ALDUNDIAK SESTAOKO SANTIAGO LLANOS EGOITZEARI 23.500 EUROKO ISUNA EZARRI DEUTSOLA IRAGARRI DAU BATZAR NAGUSIETAN
- Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, EH Bilduk eskatuta, egoitza horri edegitako espediente batzuen barri emoteko. Espediente horreek 23.500 euroko isunagaz itxi dira, egoitzen araudiaren dozena erdi bat ez beteterengaitik.
- Oposizinoak egoitza horren egoera “kezkagarria” salatu dau, “behin eta barriro” egin ditualako arau-hausteak, 371 personak sinatutako erreklamazinoak jasoten dauen lez.
- Foru gobernuari eusten deutsien taldeek Aldundiaren lana babestu dabe, “kexa guztiei” erantzun jakelako, eta edegitako jarraipen eta zehapen espedienteek Gizarte Ekintzarako Sailaren kontrol eta ikuskapen sistemek “funtzionetan dabela” erakusten dabelako.
(Bilbon, 2025eko otsailaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek, EH Bilduk eskatuta, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako foru diputatuaren agerraldi bikotxa bideratu dabe gaur batzordean, Sestaoko Albiz Santiago Llanos eta Arrigorriagako Domus VI Arandia adinekoen egoitzetan aurkeztutako “kexen eta espedienteen” inguruko informazinoa emon daian. Aldundiko arduradunak jakinarazo dauenez, lehenengo kasuan zentroa kudeatzen dauen enpresak –Babesten Taldea– isun ekonomikoa jaso dau dozena erdi bat ez-beteterengaitik, 23.500 euro guztira. Joan dan urtarrilaren 13an, Aldundiak ezetsi egin eban enpresak zehapen horren kontra aurkeztutako errekursoa.
Antxustegik azaldu dauenez, zigor ekonomikoa, medikuaren agindurik barik erabiltzaileen euste fisikoan araudia ez beteteagaitik, beharginen ratioa ez beteteagaitik edo egoiliar baten osasun arretan akatsak egoteagaitik eta instalazino batzuen mantentze lanetan izandako urratzeengaitik ezarri da. Zehatzago esanda, kexak dirala eta egindako ikuskapen espediente bi eta ofiziozko espediente bat batzen dituan 2024ko maiatzean hasitako zehapen-espedienteak bost zehapen desbardin ezarten ditu: “500 euro, mantenimenduarengaitik; 12.001 euro, ratioa ez beteteagaitik; 5.000 euro, medikuak agindu bako lotura fisikoengaitik; 3.000 euro, egoiliar bati arreta desegokia emoteagaitik; 3.000 euro, beharrezkoak diran hainbat zuzenketa epe barruan ez beteteagaitik; eta ohartarazpen bat erregistro bat ez eguneratzeagaitik”, azaldu dauenez.
Modu berean, azkenengo urteetan Erabiltzaileen Arretarako Unidadeak adinekoentzako 134 egoitza-plaza dituan egoitza horren inguruan jaso dituan kexen zehaztasunak emon ditu Antxustegik, izan be hiru jarraipen espediente edegi dira. Foru diputatuak adierazo dauenez, igaz 12 kexa jaso ziran, eta horreei oraintsu sartu diran beste bi gehitu behar jakez. “Guztiei erantzun jake”, baieztu dau.
Foru diputatuak 2024an egoiliarren senideek aurkeztutako dozena bat erreklamazinoren ganeko zehaztasunak emon ditu. Garrantzitsuena jorrailaren 9an jaso eben. “371” senidek sinatutako idazkian, beharginen ratioetan, gaueko elementu xurgatzaileen aldaketan eta janariaren kalidadean, garbitasunean edo euste fisikoetan ez beteteak egon dirala salatu eben. Banakako beste kexa batzuen bidez, senitartekoek beste eraginkortasun falta batzuk antzeman ditue, halan zelan arreta medikorik eza, jausikoak, hornidura medikorik eza edo akatsak sendagaiak emotean.
Oposizinoko taldeak “arduratuta” agertu dira diputatuak emon dituan datuak ikusita eta egoitza horrek ez dauelako araudia “behin eta barriro” bete. Agerraldia eskatu dauen Izaskun Duque EH Bilduko batzordekideak, zentroak azkenengo bost urteetan metatu dituan kexa eta espediente kopuruak ekarri ditu gogora. Halan, pandemiaren urtean (2020), zazpi kexa jaso ziran; 2021ean, bi; 2022an, seira igon ziran; 2023an, lau; eta 2024an, hamabi.
Foru gobernuari eusten deutsien taldeek, euren aldetik, Aldundiaren lana babestu dabe, “kexa guztiei” erantzun jakelako eta edegitako espedienteek Gizarte Ekintzarako Sailaren kontrol eta ikuskapen sistemek “funtzionetan” dabela erakusten dabelako, bai ofiziozko ikuskapenen bitartez heltzen dan informazinoaren, bai senideen kexen bitartez martxan jarten diranen ondoriozkoak. “Inoiz baino kontrol gehiago” egiten dira eta horrek eragina dauka Bizkaiak “egoitza zerbitzu ona” izatean, bukatu dau diputatuak.
Antxustegik bere lehenengo agerraldiaren amaieran adierazo dauenez, bere sailaren “lehentasuna” egoiliarrak “ondo artatuta egotea” da; horregaitik, senideei kexen bidea erabilteko eskatu deutse, Aldundiak “ikuskapen gehiago egin ahal izan daizan”. Ratioei jagokenez, zemendiaren 7an ofizioz egoitzan egin zan azkenengo ikuskapenak egoitzak gitxieneko ratioa beteten ebala egiaztau eban. Diputatu andreak, egoitzek osasun arloko beharginak kontratetako daben “gaiztasuna” berretsi dau, erizainak eta medikuak batez be.
DOMUS VI ARANDIA EGOITZEA
Beste alde batetik, Izaskun Duque batzordekideak gogora ekarri dauenez “segurtasun faltarengaitik eta beharginen ratioak ez beteteagaitik” plantillaren salaketak jaso dituan Arrigorriagako Domus VI Arandia egoitzeari jagokonez, Antxustegik esan dau zentroak daborduko bideratu dituala “urraketa guztiak”. Gizarte Ekintzarako Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuak urtarrilaren 16an egindako txosten baten arabera, akatsak “konponduta dagoz”.
Zehatzago esanda, irailean egindako ofiziozko ikuskapen batek akatsak hauteman ebazan komun batzuetako abisu-tinbreen mantentze-lanetan eta eusteko sistema fisiko baten narriaduran eta urraketak medikuen gitxieneko ratioan, izan be arauak “1,27ko” ratioa ezarten dau eta zentroak ez eban beteten, “1ekoa” zalako. Horri jagokonez, Antxustegik baieztu dauenez, gaur egun egoitzak “1,285eko” ratioa dauka.