ALDUNDIAK PREBENTZINO NEURRI SORTA BAT EZARRIZ HOBETUKO DAU BIZKAIBUSEKO GIDARIEN SEGURTASUNA

  • Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailak “segurtasuneko zentrala” ezarriko dau Bizkaibuseko autobusen zainketea hobetzeko, eta gidarien kontrako erasoak saihesteko manparak instaletea aztertuko dau.
     
  • Ertzaintzak areagotu egingo dau foru autobusen ibilpideen zainketea, gaueko zerbitzuetan batez be.
     
  • Sonia Pérez Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzeko diputatu andreak Bizkaiko Ibilbide Berdeen Lurralde Arloko Plana egiteko prozesua aurkeztu dau Batzar Nagusietan.
     
  • Batzar Nagusiek, Aldundiari Bizkaibizi zerbitzua zabaltzea eta Barikagaz ordaintzeko moduko noizbehinkako txartel bat ezartea aztertu daian eskatzeko erdibideko zuzenketa-eskea onetsi dabe.


(Bilbon, 2024ko apirilaren 25ean). Bizkaibuseko segurtasunak gora egingo dau Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ibilpide gatazkatsuenen zainketea areagotzeko lortu daben akordioaren ostean, Sonia Pérez Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzeko diputatuak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian jakinarazo dauenez. 

Joan dan apirilaren 16an egindako bileran adostutako ekimenen artean, egoera kritikoetan gidatzen daben beharginentzako jarduera-protokoloaren aktibazinoa eta arrisku handieneko ibilpideak dagozan eskualdeetako ertzainetxeakaz komunikazino zuzena izatea dagoz. Bilera hori lau egun lehenago –apirilaren 12an– Bizkaibuseko sindikatuakaz izandako beste bilera baten ostean deitu zan. Uriarteko autobusetako gidarien segurtasuna hobetzeko sortutako lantaldea dan Bizkaibuseko Segurtasun Batzordearen lehenengo bilerea bihurtu zan.

Ertzaintzak jarraibideak emon deutsez ertzainetxeei eguneroko patruila-lanean Bizkaibuseko geltokietatik eta autobusak gidatzen dituen beharginengandik hur egon daitezan, batez be ilundu dauenean eta beharrezkoa dan egoeraren bat dagoanean. Erasoei aurre egiteko jarduketa-protokolo bateratua be idatziko da enpresa guztientzat, foru diputatuak azaldu dauenez.

Enpresen eta Ertzaintzaren arteko komunikazinoan hobekuntza hori sartzeaz gain, Sonia Pérezek zainketaen zentral bat ezartea gehitu dau, bideozaintzako sistemearen bidez bezeroen eta gidarien mobimentuak “monitorizetako”. Modu berean, urte honetan bertan, sailak Ustiapenari Laguntzeko Sistema (ULS) barria sortzeko pleguak idatziko ditu, “20 urte baino gehiago” bete dituanez gaur egungo sistemea zaharkituta geratu dalako.

Segurtasun arloko hobekuntzen artean, diputatu andreak Segurtasun Batzordean landu diran beste alderdi batzuk aitatu ditu: bideozaintzako sistemen prebentzinozko mantentze-lanak hobetzea; Foru Agindu bidez erasoei aurre egiteko jarduketarako protokoloa sortzea; beharginei erasoen aurreko jokabideen inguruan emoten jaken prestakuntzea zabaltzea; herritarrak kontzientzietako kanpainea hedatzea –daborduko martxan dago–; eta ibilgailuetan manparak jartea aztertzeko lantaldea sortzea.

Bizkaibuseko segurtasuna bermatzeko agertoki barria, joan dan martiaren 19an, “zerbitzuko beharginen kontra aspalditik emoten ari diran eraso fisikoak eta berbazkoak salatzeko” Bizkaibuseko zerbitzuak dituan sei emakidetako plantillen artean (1.500 behargin baino gehiago) deitutako 24 orduko azkenengo lan-ixtearen ostean ari da osatzen. Beharginek neurriak ezarteko egin daben eskaria “ez da barria”, Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako batzordekideak gogora ekarri dauenez.

Diputatuak erantzun dauenez, bere sailak gai hori “ahalik eta garrantzi handienagaz” hartu dau, baina argi itxi gura izan dau Bizkaibusen ez dagoala “segurtasun arazorik”.


