ALDUNDIA 2029RA ARTEKO ENPLEGU PLAN BARRIAN OINARRITUKO DA EHUN NEURRI BAINO GEHIAGOREN BIDEZ LANPOSTUAK SORTZEKO
- Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko sailak 2020-2023 Enplegu Planaren ebaluazinoa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 2024-2029 Enplegu Lurralde Plana aurkeztu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan.
- Pandemiaren ondoren aktibautako enplegu planari esker 20.000 persona sartu dira lan merkatuan.
(Bilbon, 2025eko bagilaren 12an). Aldundiak, berak eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren 2020-2023 Enplegu Planaren balantzea eta 2024-2029 Lurralde Enplegu Plana aurkeztu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean. Enplegu arloko ibilbide orri barriak 4 erronka, 34 ildo estrategiko eta 112 jarduketa espezifiko ditu, lurraldean lanerako aukerak hobetzeko. “Eraldaketa handien” esparruan eregitako lanaren aldeko apustuak inklusinoa, gazteria, jasangarritasuna eta digitalizazinoa izango ditu ardatz, aurreko edizinoan 20.000 lanpostu baino gehiago sortzea lortu eta gero.
Teresa Laespada Martínez Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputatuak egindako aurkezpenaren arabera, Aldundiaren plan barriak lau erronka estrategiko nagusi jasoten ditu: enplegu inklusiboa eta eskubideduna sustatzea; gazteen emantzipazinoa erraztea; trantsizino ekologikoa eta digitala bultzatzea; eta gobernantza instituzionala hobetzea. Ildo horreek orientazinoko, aktibazinoko, lagun egiteko, autoenpleguko, zaintza-ekonomiako, digitalizazinoko eta etenbako ebaluazinoko jarduketen bidez gauzatuko dira.
Planak lurralde mailako egokitzapen ikuspegia jasoten dau, eskualde bakotxerako beren beregiko neurriakaz, bakotxaren errealidade sozioekonomikoaren arabera. Ganera, zeharkako ekitate, inklusino eta genero-ikuspegiko erispideak jasoten ditu.
Dokumentua aurreko planaren emaitzak ebaluau eta gero diseinau da, eta haren garapenean hautemandako hobekuntzak eta gomendioak txertatu dira. “Politikak emaitzen, kalidadearen eta eraginaren arabera ebaluau behar dira”, azpimarratu dau Laespadak plana Batzar Nagusietako taldeen aurrean aurkeztu dauenean. Hurrengo urteetarako helburua “aukerak eregiteko eta lan merkaduaren desorekei aurrea hartzeko proaktiboagoak izatea” da.
Aldundiko Enplegu Zuzendaritza izango da planaren buru, DEMA, Bizkaia Mikro, Lanbide, Sarekin Sarea eta ehun erakunde baino gehiagogaz koordinauta. Jarraipeneko Batzorde Tekniko batek bermatuko ditu ezarritako helburuen kontrola eta bilakaerea.
Plan barria bat dator Enpleguaren Euskal Legea, 2030 Agenda eta GJHak lako esparru estrategikoakaz, eta enpleguaren eta jasangarritasunaren arloko nazinoarteko beste estrategia batzugaz.
2020-2023 ENPLEGU PLANAREN EBALUAZINOA
Aurreko planaren (2020-2023 Enplegu Plana) ebaluazinoari jagokonez, Laespadak laburtu dauenez ibilbide orri horri esker 20.000 persona sartu dira lurraldeko lan merkaduan. Bizkaiko Foru Aldundiak 75 milioi euro inguru inbertidu ditu bertan definidutako enpleguari eta ekintzailetzeari laguntzeko jarduketak martxan jarteko. Guztira 41.805 personari lagundu jake.
20.000 laneratze horreei jagokenez, Laespadak zehaztu dau 9.000 ekintzailetza programei esker etorri dirala; 7.000 kontratazinorako biztugarrien bidez; eta 3.700 baino gehiago enplegurako laguntzen bidez. Inbertidutako euro bakotxeko, inbertsinoaren itzulkin soziala 2,15 eurokoa izan dala kalkuletan da.
Azken batean, inpaktuen eta emaitzen ebaluazinoari esker, 2020-2023 Enplegu Plana “enplegua Bizkaiko garapen ekonomikoa eta oparotasun kolektiboa bultzatzeko elementu lez jarteko tresna eraginkor eta efiziente lez” definidu ahal da. Plan horrek “nabarmen lagundu dau langabeziaren kostu sozial handiena jasaten daben personen laneratzea bultzatzen, baina baita Bizkaiko garapen ekonomikoan eta kohesino sozialean be”, laburbildu dau Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko diputatuak.