ALDUNDIAK IRAUPEN LUZEKO ZAINKETEN TRANTSIZINORAKO LEHENENGO PLANAREN GANEKO BALANTZE POSITIBOA EGIN DAU, ARRETA-EREDUAREN ERALDAKETEAREN “KATALIZATZAILE” LEZ

  • Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, orain lau urte, pandemiaren ostean, martxan jarri zan laguntza ereduaren ibilbide orri barriaren indarguneak, ahuleziak eta etorkizunean aurrera egiteko ildoak azaltzeko.


(Bilbon, 2025eko urriaren 27an). Aldundiak gaur jakinarazo deutse Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordeko kideei Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizinorako Lehenengo Planaren (2021-2025) ebaluazinoa, 2024ko apirilean Batzarretako osokoak mozino bat onartu ostean eskatu eban lez. Balantze horretan, Aldundiak orain lau urte martxan jarri eban eta bost proiektu “bultzatzaile” batzen dituan zainketa-ereduaren ebaluazinoa jasoten da: etxeIKT zentroak, Bizkaiko egoitza-zentroetako bizikidetza-unidadeak, eskualdeetako erreferentziazko zentroak, profesionalentzako prestakuntzearen hobekuntzea eta Getxon belaunaldien arteko zentro bat martxan jartea.

Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako foru diputatuak bere agerraldian esan dauenez, balantze orokorra “guztiz positiboa” da, atzemon diran mugak ahaztu barik. Ebaluazinoak azpimarratzen dauenez, Planak zainketen eredua eraldatzeko prozesuaren “katalizatzaile” lez jokatu dau, proiektu barritzaileak eta estrategikoak sendotzea lortu dau, eta zainketen personalizazinoan aurrerapen garrantzitsuak bultzatu ditu. Indarguneen artean hainbat ingurune (etxeetakoa, egoitzetakoa, komunitarioa) eta biztanle-talde ugari (adinekoak, desgaitasuna daben personak, zaintzaileak, etab.) hartzen dituan Planaren osotasuna dago. Arrakastarako beste faktore bat, pertsonalizazinoa eta arretearen kalidadea lehenesten dituan “ikuspegi etikoa” hartzea izan da, egiturazko aldaketak (erreforma arkitektonikoa, adibidez) eta jardunbide profesionaletan eta arretearen kulturan aldaketa sakona bilatzea buztartuz. Modu berean, eredu aldaketara atxikitzeko borondatezkotasunak, erakundeentzako gertuko laguntza teknikoak eta “eskualdeko kontzepzino deszentralizaua” hartzeak ezarpenean eraginkortasun handiagoa izatea bermatu dabe. 

Balantzea positiboa izan dan arren, alkarrizketen, eztabaida-taldeen edo tailerren bidez 52 personak parte hartu daben eta aurtengo zezeilean eta martian egin dan ebaluazinoan Planaren aurrerapen orokorra oztopatu eben elementuak identifikau dira, diseinetan ari dan hurrengo estrategian konpondu beharreko “ahuleziatzat” jotakoak, hain zuzen be. Oztopo esanguratsu bat COVID-19aren pandemiak gogor markautako testuingurua izan zan. Lehen mailako arretako zerbitzuek eta hirugarren sektoreak Planaren diseinuan eta ezarpenean parte hartze “eskasa” izan dabela adierazo da. Ganera, “Koordinazino-arazoak” egon dira eragileen eta eskumen-mailen artean, eta horrek saihestu egiten ditu pertsona beraren bizi-zikloaren trazabilidadea eta zainketen jarraitutasuna. Modu berean, profesional batzuek “aldaketearen kontrako erresistentzia” erakutsi dabe, eta mendekotasun egoeran dagozan biztanleen aniztasunari begiratu barik, adinekoengan zentrautako laneko ildoak nagusitu dira, desgaitasuna edo haurtzaroa eta nerabezaroa behar dan moduan kontuan hartu barik. Azkenik, planaren proposamen teorikoa eta filosofikoa gehiago garatzeko eta hobeto hedatzeko beharra identifikau da. 

