ALDUNDIAK EZ DEUTSO ESPEDIENTEA EDEGIKO TMB ARRAIZ ALDI BATERAKO ENPRESA-ALKARTEARI, BEHARGIN BATEN INTOXIKAZINO “ARINA” DALA ETA
- Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean baieztu dauenez, gertakariaz geroztik martxan jarri diran prebentzino neurriak egoera hori barriro gertatuko ez dala bermatzeko “nahikoak” diralako hartu da erabagia.
- EH Bilduk galdetu dau ea gaur egungo enpresak –TMB Arraiz ABEEak– etorkizunean lantegia kudeatzen jarraituko dauen, “plantillaren segurtasuna eta osasuna arriskuan jarteagaitik” Lan Ikuskaritzak zehapen prozedurea hasi eta gero.
(Bilbon, 2025eko apirilaren 16an). Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, EH Bilduk eskatuta, urriaren erdialdean Arraiz mendian dagoan tratamentu mekaniko biologikorako instalazinoan (TMB) izandako garbiketa lanetan behargin batek izandako lan istripuaren inguruko hainbat gairi erantzuteko. Aldundiko arduradunak ondorioztatu dauenez, gertakaria ez da zigor espedientea edegiteko errazoia izan, jazoeren barri izan zanetik martxan jarritako neurri “guztiak” “nahikoak” diralako etorkizunean antzeko beste egoera bat saihesten dala bermatzeko.
Atutxak gertakarien kronologia bat egin dau, lantegiko behargin bat atzerakako hondeamakina bategaz ontze-tunel bat garbitzera sartu eta gero zelanbaiteko ondoezagaitik medikuarengana joan zanetik; hamar bat beharginek bi astez egin eben lan hori. Mutuak, gasak arnasteagaitik bajarik bako laneko istripu “arin” lez definidu eban.
EH Bilduk azaldu dauenez, Bizkaiko Lan Ikuskaritzak, lantegia kudeatzen dauen TMB Arraiz ABEEaren kontrako zehapen prozedurea hasi dau, beharginen “segurtasuna eta osasuna arriskuan jarri dalako”, enpresaren funtzinoen artean “aurreikusi bako” lanak egiteko eskatu deutselako, eta, beraz, ez egoalako horreetarako arriskuen prebentzinorako protokolorik.
Raúl Méndez EH Bilduko batzordekideak azaldu dauenez, txostenean jasoten danez, tunelak garbitzeko beharrak “gas neurgailurik eta prebentzino baliabiderik barik” egin ziran. Behargina ospitale batean artatu behar izan eben, buruko min handia ebalako. Miaketaren arabera, odoleko karbono monoxidoaren maila “oso altua” zan. Jagokozan kontsultak egin eta gero, gertakari horren ondorioz Lan Ikuskaritzak zehapen-prozedurea abiarazo eban martiaren 21ean.
Atutxak azaldu dauenez, “dana protokolarizauta egoteko” ahaleginak egin arren, “ezustekoak” gertatu daitekez. Horregaitik, garrantzitsua da segurtasun batzordeek egiten daben lana. Holango gertaera bat gertatu izana penagarria dala esan dau. “Ez litzateke holangorik gertatu behar”, esan dau, enpresak “neurri batzuk prebentzinoz hartu beharko leukezalako”. EH Bilduk egindako galderei erantzunez, Atutxak baieztu dau kasu horretarako protokolo barria dagoala “onartuta eta adostuta”, eta Lan Ikuskaritzak egindako gomendioakaz bat datorrela. Behargin bat tunelean sartzen dan bakotxean aide-neurketak egiten dira. Garbikerrek osasunaren zaintza indartu dau kanpoko enpresa bat kontratauta, iragarri dau.
Aldundia igaztik lantegian egiten ari dan inbertsinoei jagokenez, inbertsino horreek “aldian behin” egiten jarraitzen da geldialdi tekniko baten ondorioz gelditu ez daiten. Diputatu andreak igaz TMB hobetzeko planaren inbertsinoak 6,8 milioi eurokoak izan zirala esan dau: segurtasun elementuetan, 2,7 milioi; mantentze-lanetan, 1,1 milioi; eta makineriaren ordezkapenean, ia 3 milioi.