TRIANO MENDIETAN LARRE ESKUBIDEAK ORDENETAKO ORDENANTZEA AURKEZTUKO DAU ALDUNDIAK URTARRILEAN
- Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila abeltzainei ustiapen “jasangarriagoak eta errentagarriagoak” izaten laguntzeko “erispide teknikoak eta kontrastatuak” amaitzen ari da.
- Arantza Atutxa diputatuak Gaztelugatxeko Donieneko Lankidetza Kontseiluaren sorrerea be iragarri dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta Artigaseko hobekuntza-jarduketen eta Artxandako ehizearen inguruko erantzunak emon deutsoz oposizinoari.
(Bilbon, 2024ko zemendiaren 13an). Bizkaiko Foru Aldundia Abanto-Zierbenako, Ortuellako eta Trapagako lurrak hartzen dituan 193 zenbakiko Erabilera Publikoko Mendian dagozan interes guztiak bateratzeko ordenantzea prestetan ari da. Datorren urteko “urtarrilean” hasiko da ordenantza hori tramitetako prozesua, eta “4 eta 6 hilebete arteko” epea egongo da onartzeko, jentaurrean erakusteko epeak eta alegazinoak likidau eta gero, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian iragarri dauenez.
Ordenantza horretan sartuko diran jarraibide nagusiak azken hilebeteotan hainbat eragilek egin daben lan “nekezaren” ondorio dira. Halan, Aialur enpresa arduratu da aurretiazko txostena egiteaz, eta Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko saileko zuzendaritzek, inplikautako udalek, sindikatuek eta Triano mendietako hogei bat abeltzainek egiaztau dabe.
Diputatu andreak egindako bidea balioan jarri eta prozesuan parte hartu daben eragile guztien “lan ona eskertu” gura izan dau. Ordenantza horren azkenengo helburua basoaren larre kudeaketea antolatzea da, sektoreagaz “kontrastautako erispide teknikoakaz”, eta, holan, ustiategiak “jasangarriagoak eta errentagarriagoak” izaten laguntzea.
Holan, 600 hektareako mendi hori kudeatzeko proposamenak, besteak beste, abeltzaintzako ustiategiek “erabilera propioko” lurralde oinarria izango dabela jasoko dau. Larre iraunkorretarako, “0,2 UGM/hektareako abere-karga efektiboa edo handiagoa” definiduko da. Muga horreek gainditzen badira, haztapen-erespideak (dedikazino esklusiboa, adina, teknologia...) kontuan izango dituan norgehiagokea jazoko da. Larre kode guztiek ganadua manejetako beharrezkoak diran azpiegiturak izango ditue (pasabideak, uraskak…). Janlekuak debekau egingo dira, artzaintza estentsiboa sustau gura da-eta.
Atutxak espezieei, artzaintzarako denporei eta baldintza ekonomikoei buruzko beste gai batzuk azaldu ditu. Holan, behi-, zaldi- eta ahuntz-espezieek euskal arraza autoktonokoak izan beharko dabe. Erabilera publikoko eta artzaintzako eremu mistoetan animalien ondoizatea zaintzeko kartelak jarriko dira. Neguko hutsunea errespetau beharko da, eta horretarako artzaintza gitxienez hilebete biz eten beharko da. Animalia guztiek behar dan moduan identifikauta egon beharko dabe. Eta eredu barriari atxikitako erabiltzaileek parte-hartze ekonomikoa izango dabe aprobetxamendu-hektareen kudeaketan eta mantentze-lanetan.
ARTIGAS-ARRAIZ EREMUKO JARDUKETAK
Beste alde batetik, EH Bildu taldeak TMBra heltzen diran hondakinen kudeaketea hobetzeko Artigas-Arraiz eremuan planifikauta egozan lanen ganean galdetu dau Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko batzordean. Raul Mendez batzordekideak azaldu dauenez, mantentze-lanen, segurtasun neurrien eta prebentzinoaren arloko hobekuntzak egin ziran instalazinoetan, bai eta aurtengo garagarrilerako aurreikusita egoan eta “atzeratu egin dan” geldialdi teknikoa be.
Aldi berean, Mendezek inguruan atzemondako usain txarrak aitatu ditu. Udagoien honetan, eta “enegarrenez”, Alonsotegiko udalerritik eta mugakide diran inguruetatik aidearen kalidadean eragina daben eta “Barakaldoraino” heltzen diran usainen emisinoa salatu da barriro. EH Bilduko batzordekideak lantegiko beharginen kexak sartu ditu agerraldi eskaeran, “osasunaren zaintzan dagozan hutsuneak” dirala eta. Izan be, iragarri dauenez, Enpresa Batzordeak laneko bajen igoerea salatzeko kontzentrazinoak egingo ditu “bihar” Aldundian eta Garbikerren.
Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak hobekuntzarako hiru bloke sartzeko egiten ari dan laneko planaren balorazino “ona” egin dau. Segurtasun- eta mantentze-neurri zuzentzaileak, makineriaren eta instalazinoen konponketak eta barrikuspenak, eta plantako makineria jakin bat ordezkatzea izan dirala esan dau.
Aldundiko arduradunak egin diran jarduketa guztien azaleko errepasoa egin dau. Gehienak amaituta dagozan arren, hornidura jakin batzuk entregetako epeak luzatu egin dirala onartu dau, eta, horren ondorioz, geldialdi teknikoa “2025eko martxotik” harago luzatu beharko dala. Hilebete honetan enpresa emakidadunak ekipamendu jakin bat entregetea aurreikusten da, baina makina hori heltzen dan bitartean “ez gara geldirik egon”, ziurtatu dau.
Diputatu andreak esan dauenez, Artigaseko TMBa hobetzeko plan horren inbertsinoak ia zazpi milioi eurokoak izango dira: “2,7 milioikoa” segurtasun elementuetan; “1,1” milioikoa mantentze lanetan; eta “ia 3 milioikoa” makineriaren ordezkapenean.
Usain txarrak detekteteari jagokonez, diputatuaren berbetan, Aldundiak eta Garbikerrek “euren esku dagoan guztia egin dabe usain txarrak prebeniduteko”. Laburbilduta, “azalera edegia murriztu da, lixibiauen putzuak estali dira, kutxatilak estali dira, ezkerreko eta eskumako ibarrak zigilau dira, gasen bilketea hobetu da eta usaina etenbarik monitorizetako sistemea be ezarri da”. Orain arte etenik barik egin diran neurketek “ez dabe estandarretatik kanpoko baliorik emon”.
GAZTELUGATXEKO DONIENEKO LANKIDETZA KONTSEILUAREN SORREREA
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak Gaztelugatxeko Donieneko Lankidetza Kontseiluaren sorrerea be iragarri dau. Testu arauemoilea “datorren astean” jarriko da jentaurrean, eta bertan, bakarrik “aholku-emoilea” izango dan organo horren funtzinoak eta osaketa sartuko dira.
Kontseilua Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak eta Bermeo eta Bakioko alkatetzek osotuko dabe. Horreek txandaka hartuko dabe erakundeko presidenteordetzea. Foru Aldundiko Ingurumen Saileko ordezkari bat eta Kultura Saileko beste bat be egongo dira, baita Kosta Zuzendaritzako kide bat be.
1998an Biotopo babestu izendautako lekuaren ondare eta kultur balio “argiak”, inplikautako administrazinoek eta hainbat eragilek “alkarregaz” jardutea eskatzen dau. Kontseiluak, besteak beste, eginkizun honeek izango ditu: interesak eta jarduerak koordinetako erispideak eta neurriak sustatzea; ordezkatutako erakundeen arteko lankidetzea bultzatzea; interes komuneko jarduketak hitzartzea; eta Gaztelugatxeko espazioan aurreikusitako egutegien eta ospakizunen barri izatea.
EHIZEA ARTXANDAN
Ahozko erantzun-eske baten bitartez, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Artxandako Segurtasun Eremuko perimetroaren debeku mugak errespetetan ez dituen ehiztariak ugaritzearen ondorioz Artxandako herritarrak jasaten ari diran egoerearen inguruan galdetu dau. Ricardo Vaquero batzordekideak azaldu dauenez, istiluek jarraitzen dabe Bilboko auzo horretako biztanleen eta ehiztarien artean. Aldi berean, ehiza kanpaina bakotxaren aurretik Batzar Nagusiek Aldundiari martxan jarteko emon eutsien aginduari jagokon informazino kanpainearen ganean galdetu dau.
Diputatuak jakinarazo dauenez, martian “34 seinale” jarri ziran Artxandako perimetroan, ehizearen mugen barri emoteko, 2023ko abenduko arauz besteko proposamenaren neurrietako bat betez. Atutxak iragarri dauenez, urtarrilean egingo da informazino kanpaina hori, Ehiza Federazinoagaz lankidetzan. Halanda be, ehiztarien kolektibo osoa jakinaren ganean dago 3942 foru aginduaren bidez. Agindu horren 7.D. artikuluan beren beregi aitatzen da gai hori, eta horri “Dibulgazino Liburuaren” banaketea gehitu behar jako. Ehiztarien eta bertako biztanleen arteko istiluak errepiketeari jagokonez, Atutxak onartu dau urrian holangoak gertatzen ari zirala jakinarazo jakela. Horregaitik, bere sailak, basozaintzako zerbitzuaren bitartez, inguruko zaintzea “areagotzea” erabagi dau.