ALDUNDIAK BIZKAIAN TURISMO IRISGARRIAGOA ETA JUSTUAGOA EREGITEKO ESTRATEGIA AURKEZTU DAU BATZAR NAGUSIETAN
- Bizkaiko Foru Aldundiak irisgarritasun turistikoa bultzatzen dau, lehiakortasunaren eta duintasun sozialaren eragile lez, Turismo Irisgarriaren Plan Estrategikoaren bitartez. Plan horrek diseinuaren printzipio “unibersalak” eta Finlandiara egin barri dan bidaiaren ostean sortutako sareko lanean ikasitakoa integretan ditu.
(Bilbon, 2025eko urriaren 30ean). Sonia Pérez Ezquerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak, berak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, Turismo Irisgarriaren Estrategia aurkeztu dau modu formalean, eta Finlandiara egin barri dan bidaiaren ondorioak azaldu ditu. Ibilbide-orri hau gidatzen dauen ikuspegi nagusia da irisgarritasuna ez dala “eranskin bat, eskubidea, konpromiso etikoa eta aukera estrategikoa dala Bizkaiarentzat”. Planaren helburua persona guztiek Bizkaiaz baldintza bardinetan, autonomiaz eta duintasunez gozau ahal izatea da. Diputatu andreak azpimarratu dauenez, esfortzu hori erakundeen, sektore pribaduaren, hirugarren sektorearen eta herritarren artean partekatutako erantzukizunean oinarritu behar dan proiektu “kolektiboa” da, eta ez da ahalegin isolatuen esku geratu behar.
Turismo Irisgarriaren Estrategia Bizkaia helmuga “irisgarri, inklusibo eta arduratsu” bihurtzeko ibilbide-orri lez sortu da, irisgarritasun unibersalean “nazinoartean erreferentzia” izateko asmoagaz. Helburu hori justifiketako argumentu sozialak eta ekonomikoak erabili dira. Europan, “80 milioi persona baino gehiago bizi dira desgaitasunen bategaz”, adierazo dau, eta biztanleriaren zahartzeak, halanbeharrez, ingurune irisgarriak eskatzen ditu. Horregaitik, irisgarritasunaren aldeko apustua egitea “ez da bidezkoa bakarrik, inteligentea be bada”, izan be, “Bizkaiko lehiakortasuna indartzen dau, desestazionalizazinoa bultzatzen dau eta lurraldearen irudi aurreratua, inklusiboa eta arduratsua proiektetan dau”. Estrategiaren helburu nagusia persona guztiek Bizkaiko eskaintza turistikoaz gozau ahal izatea bermatzea da, “ekidade, irisgarritasun, autonomia eta duintasun” baldintzetan.
Ibilbide-orri hori definiduteko funtsezko osagaia, diputatuak esperientzia “guztiz eraldatzailetzat” jo dauen Finlandiara egin dan gerturatze-bidaia izan da. Foru ordezkaritzeagaz batera, desgaitasunen bat daukien personen lurraldeko dozena erdi alkartetako ordezkariak joan dira. Esperientzia horri esker, parte-hartzaileek oztopoak ezagutzen dituenen begiekaz begiratu ahal izan dabe turismoa, Finlandiak bere zerbitzu eta espazio guztietan irisgarritasuna zelan integretan dauen ikasiz. Bizkairako kontuan hartuko diran ikaskuntza zehatzen artean, “diseinu unibersala plangintzatik, seinale inklusiboak eta ingurune naturaletarako irisgarritasuna” dagoz. Ezagutza teknikoez gan, bidaia horrek Bizkaiko alkarteen arteko sareko lana indartu dau.
Estrategiaren ezarpena bost jarduketa-ildo nagusiren bidez –azpiegituren barriztapena eta hobekuntzea, prestakuntzea eta sensibilizazinoa, informazino eta komunikazino eskuragarria, gobernantza parte-hartzailea eta sustapena eta merkaturatzea–, 13 helburu estrategikogaz eta ezarten ari diran (3) edo azterketa-fasean dagozan 50 ekintza baino gehiagogaz artikulau da. Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saila berehalako ekintzen buru izango da, beste batzuen artean Irisgarritasun Jardunbide Egokien Plana sektoreko alkarteakaz indartzea, eta irisgarritasunaren neurketea Turismo Behatokian sartzea. Ganera, ekitaldi turistikoak sustatzeko baldintza-agirietan eta dirulaguntzetan irisgarritasun-klausulak txertatzeko konpromisoa hartu da. Estrategiak azpimarratzen dauenez, irisgarritasunak lurralde- eta uri-plangintzan integrauta egon behar dau hasiera-hasieratik, eta ez da ondoren sartuko dan eranskin bat izan behar, beste administrazino publiko batzugaz lankidetzan sustauko dan ikuspegia baino.
