FORU ALDUNDIAK FUTBOL ZELAIAK ETA UGERLEKUAK LEHENETSI EBAZAN 2025EAN UDALAREN KIROL INSTALAZINOETARAKO DIRULAGUNTZETAN

  • Erabagi hori, udalaren eskariaren, erabilereari buruzko datu objektiboen eta aurreko urteetako desorekak zuzentzeko beharraren konbinazinoaren ondorioa izan zan, Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian adierazo dauenez.
     
  • EH Bilduk zalantzak agertu ditu abagune horren eta helburu horretarako aurrekontuaren murrizketearen aurrean, izan be azkenengo urteetan (2021-2025 bitartean) aurrekontu hori 10 milioitik 1,4ra jatsi da.

 

(Bilbon, 2026ko otsailaren 9an). Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon batzordearen aurrera etorri da gaur goizean, udal kirol azpiegituretan inbertsinoak egiteko diru-laguntzen azkenengo deialdiaren erespideak zehazteko. Bere berbaldian, 2025eko ekitaldian futbol zelaiakaz eta ugerleku estaliakaz erlazionautako proiektuei puntuazino handiagoa emoteko erabagi teknikoa justifikau dau.

Arrizabalagak argudiatu dau lehentasun hori errealidade objektibo baten ondorio dala, batez be futbolari jagokonez. Jarduera hori lurraldeko kirol egituratuaren % 46,26a da, eskola-lizentzien (21.000) eta lizentzia federauen (41.000) artean 62.000 kirolari dagozelako. Jarduera bolumen horrek narriadura intentsiboa eragiten dau jokalekuetan, eta hori dala-eta modernizetako inbertsinoak egin behar dira, joan dan urtean aldagelak emakumezkoen futbolerako eta “walking football” moduko modalidade barrietarako egokitzea barne.

Bizkaiko kirol-instalazinoetarako 2025eko dirulaguntzen deialdian futbol-zelaiak lehenetsi ziran, udal-eskariaren, erabilera-datu objektiboen eta aurreko urteetako desorekak zuzentzeko beharraren konbinazinoaren ondorioz. Horrez gain, adierazo dauenez, aurretiazko deialdietan, 2024koan adibidez, diruz lagundutako 98 proiektuetatik bost baino ez ziran futbol zelaietakoak izan, gehienak pelotaleku eta kiroldegietarako izan ziran.

Euskera, Kultura eta Kiroleko batzordean agerraldia egiteko eskatu eban Batzar Nagusietako EH Bildu taldea, bestalde, arduratuta agertu da aurrekontuko partidak behera egin dauelako, 2021ean 10 milioi eurokoa izatetik 2025ean 1,4 milioikoa izatera igaro dalako. Aitor Lopez Vazquez batzordekideak jakinarazo dauenez, murrizketa horren ondorioz, azkenengo deialdian aurkeztu diran 72 eskaeretatik 7k baino ez ditue jaso laguntzak, eta diru-laguntza lortzeko behar dan gitxieneko puntuazinoa 85 puntura igon da.

Kritika horreei erantzunez, diputatuak argitu dau kirol instalazinoak hobetzera bideratutako diru bolumen handiena “ohiz kanpokoa” izan zala, pandemia eta ezohiko funtsak zirala-eta. Ganera, zehaztu dauenez, Aldundiko eta Udaleko teknikariek osatutako epaimahai kalifikatzaileak ez dau aurretiazko “mozketarako puntuazinorik” ezarten, 85 puntuko mugea, erabilgarri egoan kreditu partidea agortu arte proiektu bakotxetik lortutako sailkapen-ordenari jarraituz banatzetik etorri zan.

Bukatzeko, Arrizabalagak gogora ekarri dau Eusko Legebiltzarraren 2/2023 Legearen arabera instalazino horreek mantentzeko eta eregiteko eskumena udalarena dan arren, Aldundiak lankidetzarako “konpromiso sendoa” daukala Bizkaiko kirol sarea eguneratzeko. Holan, lankidetza publiko-pribaduko formulen bitartez kontsignazinoa handitzeko aukerea aurreratu dau. Etorkizunerako diru-laguntzetan, Aldundiak lehentasuna emongo deutso bardintasunezko proiektuak aurkezteari eta biztanleriaren aldaereari.

 

GATAZKEA KARATEKO FEDERAZINOAN

Beste gai batzuei jagokenez, Bizkaiko Karateko Federazinoan egin barri dan hauteskunde prozesuan zazpi “klub mamu” detektau izanari buruz Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak egin dituan galderei erantzun deutse Arrizabalagak. Diputatuak zehaztu dauenez, aurkeztutako inpugnazinoen ostean, Kirol Justiziako Euskal Batzordeak erabagi eban erakunde horreek ez ebela “kirol jarduera esanguratsurik” eta, beraz, hautesle-erroldatik kanpo geratu behar zirala, ez ziralako beteten federazinoko estatutuetan ezarritako baldintzak.

Bere esku-hartzean, Aldundiko arduradunak bere sailak jarraitutako prozedurearen legezkotasuna defendidu dau, eta azpimarratu dau Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aginduaren esparruan jarduten dauela, Agindu horrek hauteskunde-erregelamenduak eta aurretiazko aholkularitza teknikoa onartzera mugatzen dauelako bere eskumena. Arrizabalagak azpimarratu dau hasiera batean klub horreek sartzea Karateko Federazinoko Hauteskunde Batzordeak berak hartutako erabagia izan zala, eta aurreikusitako errekursoen bidez legezko bermeen sistemak behar lez funtzionau dauela.

Elkarrekin Bizkaia taldeak erakundearen kalidade demokratikoan eragina dauen gatazkearen aurrean erakundeen “pasibotasuna” aitatu dauen arren, diputatuak barriro esan dau Aldundiak esku-sartzerik ez egiteko jarrerea euki ebala, prozesuaren bilakaera juridikoa errespetetako. Diputatu andreak adierazo dauenez, Kirol Justiziako Euskal Batzordearen behin betiko ebazpenak hauteskunde prozesua zuzenbideagaz guztiz bat datorrela bermatu dau, federazinoaren gardentasunean eragina izan dauen eztabaidea bideratzeko aukerea emonez.

Arrizabalagak azaldu dauenez, orain Batzorde honen aurrean Karateko Federazinoko presidente izateko aurkeztu ziran hautagaitza bietako bat baliobakotzearen inguruko beste errekurso bi ebatzi behar dira. Ezohiko egoerea da, eta epai hori heltzen dan bitartean Aldundia orekea eta adostutako konponbidea lortzen saiatzen ari da, beti be araudiari jarraituz.

Krisi horren aurrean, Foru gobernuak “zuhurtasun eta legezkotasun zorrotzeko” jarrerea defendiduten dau, behin betiko ebazpen judizialen zain geratuz, federazinoak zuzenean esku hartu beharrean. Berbaldiaren helburu nagusia, egoerea larria izan arren eta oraintsu aurkeztu dan zentsura-mozinoa gorabehera, adinbakoentzako kirol-jarduerak “normaltasunez” jarraituko dauela ziurtatzea da, blokeo administratiboari “adostutako konponbidea” bilatzen jakon bitartean.