ALDUNDIAK “LEHENTASUNA EMONGO DEUTSO” AURRETIAZKO HITZORDUARI ERRENTEAREN KANPAINARAKO, BAINA EZ DA “DERRIGORREZKOA” IZANGO ARRETEA JASOTEKO

  • Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak Aldundiari herritarrei arretea emoteko jardunbide hori kentzeko eskatzen eutson Arartekoaren txosten baten inguruan erantzun deutso Batzar Nagusietako oposizinoari.
     
  • Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia Iraskunde, Gobernamentu On Eta Gardentasunerako Batzordera etorri da, joan dan eguenean egin zan Herri-Dirubideen Euskal Kontsejuan, gaur goizean bertan batzartu dan Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontsejuan eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren azkenengo hiru bileretan landutako gai ekonomikoen eta lortutako akordioen barri emoteko.


(Bilbon, 2025eko zezeilaren 17an). Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan adierazo dauenez, Aldundiak herritarrei arretea emoteko sistemak “mistoa” izaten jarraituko dau Aldundiaren egoitzetan eta, batez be, Ogasunean. Aurretiazko hitzorduaren gaiari buruz galdetuta, Aldundiko arduradunak azaldu dau arreta eredu hori “borondatezkoa eta lehentasunezkoa” dala, baina “ulergarria” dala Foru Administrazinoak, hainbat arrazoi dirala eta, aurretiazko hitzorduari “lehentasuna” emotea, “kalidadeko zerbitzua emoteko”. 

Izagirrek adierazo dauenez, “37.000” persona inguruk aurretiazko hitzordurik bako arretea  jaso eben 2024an sailen batean. Dana dala, hori “ez da egokiena”, batez be unean uneko kanpainetan, errentan, adibidez, izapideak luzeak eta espezializauak diralako, eta denpora tarte txikian jente asko batzen dalako. Aurretiazko hitzordurik ez daben personei arretea emoten jake, “beti be, aurretiazko hitzordua daukien personen arretan aldaketarik eragiten ez bada”, esan dau. Hain zuzen be, sistema horrek 9,1 puntuko notea jaso eban azkenengo eretxi-inkestan.

EH Bilduk eta Bizkaiko Talde Popularrak ahozko erantzun-eske bana aurkeztu ditue Iraskunde, Gobernamentu On Eta Gardentasunerako Batzordean, Arartekoak 2024ko gabonilaren 4an –2023ko urriko beste bategaz bat eginez– kaleratutako erespenari Foru gobernuak emondako erantzuna ezagutzeko. Erespen horretan, Aldundiari gaitzespena bideratu jakon, aurreko Errentearen kanpainan hitzordua ezarteagaitik aurrez aurreko arretea jaso ahal izateko. Bertan, Arartekoak “hesi” lez kalifiketan dauen jardunbide hori indarbakotzea eskatzen eban, eta ohartarazoten eban herritarren eskubideen kontra egiten ebala, besteak beste, “bardintasunaren, gertutasunaren edo eraginkortasunaren printzipioen” kontra. Prozedurea sail guztietara zabaldu da, eta, beraz, talde biek hori kentzearen inguruan be galdetu dabe.

Bere erantzunean Izagirrek adierazo dau, orokorrean, aurretiazko hitzordua ez dala “oztopoa”. Sistema horri esker, zerbitzu “arina, zuzena, kalidadekoa eta ondo balorautakoa” emon daiteke, eta azpimarratu dauenez, hobekuntzea dan arren, Aldundiaren leihatiletara aurretiazko hitzordurik barik heltzen diranei be emoten deutse arretea Aldundiak. Izan be, Errentearen azkenengo kanpainan, Ogasuneko ateak igaro ebezan personen “% 2ari” aurretik hitzordurik eskatu barik emon jakon arretea. Sistema hori erabili eben personen “% 95a” konforme agertu zan, erabilteko erraztasuna dala-eta. PFEZren kanpainako 80 egunetan egunero artatu ziran 900 persona baino gehiagok 25 kexa baino ez ditue aurkeztu.

Halanda be, oposizinoko talde biek kolektibo batzuek, adinekoek, esaterako, sistemea eurenganatzeko daben “gaiztasuna” azpimarratu dabe. Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, persona horreei arretea emon ahal izateko aurretiazko hitzorduaren sisteman “hutsuneak ixtea” eskatu dau. EH Bilduko Arantza Sarasolak onartu dauenez, aurretiazko hitzorduak aukerea emoten deutso Aldundiari zerbitzua hobeto antolatzeko, baina “praktikan, ez jake arretarik emoten hitzordurik bako personei”, eta horrek arrakala digitala larriagotu daike.


HERRI-DIRUBIDEEN EUSKAL KONTSEJUA ETA BIZKAIKO LURRALDE KONTSEJUA

Beste alde batetik, Aldundiak, joan dan eguenean egin zan Herri-Dirubideen Euskal Kontsejuaren bilerearen eukiaren barri emon dau gaur batzorde berean. Bilera horretan, 2024. urteari jagokozan Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenen likidazinoa egin zan. Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpena errekor historikoa da, 12.285,7 milioi eurora iritsi dalako (2023an baino 210,8 milioi gehiago) hiru lurraldeen artean.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak berak eskatuta egin dauen agerraldian azaldu dauenez, 2024ko kontuetan eragina izan dabe mutualistei egindako itzulketek. Hilebete gitxi batzuen buruan, Gorenaren epaia ezagutu eta gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mutualistek, ezelango aurrekontutan ez egozan 800 milioi euro kobrau ebezan, eta horrek eragin zuzena izan eban aurreikuspenak beteteko orduan.

Banaketeari jagokonez, zuzeneko zergak % 0,3 jatsi ziran, eta horretan zerikusia izan eban mutualistei egindako itzulketak; zeharkakoak % 0,9 jatsi ziran, eta nabarmentzekoa da BEZa % 10,7 jatsi zala, hidrokarburoen sektoreko iruzurrezko jarduketa jakin batzuen ondorioz.

Foru Aldundiak 6.203 milioi euroko ekarpena egin eutsan Eusko Jaurlaritzari 2024an, banatu beharreko baliabideei % 50,49ko ekarpen-koefiziente horizontala aplikauta. Doikuntzarako 86 milioi euroko Funts Orokorra be likidau da eta Araban (49,6 milioi) eta Gipuzkoan (27,9 milioi) banatuko da. Bizkaiak 12,7 milioi emongo deutsaz Funtsari.

Beste alde batetik, Herri-Dirubideen Euskal Kontsejuak gaur goizean bertan egin dauen bileran, Aldundiak jakinarazo dau 2024ko diru-bilketearen likidazinoak 57,7 milioi euroko itzulketea ekarriko deutsela Bizkaiko udalerriei. Mutualistei egindako itzulketek diru-bilketan izan daben eragina dala eta, Udalkutxa Funtsaren eta Gizarte Zerbitzuen Foru Funtsaren (GSF) likidazinoa % 5,29 jatsi da aurrekontuan jasotakoagaz alderatuta; guztira, 1.035.092.967 euroko ekarpena egin da.

Bukatzeko, Etxanobek Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren azkenengo hiru bileren (2024an bi eta azkena 2025ean) eukiaren barri be emon dau. Bilera horreetan Ituna aldatzeko akordioak, izaera juridikoko akordioak eta foru-zergen sistemen nazinoarteko dimentsinoari buruzko akordioak ezarri dira.