ALDUNDIAK 140 MILIOI EURO INBERTIDU DITU AZKENENGO HAMARKADAN ENPRESA TXIKIEN ETA ERTAINEN INDUSTRIAKO ETA ZERBITZU AURRERATUETAKO LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO

  • Ainara Basurko Urkiri Ekonomia Sustatzeko diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren barruan hartu diran erabagiak zehazteko.
     
  • Bizkaiko industrialdeen batez besteko okupazinoa % 90ekoa da.


(Bilbon, 2025eko bagilaren 20an). Ainara Basurko Urkiri Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak berak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian jakinarazo dauenez, azkenengo hamarkadan Aldundiak 140 milioi euro inbertidu ditu Bizkaiko eskualdeetan, ETEei industria proiektuetan eta zerbitzu aurreratuetan laguntzeko. Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren programek 4.560 proiektu baino gehiago babestu ditue 2015etik 2024ra, BEAZegaz eta eskualdeko 23 eragilegaz lankidetzan. 2023-2027 aldiari begira, helburua “inpaktu gehiago lortzea eta enpresa gehiagorengana heltzea” da, aurreratu dauenez. 

Eskualdeetako industria-sektorearentzako laguntza bolumen hori orain dala hamar urte sortu zan “Bizkaia Orekan Sakonduz” estrategiaren bitartez garatu da. Politika estrategiko horrek lurraldearen lehiakortasuna indartzeko helburua dau, ikuspegi “deszentralizauagaz, parte-hartzaileagaz eta tokian tokiko errealidadeetara egokituagaz”, eta, horren bitartez, “industriaren lehiakortasunaren aldeko apustutik, persona guztiei ongizatea ekarriko deutsen lurralde-garapen orekatua bultzatu gura da”, azaldu dau Basurkok.

Programaren bilakaerea kontuan hartuta, 2024ko ekitaldia izan da intensidade handieneko urtea, 16,8 milioi eurotik gorakoa, hau da, 2023an baino % 1eko gehiago, eta 2015etik % 80ko igoera metatua erakusten dau. Azkenengo hamarkada honetan gastautako 139.651.000 euro horreen barruan 75 milioi barrikuntzara zuzendutako proiektuetan inbertidu dira, eta % 46 Durangaldean (36,4 milioi) eta Txorierrin (27,7 milioi) dagozan enpresetan.

Milioi askoko laguntza horreek enpresetan “lehiakortasuneko palankak” babesteko balio izan dabe, hainbat gaitan, besteak beste internazionalizazioan, deskarbonizazioan, digitalizazioan, barrikuntzan, negozio barrien azterketan, sektoreen analisian, plan estrategikoen lanketan eta gobernantza ereduari buruzko hausnarketetan. “Sareak” urtean gehienez 100.000 euroko laguntza onartzea ahalbidetzen deutso eragile bakotxari, eta 200.000 eurora igon daiteke eskualde batean tokiko agentzia bakar batek eragiten badau.

Bariku honetan Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia Sustatzeko Batzordean aurkeztu dan eskualdeko diagnostikoak, Orkestragaz, Lehiakortasunerako Euskal Institutuagaz, alkarlanean egin dan Eskualdeko Lehiakortasunaren Behatokiaren adierazle nagusiak aztertzen ditu, eta lau taldetan sailkatzen ditu Bizkaiko eskualdeak, industriak eta zerbitzu aurreratuek bakotxean daben pisuaren arabera. Halan, Txorierri nabarmentzen da eremu horreetan pisu handiena dauen eskualdea dalako, Euskadiko Parke Teknologikoko Bizkaiko campusaren eraginari esker. Industrian pisu handia eta zerbitzu aurreratuetan pisu ertaina daben taldeko eskualdeak Durangaldea, Lea-Artibai, Mungialdea eta Meatzaldea dira. Bestalde, Arratiak, Busturialdea-Urdaibaik, Enkarterrik eta Nerbioi-Ibaizabalek pisu ertain-handia erakusten dabe industria-jardueran eta maila txikia zerbitzu aurreratuetan. Azkenik, Eskumaldeak, Ezkerraldeak eta Uribe-Kostak ganerako eskualdeek baino enpleo gutxiao dabe industrian.

2024ko datuek erakusten dabenez, jarduera ekonomikorako espazioen erabilgarritasunari jagokonez Bizkaiak (Bilbo kontuan hartu barik, ez dalako Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren parte) 400 industrialde ditu, eta horreetan 7.696 enpresa dagoz. Eremu horreek, eskualde guztien artean, % 90 inguruko batez besteko okupazinoa dabe. Mungialdean, industrialdeak “ia beteta dagoz”; Uribe Kostan, barriz, okupazinoa “% 77koa” da.

Jarduera ekonomikorako espazioak manteniduteko eta hobetzeko, Ekonomia Sustatzeko Sailak laguntza programa bat dauka. 2018an martxan jarri zanetik 81 proiekturi emon jake laguntzea, 25 industrialdetan guztira, eta 2.840.000 euro bideratu dira horretara. Basurkok Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programaren barruan gauzatutako inbertsinoa be aitatu dau, 2020tik 2024ra 5,2 milioi euro aktibau dira-eta. Onura gehien jaso daben eskualdeak Lea Artibai inbertsino osoaren % 15 bereganatuta, eta % 14 eskuratu dauen Busturialdea izan dira. Zenbateko horren % 80,9 zuzenean injektau jake enpresei.