoa lako beste azpiegitura batzuen eraikuntzea atxaki lez erabili eban moduan.

Alzagak erantzun dauenez, Aldundiak “ez ditu inoiz moteldu bide horren diseinu lanak”. Azken urtean, “110.000 euro” inbertidu dira aurretiazko dokumentuak egiten. Eta 2025erako, “1.150.000 euroko” inbertsinoa aurreikusten da eraikuntza proiektua idazteko.