HAINBAT ZERGAREN ERREGULAZINOAN2024RAKO EGONGO DIRAN ZERGEN ALDAKETEN KATALOGO ZABALA AURKEZTU DAU ALDUNDIAK BATZAR NAGUSIETAN

  • Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, hainbat zergaren erregulazinoan eta Zergen Foru Arau Orokorrean aldaketak sartzen dituan “aldi baterako” zerga neurriei buruzko foru arauaren proiektuak jasoten dituan barrikuntza nagusien zehaztasunak emon ditu batzordean.
     
  • Horreen artean, 35.000 eurotik beherako diru-sarreretarako PFEZren 200 euroko murrizketea barriztetea, errekarguen konfigurazino barria edo I+G+B proiektuak edo ikus-entzunezko lanak, arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunak eta liburuen edizinoak finantzeteagatiko murrizketak nabarmentzen dira.


(Bilbon, 2024ko urriaren 29an). Aldundiak hainbat zergaren erregulazinoan eta Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean aldaketak jasoten dituan zergen arloko neurriei buruzko Foru Arau proiektuaren euki nagusia jakinarazo deutse gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordeko taldeei. Arauzko proiektu hori Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen jarraituko da, eta herritarrek eta Batzar Nagusietako taldeek alegazinoak edo zuzenketa-eskeak aurkeztuta parte hartu ahal izango dabe. 

Berrojalbizek azaldu dauenez, 180 orrialde eta 16 artikulu dituan arau proiektu horren helburua “zergadunarentzat segurtasun juridikoa sartzea, zergen erregulazinoaren alderdi puntualak eguneratzea eta hobetzea, eta modu sendoan ezarritako administrazino eta jurisprudentzia erispideak sartzea” da.

Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak egoera zaurgarrian dagozan taldeentzako aldi baterako zerga neurriak azpimarratuz hasi du bere parte-hartzea. Atal horretan, Foru Arau proiektuak beste urte batez luzatuko dau 35.000 eurotik beherako diru-sarreretarako ezohiko kuotan 200 euroko murrizketearen aldi baterako aplikazinoa. Pakete horretan jarduera jakin batzuetarako forfait-a be sartu da (EDS, Nekazaritzea eta Abeltzaintzea, Salgaien Garraioa eta mikroenpresak). Modu berean, talidominak kaltetutako personei emondako laguntzak jasoten dira.

Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren esparruan, errekarguen konfigurazino barria nabarmentzen da, eta, hori dala eta, “akatserako eskubidea” deitu izan jako. Holan, aitorpena borondatezko epea amaitu eta hurrengo hiru egun baliodunetan aurkezten bada, edo ordainketa betearazpen-aldiko lehen hiru egun baliodunetan egiten bada, % 0,5eko errekargua ezarriko da, % 5aren ordez.

Forumeko eta Afinsako kaltetuen PFEZaren errentearen konpentsazinoa azpimarratu dau Berrojalbizek bere azalpenean. 2022ko eta 2023ko ekitaldietan galerei aplikau beharreko saldo negatiboaren konpentsazino-mugea % 10etik % 25era igongo da.

Proiektuak zeharkako lez kalifikau daitekezan hainbat aldaketa be jasoten ditu, besteak beste, higituezinen errentamendurako, sustapenerako eta salerosketarako jarduera ekonomikoaren kalifikazinoa barrikustea Soziedadeen ganeko Zergearen eta Ondarearen ganeko Zergearen ondorioetarako. Atal horretan, urteko batez besteko plantillaren eskaera jarduera horreen eta merkaduaren errealidadera egokituko da, eta, holan, bostetik hirura murriztuko da beharginen kopurua.

Arauzko testuak, halaber, Soziedadeen ganeko Zergearen hainbat alderdiren aldaketea jasoten dau, ikerketa eta garapen edo barrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan, ikus-entzunezko lanen finantzaketan, arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunen finantzaketan eta liburuen edizinoan parte hartzeagaitiko kenkariei jagokenez. Arlo horretan, aitagarria da jarduera ekonomikoak egiten dituen Persona Fisikoen Errentearen ganeko Zergearen zergadunek kenkari horreek apliketako izango daben aukera barria.

Finantzau daitekezan kenkariei jagokenez, Berrojalbizek liburuen argitalpenari aplikau beharreko biztugarria indartu egin dala azpimarratu dau. Kenkaria % 15eraino igongo da, baldin eta aurreko zergaldian euskeraz argitaratutako eta euskeratik itzulitako liburuak edo aleak, gitxienez, argitaratutako liburu guztien % 50 badira.

Eta zuzeneko ikuskizunen finantzaketan, Ogasunak milioi bat euroko mugea kendu gura dau finantzatzailearentzat, eta IEEek –Interes Ekonomikoko Elkarteak– mota horretako ekitaldi kulturaletan daben partaidetzea mugatu.

Zergen arloko neurrien azalpena bukatzeko, Berrojalbizek autonomoen gizarte aurreikuspenerako 8.000 euro arteko aldi baterako mugea be aitatu dau –2024rako baino ez–, bai eta ondorio fiskaletarako izatezko bikote lez hartzeko baldintzak be. Bukatzeko, Ogasuneko diputatuak, kalteakaitik hitzartutako aseguruak jasoteko PFEZaren zerga-salbuespenak be aitatu ditu, errazoia edozein dala be, edo 65 urtetik gorakoentzako bizitza-aseguruen erreskateak, bizi arteko errentara bideratzeko, 240.000 eurora arte.