ALDUNDIAK BIZKAIBUSEKO FLOTA BARRITU EGINGO DAU AURTON 105 AUTOBUS BARRI ESKURATUTA

  • Erdiak igaz landu zan eskuratze-prozesuari jagokez.
     
  • Kontratu barri batek Bizkaibizi zerbitzua beste bederatzi herritara eroango dau 2027ko urtarriletik aurrera. 


(Bilbon, 2025eko urtarrilaren 13an). Aldundiak 105 autobus barri jasoko ditu aurton, Bizkaibuseko flotea gaztetu ahal izateko. Holan baieztu dau gaur Sonia Perez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako diputatuak, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian. 

Gaur egun Bizkaibusek 346 autobus ditu, horreetatik 242 diesel, 97 hibrido eta 6 elektriko. Autobus bakotxaren batez besteko kilometrajea 723.937 kilometrokoa da, eta adina 6,69 urtekoa, adituen eretxiz antxinatasuna 5,5 urtetik beherakoa izatea komeni dan arren. Hori da Aldundiko arduradunak material mobikor barria erosteko defendidu dauen arrazoi nagusia.

Egoera hori arintzeko, Aldundiak badau daborduko ibilgailu barriak sartzeko egutegia. Ibilgailu horreetatik “53” ibilgailu “lehenengo hiruhileko honetan” jasoko dira, igaz iragarri zan eskuratze-prozesuan oinarrituta. Eta urtean zehar beste “52” autobus jasoko dira.

Diputatu andrea Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietara, zemendiaren 26an Bizkaibuseko A3923 lineako autobus batean gertatu zan gorabeherea dala-eta. Talde moreak diputatuak parlamentuan agerraldia egitea eskatu dau, gertakari horren inguruko azalpenak emoteko eta, bide batez, flotearen mantentze-lanen atalean sailak egin dituan aurrerapenak ezagutzeko. Testuinguru horretan iragarri dau Sonia Perezek material barriaren erosketea.

Aurretik, Garraio, Mugikortasun eta Turismorako diputatuak adierazo dauenez, Elorrio-Bilbo bidea egiten eban Bizkaibuseko autobus baten gurpiletako batean sute hasieraren jatorria balaztaren pieza bat apurtu izana izan zan, “balazta-birikako malguki bat”, hain zuzen be. Aldundiko arduradunaren berbetan, aurrekari historikoak ikusita matxura hori “oso arraroa” da. Matxurak gurpil bat blokeetea eragin eban, eta, ondoren, gidariak su-itzalgailu baten bidez amatau eban kea. Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, istripua izan eban ibilgailuak 10 urte baino gehiago eta 1.146.000 kilometro ditu. Perezek baieztu dauenez, ibilgailua martian ordeztuko dabe, bizitza baliagarria beteta dauelako.

Perezek bere esku-hartzean azaldu dauenez, enpresa emakidadunak arduratzen dira ibilgailu bakotxaren mantenimendu-lanez, bai prebentzinoari bai konponketei jagokenez, eta Aldundiaren ardurea kontrol eta ikuskapen lanak egitea izango litzateke, esleipendunek kontratazinoko pleguak beteten dituela egiaztetako. “Orokorrean”, mantentze lana “egokia” dala esan dau.

Igaz, berak zuzentzen dauen sailak “245 ikuskapen” egin ebazan, eta horreetatik “25 zehapen-espediente” atera ziran, “erreklamazino-libururik eza, irisgarritasuna ez betetea, edo kontserbazino edo garbiketa kontuak” lako gaietan. Bere eretxiz, zigorrak “oso gitxi dira”, egindako ikuskapen kopuru handia eta txekeetan dan item kopurua kontuan hartuta: 19 kategoria desbardinetako “148” puntu.

Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, Bizkaibusen plegu barriek material mobikorraren erosketea sinplifiketa bilatzen dabe, gaur egun, Bizkaibusen flotan, “16 fabrikatzaileren” “63 autobus modelo” dagozalako, eta horrek mantenimendu-lanak zailtzen ditualako. Modu berean, Garraio Sailak mantenimendu-planen trazabilidadearen ezagutzea hobetu gura dau, enpresen mantenimendu-sistemetara “denpora errealean” sartzeko aukera emongo dauen kontrol sistema propioaren bidez. Mantenimendu-lanetako beharginen egoereari jagokonez, une honetan “egokia” da, baina aldaketa teknologikoetara “egokitu” beharko dirala onartu dau, autobusen tipologiak etorkizunean autobus elektriko edo hibrido gehiago eta errekuntzako gitxiago izango dituelako.


BIZKAIBIZIREN HEDAPENA 2027AN 

Bizikleten alokairurako Bizkaibizi zerbitzuaren kalidade eta gogobetetasun azterlanaren barri emoteko be etorri da Aldundia Garraio, Mugikortasun eta Turismorako batzordera. Sonia Perezek zerbitzuko azkenengo barritasunen eta datuen barri emoteko aprobetxau dau aukerea. Holan, foru diputatuak iragarri dauenez, urte honen bukaeran beste laguntza tekniko bat argitaratuko da, “228.000 euroko” aurrekontuagaz, 2027ko urtarriletik aurrera zerbitzua lurraldeko bederatzi udalerritara zabaltzeko –egungo bederatzien mugakideak– prestetako. Bizikletak alokatzeko foru sistemea Abanto-Zierbena, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Gorliz, Sopela, Urduliz, Zierbena eta Trapagara zabaldu gura da.

Diputatu andreak esan dauenez, ahaleginak egin arren ezinezkoa izan da gaur egungo kontratuagaz udalerri horreek sartzea, arrazoi juridikoak dirala-eta, eta hori dala-eta, Foru Aldundiak beste lehiaketa bat prestau behar izan dau Bizkaibiziren eraginpeko eremua handitzeko. Aurton, Aldundiko Garraio sailak garapen teknologikoa amaitzea aurreikusten dau, zerbitzua Barik txartelagaz erabili ahal izateko eta mobikortasun murriztua daben personentzako bederatzi triziklo sartu ahal izateko.

Asebetetzeari buruzko datuei jagokenez, Perezek adierazo dau bederatzi udalerrietan zerbitzuaren ezarpena herritarren “% 16ra” heltzen dala. Ehuneko horretatik, % 20k “egunero edo astero” erabilten dau, batez be denporea aurrezteko eta ariketa fisikoa egiteko. Erabiltzaileen % 74 oso leial jako sistemeari; izan be, barritze-tasea % 68koa izan zan igaz.

Gaur egun, igaz 15 minutu eta 2,8 kilometroko batez besteko ibilbidea eginez 1,6 milioi alokairu egin ebezan 37.000 pertsona inguru dagoz izena emonda Bizkaibizin. Udalerri bi nabarmentzen dira besteen ganetik zerbitzuaren erabileran. Bidaien guztizkoari jagokenez, Barakaldok % 33ko tasea lortu dau, 533.531 alokairugaz, eta ondoren Getxo dator (% 27,7). Erabilera gehien dauen hirugarren udalerria Leioa da (% 9,6).

Gaur egun, 81 geraleku dagoz martxan, azkenengo hilebeteetan Azkorriko eta Neguriko (Getxo) eta Abandoko (Bilbo) geralekuak sartu eta gero. Eta laster geraleku barriak jarriko dira Sestaon (Punta) eta Barakaldon (Dinamita eta Zabalanda parkea).


ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deioen Aldundiari, udal garraio publikoko zerbitzuetan 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoaren doakotasuna tokiko agintariakaz koordinau daian. Popularrak bakarrik geratu dira, proposamenak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoa jaso dauelako, eta EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin diralako.