Bigarren plana egiteko, ikasi dan guztitik eratorritako hainbat “aurrerapen ildo” planteetan ditu Aldundiak. Aurrerapen ildo nagusia proiektu bultzatzaileen fokua zabaltzea da, eraldatu behar diran elementu nuklearren moltsoari heltzeko. Horren barruan sartzen da zerbitzuen “esleipen pertsonalizaturako formulak” sartzea, besteak beste, aurrekontu pertsonalak edo autozuzendutako laguntzak. Horreek guztiek erabiltzaileen malgutasuna, autonomia eta aukeratzeko gaitasuna handitzea ahalbidetuko leukie. Ganera, funtsezkoa da arretearen kalidadearen ebaluazinoagaz erlazionautako elementuak barritzea, zentroen etenbako hobekuntzarako gardentasuna eta laguntzea sustatzeko erispideen eta adierazleen esparru komuna sortuz. Beste lehentasun batzuen barruan sartzen dira planaren hedapena eta helburuak hobetzea, adierazle-sistema baten garapena bultzatzea Osakidetzagaz lankidetzan, eta Planaren estamentuetan ezarpen sistematikoa bermatzea. 

 

BIZITZA LUZEAREN ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN ZUZENDARITZEAREN SORKUNTZEA 

Diputatu andreak agerraldia egin dau, berak eskatuta, Naiara Artaza Aristondok zuzenduko dauen Bizitza luzearen eta Erronka Demografikoaren Zuzendaritza Nagusi barria aurkezteko. Zuzendaritza hori Bizkaiko gizartean aldaketa demografikoaren ondorioz sortzen ari diran etorkizuneko erronkei erantzuteko beharrari erantzuteko sortu da. Biztanleria 1,16 milioi biztanle inguruan egonkortu dan arren, egiturazko aldaketea jazo da biztanleriaren piramidean. Gaur egun, lurraldeko biztanleriaren erdiak baino gehiago 50 urtetik gorakoa da, eta % 31k 65 urte baino gehiago ditue. Aldaketa hori jaiotza-tasa bajuaren eta 1975ean 75,2 urte izatetik 2023an 84,4 urte izatera igaro dan bizi-esperantza handiagoaren ondorio da.

Zuzendaritza barriak sei pertsonako taldea izango dau (4 teknikari, zuzendariordetza bat eta zuzendaritza bat), eta “mugarri garrantzitsua” izango da Aldundiaren organigraman. Talde hori arduratuko da erabateko zahartze osasungarriagaz lotutako politika publikoak diseineteaz, bultzatzeaz eta koordineteaz, zainketen barrikuntzea eta Bizitza Luzearen Bizkaiko Zentroaren kudeaketea barne. Zuzendaritza barriak, batez be, foru gobernuaren beste arlo batzuakazko “zeharkako” bokazinoa eta ekintzea izango ditu. Lehentasunezko jarduera-esparruen artean, Nagusi Intelligence Center (NIC) bere gan hartzea eta barriro definidutea dago. Hausnarketa estrategikoko aldi batetik igaroko da, bere eginkizuna indartzeko. Ganera, demografiaren eta zainketen behatokia martxan jarteko lehengo pausoak emoten ari dira. Behatokiaren helburua lurraldean erabagiak hartzeko eta politika publikoak bideratzeko funtsezko datuak biltzea, aztertzea eta zabaltzea da.

