ALDUNDIA LAS KARRERASEKO SAIHESBIDEAREN PROIEKTUAREN HIRUGARREN BERSINOA DABIL PRESTETAN INGURUMEN ARLOKO HOBEKUNTZA GEHIAGO SARTZEKO

  • Carlos Alzaga Sagastasoloa foru diputatuak iragarri dauenez, dokumentu barriak sektore-txostenak eta herritarren alegazinoak jasoko ditu ingurunean konektibidade ekologikoa bermatzeko.


(Bilbon, 2026ko martiaren 26an). Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila Las Karrerasen (Abanto-Zierbena) BI-734 errepidearen saihesbidearen proiektuaren hirugarren bersinoa idazten dabil. Holan baieztu dau Carlos Alzaga Sagastasoloa diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon batzordean egin dauen agerraldian, eta gogora ekarri dau alternatiba hori aztertzeko lehenengo lanak 2022ko martian hasi zirala. Hori dala-eta, trazauaren “17 alternatiba” aztertu dira. 

2025eko bagilean amaitu zan administrazino-fase barri hori jente-aurreko informazino-aldian jasotako alegazino partikularrak eta txosten sektorialak aztertu eta gero sortu zan. Dokumentu horreen artean nabarmentzekoa da Natura Ondarearen Zerbitzuak 2025eko gabonilean, “epea bukatu eta sei hilebetera”, egindako txostena. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila aztertzen dabil, behin betiko ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu aurretik “trazaua optimizetako eta ingurune naturalaren babesa indartzeko”.

Alzaga Sagastasoloak bere esku-hartzean gogora ekarri dauenez, proiektuak bilakaerea izan eban lehenengo bersinotik gaur egungo bigarrenera, eta horrek saihesbidearen aurrekontua bikoiztea ekarri eban, 16 milioi eurotik 31ra, iragazkortasunean hobekuntzak sartzeko, 68 metroko zubibidea eta 320 metroko tunela, besteak beste. Etorkizuneko hirugarren bersinoak Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailagaz lankidetzea sakondu gura dau ildo horretan, faunaren konektibidadea sustatzeko. 

Alzagaren agerraldia eskatu eban Raul Mendez Urigoitia EH Bilduko batzordekideak Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren txostenaren inguruan egindako eskaerei jagokenez, dokumentu teknikoak ohartarazoten dau gaur egungo proposamenak oraindino be “eragin larriak” sortzen dituala “konektibidade ekologikoan eta Natura 2000 Sarean”, Serantes mendiaren eta Barbadun ibaiaren artean batez be. Horregaitik, tunel edo lurperatze gehiago barne hartuko dituen alternatiben azterketa zorrotza eskatu dau, baita saihesbide barrian eta lehendik dagoan BI-734 errepidean faunaren iragazkortasuna bermatzeko neurriak be. Egin beharreko zuzenketen artean, “Montañoko lubakian ekohodi bat” sartzea aitatzen da, lurralde plangintzan identifikautako korridore ekologikoen zatiketea arintzeko. 

Alzagak ezin izan dau zehaztu noiz hasi ahal izango diran lanak, behin betiko proiektua denpora “gitxi barru” Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko arlora barriro bialdu beharko dalako, jagokon Ingurumen Eragina tramitetako. Diputatuak baieztu dauenez, aurtengo aurrekontuetan ez da obrak hasteko ezelango partida ekonomikorik aurreikusten.


ARTATZA-ERROMO BHIKO ESKOLAK LEKUZ ALDATZEA, IBAIPEKOA DALA ETA

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua Lamiakoko Ibaipekoaren proiektuak Artatza-Erromo Institutuan izango dituan ondorioen barri emoteko be etorri da, kasu honetan Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta. Bere berbaldian argitu dauenez, 2026-2027 ikasturtean ikasleak lekualdatzeko aukereari buruzko azken erabagia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta hezkuntza-komunidadeari jagoke.

Alzaga Sagastasoloak azpimarratu dauenez, 2025eko garagarrilean eraikuntza proiektua onartu zanetik ez da “ezelango aldaketa edo alterazino teknikorik” egon proiektuan. Ildo horretan, Ingurumen-inpaktuaren Adierazpenean (IIA) jasotako neurri zuzentzaileak oraindino be guztiz baliozkoak dirala defendidu dau, soinu inpaktuak, bibrazinoak eta aidearen kalidadea zehatz-mehatz jasoten ditue-eta.

Diputatuak berretsi dauenez, proiektuak daborduko jasoten ditu hainbat soluzino, adibidez leihoen aldaketea, klimatizazinoa eta hesi akustikoak, eta herritarrek proiektuari buruz daben perzepzinoa “oso positiboa” dala azpimarratu dau, egindako gogobetetze inkestek erakusten dabenez. Erabiltzaileek 10etik 7,5 puntu emon deutsez Arrontegi zubiaren alternatiba bati eragindako udalerrietan eta eremuetan. Azpimarratu dauenez, proiektuak araudiak jasoten dituan parte hartzeko iragazki guztiak gainditu ditu, eta proiektuari aurkeztutako alegazinoen % 70a onartu dala nabarmendu dau.

Batzordera preminaz etortea eskatu eban Ricardo Vaquero Moreno Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako batzordekideak, bere aldetik, ez ditu argi ikusten Foru Sailaren kontakizunaren koherentzia eta sinisgarritasuna. Bere erantzunean, kontraesan gaindiezina dagoala adierazo dau: obrak eskolako jarduereagaz bateragarriak badira, ez da justifiketan 400 ikasle lekuz aldatu behar izatea; eta lekualdatzea beharrezkoa bada, proiektuaren diseinuak lehen ukatzen ziran benetako arriskuak edo eraginak ditu. Talde moreko ordezkariak salatu dauenez, familien bizimodua aldatzen ari da parte-hartze publikoko prozesuetan emon ez zan informazinoa edo orain beste modu batean interpretetan diran arriskuak dirala eta. Bukatzeko, gogora ekarri dau inguruko profesionalek daborduko ohartarazo ebela inpaktu horreen ganean, eta ez daiala beste instantzia batzuetara “baloirik kanpora bota” eta eragindako herritarrei gardentasun handiagoa emon deiela eskatu deutso diputatuari.

 

BIZKAIA PELOTALEKUAREN KUDEAKETEA ETA MANTENIDUTE-LANAK

Rakel Goñi Lacar EH Bilduko batzordekideak eskatuta, diputatuak Bizkaia Frontoia eta Kirol Etxea kudeatzeko eta manteniduteko zerbitzuen esleipen prozesua argitzeko agerraldia egin dau. Eskaintzaileetako bat, edegitako kontratazino prozesuen aurrean lau errekurso aurkeztu ebazan KTD enpresea, lehiaketatik kanpo geratu zan, alde ekonomikotik eskaintza “ausartegia” aurkezteagaitik.

Azpiegiturakek, beraz, lehiaketa Giroa Baiko Eragin ABEEri esleitzea erabagi eban lizitautako hiru loteetatik bitan. Alzagak azaldu dauenez, erabagi hori hartzeko, Kontratazino Mahaia kanpoko aholkularitza batek (Argibide) egindako txosten batean oinarritu zan kirol esparrua kudeatzeko eta manteniduteko aurkeztutako eskaintza bietako bat baztertzeko.