ALDUNDIAK 31 MILIOI EURO GORDEKO DITU BIZKAIKO AURREKONTUETATIK LURRALDEKO ENPRESA TXIKIEN ETA ERTAINEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO
- Bizkaiko Batzar Nagusiek 2025eko Aurrekontuak azaltzeko bigarren jardunaldia egin dabe, Ekonomia Sustatzeko diputatuaren eta Garraio, Mugikortasun eta Turismoa Sustatzeko diputatuaren agerraldiakaz.
- Ainara Basurko buru dauen sailak 80,5 milioi euroko aurrekontua izango dau. % 38 Bizkaiko ETEei laguntzak eta diru-laguntzak emotera bideratuko da, horreen modernizazinoa, digitalizazinoa eta jasangarritasuna bultzatzeko.
- Sonia Pérezek Aldundiaren hirugarren aurrekonturik altuena kudeatuko dau –208 milioi–, Garraio, Mugikortasun eta Turismoa Sustatzeko Saila bere esleipen ekonomikoa murriztu dauen bakarra izan dan arren, % 0,63a, hain zuzen be.
(Bilbon, 2024ko azaroaren 7an). 2025eko Aurrekontuak azaltzeko bigarren egunean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordean, Ekonomia Sustatzeko Sailari eta Garraio, Mugikortasun eta Turismoa Sustatzeko Sailari esleituko jakezan Kontuen zehaztapen gehiago ezagutu ditue Batzar Nagusietako taldeek. Bien artean ia 290 milioi euro erabiliko ditue, zuzenketa-eskeen eztabaidan aldaketarik ez badago.
Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurrekontuari jagokonez, enpresakaz eta personakaz daukan konpromisoa berresteko eta hiru trantsizino handietan (energetikoa-ingurumenekoa, teknologikoa-digitala eta sozio-demografikoa) pausuak emoten jarraitzeko programek, zerbitzuek eta ekimenek 80,5 milioi euro izango ditue, hau da, igaz baino % 2,58 gehiago.
Ainara Basurko saileko arduradunak gehien azpimarratu dauen gaietako bat da datorren urterako aurrekontu horren % 38a, hau da, 31 milioi euro, lurraldeko enpresa txikiei eta ertainei laguntzera bideratuko dala, batez be industria eta zerbitzu aurreratuei, enpresa lehiakorragoak lortzeko laguntzen bitartez.
Industriari eta zerbitzu aurreratuei laguntzeko ekimen hori izango da Ekonomia Sustatzeko Sailaren Gobernu-ekintza bideratuko dauen bost ardatzetako bat. 2025erako beste lau zutabeak, legegintzaldiaren hasieran aurkeztutako “Bizkaia denontzat” Agintaldi Planagaz bat datozanak, honeek izango dira: talentua bilatzea (6,6 milioi, % 23 gehiago), ekintzailetza aurreratua bultzatzea, eskualde-garapena ezartzea “aukera bardintasuna bilatzeko” eta lurraldea kanpoan sustatzeko ekintzak egitea ekitaldiak, inbertsinoak eta talentua erakarteko.
Azken atal horretan, diputatuak San Mamesen ospatuko dan gizonezkoen UEFAko finala eta bere taldeak 2026an Bizkaiak Europako errugbi finalak barriro hartzeko egin dauen beharra aitatu ditu. Nazinoarteko ekitaldi horreek eta beste batzuk erakarteak 2,4 milioi euro hartuko ditue aurrekontuetan.
Basurkok azpimarratu gura izan dau, baita be, 2025ean “bikaintasuneko” hainbat proiektuk aurrera egin dabela, hain zuzen be, BAT –B Accelerator Tower– ekintzailetza zentroaren bigarren fasearen garapenak, 8.000 metro karratu gehituta; EICren (Energy Intelligence Center) gobernantzea martxan jarri izanak; FAZentzako (Fabrikazio Aurreratuko Zentroa) plangintza barriak; eta oraintsu martxan jarri dan Biqain proiektuaren “erabilerearen lehenengo pausuak” lortzeak.