Esparru estrategikoan, Antxustegik jakinarazo dauenez, zuzendaritza barria erronka demografikoko eta bizitza luzeko ekimenak integrauko dituan “ibilbide orri estrategikoa” egiten ari da. Lan hori amaitzeko, 2026ko lehenengo seihilekoan erronka demografikoaren aurrean “faktore anitzeko eta zeharkako” ikuspegia izango dauen estrategia diseinauko da. Zuzendaritzak, ganera, bere gan hartuko dau daborduko existiduten diran funtsezko estrategien koordinazinoa, besteak beste “Bizkaia, adin guztientzako lurralde lagunkoia” ekimenaren garapena, eta iraupen luzeko Zainketen Planaren eta Bizkaiko 2023-2026ko Plan Operatibo Soziosanitarioaren koordinazinoa.

Oposizinotik, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak adierazo dau zuzendaritzaren sorkuntzea ikuspegi “miopea” dala erronka demografikoari neurri handiko konponbidea emoteko. PP taldeak esan dauenez, ekimenean “gitxi egiten da berba” adinekoen larregizko presentzia hori arintzeko jaiotza-tasa sustatzeari buruz. EH Bilduk gehitu dauenez, bere eretxiz idea hori berregituraketea eta negozio aukerea da, beste ezer baino gehiago. Koalizino abertzaleak sailen arteko lankidetzea, migrazinoaren eragina eta bardintasun politikak zelan jorratuko diran galdetu dau.

Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek –EAJ-PNV eta PSE-EE– zuzendaritza horren sorrerea oso albiste positiboa dala azpimarratu dabe. Abangoardiako politiketan sartzea eta erronkea, barrikuntzea sustatzeko, kohesino sozial handiagoa lortzeko eta pertsona guztien bizimodua hobetzeko aukerea bihurtzearen aldeko apustua egitea da.

ARRIGORRIAGAKO DOMUS VI ARANDIA EGOITZEAREN EGOEREA

Arrigorriagako Domus Vi Arandia egoitzako beharginen eta gerentziaren arteko gatazkea izan da Batzar Nagusietako eztabaidearen ardatza. EH Bilduk beharginen eta zentroaren artean lan baldintzakaitik zabaldu dan gatazkearen inguruko erantzunak eskatu deutsaz Aldundiari. Izaskun Duque Santacoloma batzordekideak azaldu dauenez, ELA sindikatuak behargin faltea, materialen egoera txarra, gaixotasun infekzinosoei aurre egiteko protokolo eguneratuen faltea, lan karga handiak eta behargin eta baliabide material faltea salatu ditu.

Batzordean gai horri buruz galdetu ostean, Amaia Antxustegik jakinarazo dau Aldundiak garagarrilean zabaldu eban espedientearen aurrean errekursoa aurkeztu ebala enpresak urriaren 4an. Espediente horretan, guztira 37.003 euro hartzen ebezan isunak ezarri ziran, hainbat ez betete zirala eta, horreen artean beharginen ratioak ez betetea edo arreta desegokia emotea, egoiliarren osasunean kalteak eraginez. Halanda be, irailaren 17an egindako ofiziozko ikuskapen batek egiaztau ahal izan eban egoitzak beteten dauela lanbide-kategoria guztietan eskatzen dan beharginen-ratioa. Ganera, egoitzak, antzemandako narriadura fisikoari aurre egiteko instalazinoen mantenimendu-lanetarako plana aurkeztu dau.

Joan dan urriaren 23an beste ikuskapen bat egin zan, gaixotasun infekzinosoak (eskabiosia) hautemateko zenbait jarraibide ezarri ete ziran egiaztetako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Osalanekin koordinauta. Azkenengo ikuskapen horren emaitzea “positiboa” izan da: egoitzako prozedurak prebentzinorako “ikuspegi integral eta egituratua” erakutsi eban, erantzukizunak argi eta garbi identifikauz, plana behargin guztiei zabalduz eta kasuen jarraipen aktiboa eginez.

Antxustegik barriro esan dauenez, Foru Aldundiak beharginen kudeaketan eskumenik ez daukan arren, emondako zerbitzuetan “ongizate eta kalidade estandarrak beteten dirala jagoteko” betebeharra dauka, eta ikuskapena da horretarako dauen kontroleko tresna nagusia.