ALDUNDIAK AZPIMARRATU DAUENEZ MARTIAN ERANDION IZANDAKO URIOLAK “ARRAZOI NATURALENGAITIK” GERTATU ZIRAN, “HAMARKADATAN” IZAN EZ DIRAN “MAREA HISTORIKOENGAITIK”, HAIN ZUZEN BE
- Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian adierazo dauenez, All Iron zubiaren obrak ez dira uriola horreen eragileak.
- Aldundiko arduradunak baieztu dauenez Aseguruen Konpentsazino Partzuergoak konpentsauko ditu kaltetuak.
(Bilbon, 2024ko apirilaren 23an). Martiaren 11n, Erandioko Altzaga auzoan itsasadarrak gainezka egitea errazoi “naturalen” ondorioz izan zan, Bizkaiko Foru Aldundiak Batzar Nagusietako batzordean gaur baieztu dauenez. Gertakaria, lonjak, garajeak eta lokal komertzialak urez bete ebazan marea bizi “historikoakaz” bat etorriz gertatu zan. “Hamarkadatan” ez dira holango altuerara iritsi.
Aldundiak, Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuaren bitartez, barriro esan dau foru erakundea oinezkoentzako All Iron zubia eregiteko egiten ari dan lanak ez dagozala uriola horreen atzean, gaur batzordean egon diran Erandioko bizilagunek uste daben lez. Bizilagunen eretxiz, kaiko hesiak “murriztu” egin diranez Itsasadarretik datorren ura errazago sartu zan.
Izagirrek Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On Eta Gardentasunerako batzordean azpimarratu dauenez, egun batzuk geroago gertakari horren zergaitiak aztertzeko erakundeek sortutako foroak egiaztau dauenez, Altzagako ganezka egitea, 1.013 milibaretik behera egon zan presino atmosferiko “baju” baten ondorioz uraren laminan gertatu zan “hedatze efektuagaz” bat etorri ziran marea biziek eragindako gertaera “historikoa” izan da.
Holan, Itsasadarrak gora egin eta egun batzuetara, martiaren 20an, bilerea egin zan kausak eta ondorioak aztertzeko eta konponbideak bilatzeko. Bertan izan ziran URA, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzea, Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdiak eta Suhiltzaileak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiak, Euskalmet, Ertzaintza, Udaltzaingoa, Ur Partzuergoa eta udaleko teknikariak eta politikariak.
Izagirrek adierazo dauenez, Aldundiak, Ogasun eta Finantza Sailaren bitartez, “azkartu” egin dau kalteak ordaintzeko prozesua. Aseguruen Konpentsazino Partzuergoak hartuko ditu bere gain. Erakunde horrek, bere azterketen bitartez, baieztu egin dau deskribidutako uriolak ezohikoak izan zirala eta “30 urtean behin” gertatu daitekezala; hori dala eta, Foru Aldundiak uriola lez deklarautako ezbeharretarako “berehalako” estaldurea eskatu dau.
Ganera, Aldundiko arduradunak, kaltetutako personei alkartasuna adierazoteaz gain, iragarri dau Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Sailak txosten “independentea” eskatu deutsola kanpoko erakunde bati, uriolen zergaitietan sakontzeko.
Izagirrek agerraldia aprobetxau dau jakinarazoteko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa eta Foru Aldundia All Iron zubiaren eraikuntzaren barruan egiten ari diran jarduketek, uraren mailearen igoera horreen aurreko arriskuak murrizteko “egiturazko neurriak” sartzea aurreikusten dabela.
Ganera, arduradunak ohartarazo dau klima aldaketak ondorioak izango dituala itsas laminaren mailan. AZTIren txosten batean oinarrituta, Bizkaiko Golkoan itsasoaren igoerea “50 eta 60 zentimetro bitartekoa” izango da mende honen amaierarako, eta hipotesi hori baiezten bada erakundeek “maila guztietako” ekintzak egin beharko ditue.
EH Bilduk, bere aldetik, azpimarratu dau Erandio eta Barakaldo lotuko dituan oinezkoentzako zubiaren lanek eragina izan daikiela martiko urioletan. Bertako biztanleen berbetan, San Inazio kalera ez da “inoiz” urik sartu, eta zezeilean –lanak hasi aurretik– identifikautako marea bizien egoera batek ez eban kalterik eragin. Idoia Buruaga Batzar Nagusietako talde horretako batzordekideak azaldu dauenez, udal txosten bateans proiektautako zubiaren eta bizikleta-bidearen proiektuak “barriro aztertzeko” eskatzen jako Aldundiari, etorkizuneko marea biziek izango dituen eraginak “ahalik eta gehien” murrizteko.