Estrategiaren arrakastea eta jasangarritasuna ziurtatzeko, Aldundiak hainbat gomendio ezarri ditu. Lehenengoa, irisgarritasuna politika estruktural lez “instituzionalizetea” da. Bigarrenez, gobernantza “inklusiboa, erantzunkidea eta egonkorra” bermatu behar da, aniztasun funtzionala ordezkatzen dabenen ahotsa funtsezkoa eta etenbakoa izan daiten turismo-politikearen fase bakotxean. Hori osatzeko, estrategiari baliabide tekniko, finantzario eta giza baliabide nahikoak emon behar jakoz. Azkenik, irisgarritasun partekatuko eta etenbako hobekuntzako kulturea sustatzen da, ulertuta arrakastea ez dagoala arauen edo azpiegituraren mende bakarrik, sektoreko profesionalen etenbako prestakuntzearen bidez “kultur aldaketa iraunkorraren” mende baino.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK
Diputatu andrearen agerraldiak Turismo Irisgarriaren Estrategiaren ezarpenari eta irismenari buruzko eztabaidea biztu dau. Taldeek babesa emon deutsie helburu orokorrari, baina zeharkakotasunari eta finantzaketeari buruzko funtsezko galderak planteau ditue.
Holan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako ordezkariak modu positiboan balorau dau Finlandiara egin dan bidaia, baina kritikau egin dau 1997ko Irisgarritasunaren Legeak historikoki ez dauela interes politikorik izan bere garapenerako. Eneritz de Madariaga Martínek eskatu dau Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saila osagarria izan daitela ganerako administrazino publikoak eta Aldundiko beste sail batzuk bultzatzeko, hareek irisgarritasun unibersalaren parametrotik diseinau eta planifikau daien.
Bizkaiko Talde Popularrak Sailak estrategia hori egiteko erakutsi dauen anbizinoa eta konpromisoa autortu ditu, Bizkaia kalidadeko jomuga turistiko lez finkatzeko funtsezko ardaztzat joten dauelako. Aldi berean, Pablo Gómez-Guadalupe batzordekideak zehetasun operatibo gehiago lortzeko beharra azpimarratu dau, plana aurrera eroateko aurreikusitako aurrekontu-zuzkidurea, sektore pribadura sartzeko modua eta baldintza-agirietan eta dirulaguntzetan irisgarritasun-klausulak ezarteko pausu zehatzak zalantzan jarriz.
Euskal Sozialistak Taldeak, bere aldetik, oso-osorik babestu dau ekimena, eztabaidea turismotik harago doala azpimarratuz, eta “bardintasun, duintasun eta eskubide” kontua dala adierazo dau Goyo Zurro bozeroaleak. Nabarmendu dauenez, irisgarritasunaren alde egitea “zentzuzkoa” da, persona guztien bizimodua hobetzen dauelako eta lurraldearen irudi “modernoa eta gizatiarra” indartzen dauelako. Modu berean, Euzko Abertzaleak bazkideak, Olaia Urkijo Mardarasen ahotan, erabateko babesa emon deutso estrategiari, irisgarritasuna “giza eskubide eta kalidade turistiko” faktore dala berretsiz.
EH Bilduk, bere aldetik, sailaren sensibilidadea autortu dau, baina zalantzan jarri dau planaren eta Aldundiaren proiektu handien helburuen arteko “koherentzia”, besteak beste, neurri handiko ekitaldiak aitatuz, batez be. Aitor Llanok faltan bota ditu proponidutako 50 ekintzen egutegia eta aurrekontua, 2026ko Kontuetarako aurreikuspen espezifikoak eskatuz.
Bere erantzunean, diputatu andreak esan dau Turismoko aurrekontua irisgarritasunera zuzenduta egongo dala, daborduko gauzatzen ari diran asmo handiko ekintza bi nabarmenduz: visitbiscay.eus atariaren erabateko konfigurazino barria eta eskualdeko erakundeentzako dirulaguntzetan irisgarritasunaren inguruko derrigorrezko konpromisoak sartzea. Bukatzeko, berretsi egin dau sektore pribadua dala “benetako protagonistea” eta “estrategiaren helburua irisgarritasuna garapen ekonomikorako aukera lez” ikusten laguntzea dala, “eta ez betebehar huts lez”.