Basurkok, 47 udalerri eta lurraldearen % 41,5a hartzen dituen eskualdeko bost plan estrategikoen ezarpenean be jarri dau arretea. Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiak, lurralde oreka hori lortzeko bide orriak, 3,2 milioi euro hartuko ditu, hau da, aurton aurrekontuan jasotakoa baino % 20 gehiago.
ALDUNDIAREN HIRUGARREN AURREKONTURIK HANDIENA SONIA PEREZEK ZUZENTZEN DAUEN GARRAIO SAILERAKO IZANGO DA
2025eko kontuak azaltzeko gaurko saioak Sonia Perez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatuak itxi ditu arratsaldean. Azaldu dauenez, bere saileko Aurrekontuek % 0,63ko murrizketea izango dabe, hau da, azkenean 208 milioi izango ditu. Halanda be, metroaren ustiapenerako eta luzapenerako BGPri egindako ekarpenak (10 milioi gitxiago) alde batera itxi ezkero, bere sailaren erabilgarria % 6,23 handituko litzateke.
Aurrekontuaren zatirik garrantzitsuena, aurreko urteetan lez, partidea % 8,82 igoten dauen Bizkaibusen mantentze-lanetara bideratuko da. Foru autobusen aurrekontua jasoten dauen “Bidaiarien garraioa” programea 137 milioi eurokoa izango da 2025ean, aurton baino 11 milioi gehiago.
Beharginen, erregaien eta materialen gastu handiagoak eragin dau igoerea, baita aseguruek, eskariaren araberako garraio-proiektuek eta desgaitasuna daben personei laguntzeko proiektuek be. 1,18 milioi eurora igon da azterlanei jagokena (Bizkaibuseko pleguak, SAE, Aginte Postu Bateratua...), eta 600.000 euroko Segurtasuneko eta Zaintzako partidea barria gehitu da, Bizkaibusen zerbitzuan “gizalegearen kontrako ekintzak saihesteko”.
Diputatu andreak azaldu dauenez, Biziparken aurrekontua ez da aldatuko (200.000 euro), baina bizikletak alokatzeko Bizkaibizi proiektuaren aurrekontua 2.186.666 euroraino handituko da, hau da, % 19 gehiago. Sailaren aurreikuspenen arabera, azkenengo ekimen horren ustiapenetik etorriko diran diru-sarrerak milioi bat eurotik gorakoak izango dira lehenengoz.
Ganera, Garraio Azpiegituren programak % 86ko igoerea jasoten dau, eta gorakada hori markesinetan eta irisgarritasuna hobetzeko egingo diran jarduketa barrietatik etorriko da. Hor sartzen da, baita be, Aparkabisa elektrifiketako proiektua, 2025ean 26 autobus elektrikori estaldurea emoteko. Etorkizunean, azpiegitura horrek 106 autobus hartu ahal izango ditu.
Beste partida aitagarri batzuk, kasu honetan Mugikortasun Jasangarriaren barruan, honeek izango dira: Burdin Mendien bide berdea seinaleztetea, Sopuertan bide horretako pasabidea konpontzea, Itsaslur-en 3,9 kilometroko tartea berreskuratzea, Sodupe eta Gueñes arteko trenbidearen 1,5 kilometroko trazaua konpontzea, Urduñako Parke Linealeko bide berdeko 400 metro barriztetea, eta, azkenik, Bilbo eta Derio arteko Lezamako Bide Zaharreko obrak hastea. Lan hori Gobernu zentralak finantzau eta egikarituko dau, baina Aldundiak bere gain hartu dau aurton 280.000 euroko balioa izango dauen lurzoruaren desjaubetzea. 2025ean beste 65.000 gastauko dira horretan.
Azkenik, Turismo Zuzendaritzak milioi bi euro gitxiago izango ditu, hau da, 2.341.666 euro, neurri batean 1,5 milioikoa izan dan Turismo Dekretuen partidea kendu egin dalako, eta BECerako eta nazinoarteko sustapenerako jarduketetarako beste zenbateko txikiagoak egongo diralako. 2025ean lana “Turismo birsortzailean eta inklusiboan” zentrauko da.