375 KILOMETRO BIDE BERDE

Beste agerraldi batean, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzeko diputatu andreak Bizkaiko Ibilbide Berdeen Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozedurea azaldu dau. Horren bitartez, “10 eta 12 urte bitarteko epean”, 375 kilometroko ibilbide berdeko sarea emon gura jako lurraldeari, bakarrik oinezkoentzako edo bizikletentzako diran bidexkak, herritarrak naturara hurreratzeko eta lurraldeko ondare kulturala eta historikoa ezagutarazoteko.

Erabilten ez diran trenbide-plataforma zaharrak, erreka-ibilguen edo bide historikoen (Done Jakue bidea, Zinpeko Bidea, Errege Bidea, Ardauaren eta Arrainaren Bidea...) ondoko bidexkak baliauko dira eskualde guztietara iritsiko dan sare erradiala egiteko, mobikortasun jasangarriagoa ezarteko. Une honetan, sarea “% 38,6an” dago osatuta, hau da, “145 kilometro”. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bideen beste “230 kilometro” egokitu edo eregi beharko dira, hau da, % 61,4a. Une honetan, eraikuntza proiektu aurreratuak dituen “30,5 km” dagoz.

Bideberdeak –holan deituko jako oinezkoentzako eta bizikletentzako sareari– Batzar Nagusietan Foru Arau bidez onartuko dan Ibilbide Berdeen Lurralde Plan Sektorialaren bitartez gauzatuko da, joan dan zezeilean ingurumen espediente estrategikoa eta aurretiazko kontsultak edegi eta “2028ko udabarrian” Bizkaiko Batzar Nagusietan araudia behin betiko onartzeagaz amaituko dala aurreikusten dan prozedurearen ostean.


BIZKAIBIZI ZERBITZUAREN HOBEKUNTZAK AZTERTZEA

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe hasiera batean popularrek aurkeztu daben arauz besteko proposamena aldatu dauen Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeen erdibideko zuzenketa-eskea, bizikleten mailegurako Bizkaibizi foru zerbitzuaren etorkizuneko hobekuntzak aztertzeko.

Batzar Nagusietako lau taldeek EH Bilduren aldeko eretxia be jaso dauen ekimena sinatu dabe, ezarri zanetik sei hilebete igaro eta gero, Aldundiari “azterketa zehatza” egin daian eskatzeko, hainbat alderdi balorauta: bizikleten eta horreen ainguraketen kopurua handitzea; triziklo elektrikoen kopurua handitzea; eta Bizkaibizi zerbitzua udalerri gehiagotara zabaltzea.

Bigarren puntuan, Batzar Nagusiek eskaerea egiten deutsie Aldundiari, une honetan inplikauta dagozan udalerriakaz batera, udal gehiago sartzeko eta Bizkaibizi zerbitzuaren lehenengo fasean parte hartzen daben udalerrietan hedapena handitu ahal izateko behar diran tresnak antolatu daizan.
 
Zerbitzuak erabiltzaile gehiago izateko, eskaria egiten jako Aldundiari, BGPagaz batera, Barik txartelagaz ordaintzeko moduko noizbehinkako txartela martxan jartea aztertu daian, eta abonauentzat pizgarri posibleak sartu daizan.

Bukatzeko, erdibideko zuzenketa-eskean mobikortasunerako eta bide-sentsibilizazinorako baliabide lez bizikletea sustatzeko kanpainea martxan jarteko eskatzen jako Bizkaiko Foru Aldundiari, ibilgailu motordunen, bizikleten eta oinezkoen arteko bizikidetzea bermatzeko.


ERANDIO-BARAKALDO GASOLINOA

Beste alde batetik, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Batzordeak ez dau onartu Barakaldo eta Erandio arteko gasolino zerbitzua berreskuratzeko “ibilpide orria” ezarteko EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena. Koalizino abertzaleak, zerbitzua garraio publikoaren sarean sartzeak kudeaketa zuzena ahalbidetuko ete dauen aztertzea eskatu deutso Aldundiari. Itsasadarraren ertzak lotzeko zerbitzuagaz batera, Rakel Goñi batzordekideak, arrakastarik barik, gasolinoaren ontzien erabilerea turismo, aisialdi, zabalkunde eta prestakuntza jardueren bitartez sustatzea proponidu dau, balorizazinorako tresna eta beste jarduera batzuetarako laguntza ekonomiko lez.