ALDUNDIAK IRAILEAN HASIKO DAU “BESTE BIZKAIBUS BAT EREGITEKO” PARTE-HARTZE PROZESUA
- Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailak gaur egungo emakiden luzapena berretsi dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, autobusen foru sarearen lizitazino barriak 2028an Bizkaibus zerbitzuaren “oso agertoki eraldatzailea” marraztu arte.
- Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako foru diputatuaren berbetan, ia 17 milioi euroko kostua izango dau Bizkaibusen zerbitzua gaueko hamabiak arte luzatzeak.
(Bilbon, 2025eko maiatzaren 22an). Sonia Pérez Ezquerra Garraio, Mugikortasun eta Turismorako foru diputatuak, berak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, Bizkaibus zerbitzua Gauez emateko Azterlanaren eta datozan urteetarako Aldundiaren esku dagozan autobusen garraio zerbitzuaren egoerearen barri emon dau gaur. Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Turismorako batzordean egin dauen agerraldian, Aldundiko arduradunak, sei esleipendunetan oinarritzen dan Bizkaibusen gaur egungo emakiden luzapena berretsi dau. “Beste Bizkaibus bat eregiteko” hurrengo mugarria, berregituraketako aurretiazko proiektua lurraldeko toki erakundeen aurrean aurkeztea izango da, irailetik aurrera, parte-hartze prozesu “sistematizatuaren” bidez.
Bere agerraldian, Sonia Pérezek zerbitzuan sartu diran hobekuntzen eta zerbitzu barriaren aurreproiektua egiteagaz batera kontuan hartu beharreko puntuen eta 2026tik aurrera finduko diran pleguen errepasoa egin dau. Gero, “luzea” izango dan lizitazinoa helduko da, 2028an “oso Bizkaibus eraldatzailea” lortzeko.
Egungo egoerearen azterketan, diputatu andreak azpimarratu dau zerbitzuan aldaketak planteetan dirala lurraldeko hainbat puntutan. Aitatutako guneen artean diputatuak honeek aitatu ditu: Lea Artibai eta Busturialdea; Enkarterri, batez be Karrantza; Arratiako bailarea eta Nerbioi Garaiko udalerri batzuk; eta Urduña. Hobekuntza horreek “lehentasunezkoak” izango dira Sailarentzat epe laburrean, batez be “urrunen” eta trenbide alternatibarik barik dagozan eremuetarako, adierazo dauenez.
Zehatzago esanda, Garraioetako Foru Saila eskualdeburuak “ondo” definidutean eta udalerri jakin batzuetan eskariaren araberako zerbitzuak sartzean zentrauko da. Azkenengo gai horretan, laster 4 mikrobus gehituko jakozan Busturialdeko proiektu pilotua aitatu dau, eta etorkizunean Karrantzan, Lea Artibain, Durangaldean eta Mungialdean arlo horretan egingo diran beste jarduketa batzuk.
Etorkizuneko jarduketen artean, Aldundiko arduradunak “mobikortasun sortzaileak” sortzea aitatu dau, batez be hiru ospitale handiren inguruan (Gurutzeta, Urduliz eta Galdakao) eta Leioako campusean. Unibersidade barrutian linea barriak egongo dira EHU eta Ansio lotzeko, eta beste linea zuzenago batzuk Elorrio-Durangora, Enkarterrira, eta Bermeora eta Mungiara, Txorierritik igaro barik.
Proiektuan 2026an Aginte-postu Bateratua egikaritzea sartuko da, flota osoaren eta emakidadunen segurtasun arloko gorabeherak kudeatzeko. Segurtasuna hobetzeko atal horretan Perezek segurtasun protokolo bakarra egitea, gidarientzako manparak jartea aztertzea eta arrisku egoerak prebeniduteko sei prestakuntza pilula sartzea aitatu ditu.
Datozan urteetarako kontuan hartu beharreko puntuen artean, Garraio Sailak flota barriztauko dau. 142 autobus erosiko dira aurton eta datorren urtean. Horreetatik 21 elektrikoak izango dira eta base operatiboa Aparkabisan izango dabe.
Horrez gain, diputatu andreak beste jarduketa batzuk be aitatu ditu, operadoreakaz kudeaketa sistema bateratua ezartea, SAE barriztetea, irisgarritasuna hobetzea BGPko batzorde tekniko baten bitartez, markesinak instaletea edo 2026an aplikazino barria martxan jartea.
Gaur egun, Bizkaibusek ia 29 milioi bidaia zenbatzen ditu eta bere autobusek 28 milioi kilometro inguru egiten ditue. Perezek emondako datuak kontuan izanda, 101 linea, 2.357 geraleku eta 1,3 milioi bidaia dira urtean. Txartelak saltzetik datorren diru-bilketak 151 milioi euroko urteko aurrekontuaren “% 20a” baino ez dauela estaltzen gogora ekarri ostean, Bizkaibus zerbitzu “zabala, kalidadekoa eta hurrekoa” dala eta Bizkaiko garraio publikoaren “kapilaridade handiena” eskaintzen dauela esan dau.
Azterlan batean oinarrituta, Aldundiko autobusek 128.000 bidaia inguru egiten ditue lanegun bakotxean, eta kopuru hori % 38 bajetan da zapatuetan, 80.000 bidaiara, hain zuzen be. Bizkaibusen eskaintzan, goizeko 05:00etatik gaueko 23:00etara bitarteko zerbitzuak sartzen dira, hiru linea motatan banatuta: Bilbo eta eskualdeak lotzen dituen “enborrekoak” (20 linea); eskualdeak lotzen dituen “egituratzaileak” (40 linea); eta udalerri txikiak euren eskualdeetako buruakaz lotzen dituen linea “elikatzaileak”.
GAUEKO ZERBITZUAK
Berak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta egin dauen beste agerraldi batean, Sonia Perezek, bere sailak Bizkaiko Batzar Nagusien aginduz egin dauen Bizkaibusen Gaueko Azterlanaren emaitza nagusien barri emon dau.
Horri jagokonez, ordutegiaren luzapenaren araberako zerbitzu mota biren eskaeran eta kostuetan gelditzen da azterlana: zerbitzua gaueko hamabiak arte luzatzea, eta linea jakin batzuetan ordu horretatik goizeko 06:00ak arte gaueko zerbitzua emotea.
Holan, Bizkaibusen zerbitzua modu orokorrean gauerdira arte luzatzeak ia 17 milioi euroko kostua izango leuke (16.904.175 euro). Bestalde, gauez trenbideko eskaintzarik (metroa eta trena) ez dagoan lekuetan goizaldean gaueko ibilbideak ezarteak 3.106.029 euroko kostua izango leuke guztira (1.170.000 euroko gastua flota bakotxeko, eta 1.936.029 euroko kostu operatiboa). Kalkulu horretan, azterlanak, urtean 16 eta 29 urte bitarteko 150.000 gazteren eskaria izango leukien 8 linea sartzea aurreikusten dau.
Eta, bukatzeko, EH Bilduk Aiaraldearen eta Usansoloko Ospitalearen arteko autobus linea zuzenaren ganean egindako galderei erantzunez, Garraio diputatuak baieztu dau Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiak beharrean dabilzala daborduko, eskualde horregaz eta Urduñagaz loturak hobetzeko. “Uda baino lehen ezagutuko da zerbitzua eta hilebete batzuk geroago jarriko da martxan”, zehaztu dau.