ALDUNDIAK IRAGARRI DAU EZ DALA ATZEMON DERMATOSI NODULAR KUTSAKOR “KASU BAT BERA BE”
- Bagilean Katalunian gaixotasun hori detektau ostean sortutako Krisi Mahaiak hilaren amaieran balorauko dau abeltzaintza sektorearen egungo murrizketak kenduko dituan ala ez
(Bilbon, 2025eko zemendiaren 17an). Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, EH Bildu taldeak eskatuta, dermatosi nodular kutsakorra eta horren hedapena prebeniduteko hartu diran neurrien barri emoteko. Foru Aldundiak baieztu dauenez, orain arte ez da gaixotasun horren kasu positibo “bat bera be” erregistrau lurraldean.
Gaixotasun horrek eragindako alertea 2025eko bagilean aktibau zan, Europar Batasunak Europako lehenengo fokuen barri emon ebanean, hasieran Katalunian eta gero Frantzian, diputatuaren berbetan une honetan “kontrolauta” dagozan fokuak, hain zuzen be. Egoera horren aurrean, abeltzaintza-zerbitzuak ustiategiko albaitariak jakinaren ganean euki ebazan, zaintza eta kontrol-neurriak zorroztu eiezan. 2025eko urriaren 6an, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak lehenengo fokuari buruzko txostena egin eta gero, autonomia-erkidegoek eta Ministerioak erregelamenduan jasotako neurriak ezarri ebezan. Estaduaren neurri horreen artean dagoz, beste batzuen artean, eragina jasan dauen ustiategian animalia sentikor guztiak hiltea eta suntsitzea, fokuaren inguruan babes-eremuak (20 km) eta zaintza-eremuak (50 km) ezartea, animalien, gorpuen, esne gordinaren, haragi freskoaren eta simaurraren mobimentuak murriztea, eta mugatze-eremuan preminazko txertaketea hastea.
Nekazaritzako Zuzendaritzak hainbat jarduketa egin ditu. Urriaren 6an bertan, egoereari eta babes- eta zaintza-neurriei buruzko informazino-oharra bialdu jakon sektoreari. Gaixotasunaren bilakaerearen bialketa eguneratua egin jaken ustiategietako albaitari guztiei. Ganera, urriaren 24an, “jente asko alkartu eban” aurrez aurreko informazino-bilerea egin zan abeltzain, albaitari kliniko, erakunde sektorial eta sindikatuakaz, egoerea eta prebentzino-neurriak azaltzeko.
Sektoreagaz prebentzino-neurriak ezarteko beharra adostu eta gero, Eusko Jaurlaritzaren agindu bat argitaratu zan urriaren 24an, eta geroago aldaketak egin ziran hilaren 31n. Agindu horretan jasotako neurriak honeek dira: azokak, lehiaketak eta bestelako animalia-kontzentrazinoak etetea zemendiaren 30era arte; animalien garraio guztietan desinfekzinoa egin behar izatea; jatorritik helmugara derrigorrez geldialdirik barik zuzenean garraiatzea; eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dermatosiagazko sentikorrak diran animaliak dituen ustiategi guztiak 21 egunez immobilizetea eta horreen jarraipena egitea. Arazoa kontroletako sortutako Krisi Mahaiak hil honen amaieran balorauko dau egoerea, neurri horreekaz jarraitu edo bertan behera itxi erabagiteko.
Atutxak adierazo dauenez, abeltzaintzaren sektoreak “kezka handia” erakutsi dau gaixotasunak eragin leiken eragin ekonomikoarengaitik. Krisi-mahaia sortu dan arren, gauzatzeari, txertaketeari eta positibo bat agertu ezkero egin beharreko beste jarduketa batzuei ekiteko, txertaketea ezin jako Bizkaiko ganadu guztiari aplikau. Txertoa “bizi motakoa da eta arriskua dakar”, eta, beraz, kasu positiboren bat hauteman dan gune kutsatuetara mugatuta dago, eta, ganera, Europar Batasunaren beren beregiko baimena eskatzen dau.
Hortaz, gaur egun daborduko hartu diran zaintza- eta desinfekzino-neurrietan oinarritzen dira jarduketak. Ustiategi bakotxak biosegurtasun-neurri zorrotzak hartu beharko ditu kanpoko kamioiek edo personek sartu leikien kutsadurea saihesteko. Fokua kontrolauta dagoala emoten dauen arren, Aldundiak “zaintza prozesuagaz jarraitzen dau”.
Urtzi Ostolozaga Arrien EH Bilduko batzordekideak hainbat kezka iraunkor adierazo ditu sektorearen izenean, adibidez elikagaien prezioak eta abeltzaintzako proiektu askoren etorkizuna eta bideragarritasuna, holango dinamikek kalte handiak eragin leikiezalako. Azkenik, galdetu dau ea Sailak neurriak aurreikusi dituan, batez be ekonomikoak, kalteak larriagotu ezkero ustiategien bideragarritasunari eusteko, eta Europak aziendea hilteko ezarri dauen derrigortasunean eragiteko zirrikiturik ete dagoan aztertzeko be eskatu dau.
LEGEZ KANPOKO ISURKETAK
Beste alde batetik, EH Bilduk legez kanpoko zabortegien kontrolari eta informazino sistematizauaren bilketeari buruz egindako itaunari erantzunez, Atutxak jakinarazo dau “kontrolik bako isurketen inguruko 98 gorabehera” jaso dirala herritarrei arretea emoteko kanalen bidez. Horreetatik 62ri buruz Ertzaintzak informau eban, 21i buruz udalerriek eta 15en ganean norbanakoek.
EH Bilduko batzordekideak puntu horreek goiz detektetako sistema protokolizaua eta mapaketea sortzeko egin dauen proposamenaren aurrean diputatua ados agertu da, mapaketea “eraginkorra izan daitekela” esanez. Informazinoa jaso ostean isurketak atoan konpontzeko prozesua modu batean edo bestean “sistematizauta” dagoala uste dauen arren, sistemea hobetu daitekela onartu dau. Diputatu andreak informazino gehiago sartzeko proposamena eta “erronkea” onartu ditu, batez be isuria behin eta barriro gertatzen diran lekuak mapan jarri ahal izateko.


