ALDUNDIAK BERMATU EGITEN DAU BATZAR NAGUSIEK ONARTUTAKO EKIMENAK OSORIK BETEKO DIRALA, ETA BAKARRA BE EZ DALA AKTIBAU BARIK GERATUKO

  • Foru gobernuak, azkenengo urte bietan Bizkaiko Batzar Nagusietan onetsi diran arauz besteko ekimenak beteteari buruzko txostena aurkeztu dau gaur osokoan. Guztira 11 mozino eta arauz besteko beste 11 proposamen izan dira.
     
  • Osokoak ez ditu onartu gaur iruzur fiskalarengaitik epaitutako zergadunei egindako atzerapenen, udalerri txikietan elikadura guneak jartearen, sexu indarkeriaren biktima diran emakumeei arretea emoteko Krisi Zentroko behargin kopurua handitzearen eta Abiñako San Antonio guneko auzibidea barrikustearen inguruan oposizinoak aurkeztu dituan hiru mozino eta arauz besteko proposamen bat.

 

(Gernikan, 2025eko urriaren 22an). Bizkaiko Batzar Nagusiek ohiko beste osoko bat egin dabe gaur Gernikan, eta bertan bost ekimen eztabaidatu dira. Eguneko gai zerrendako azkenengo gaian, Aldundiak, 2023ko irailaren 1etik 2025eko irailaren 1era bitartean Bizkaiko Batzar Nagusiek onetsi dituen Arauz Besteko Proposamenak eta Mozinoak gobernuak beteten ete dituan kontroleteari buruzko Txostena aurkeztu dau. Txosten horrek erakusten dauenez, Foru gobernuak bete egin dau Batzar Nagusien agindua, eta behar diran baliabideak erabili ditu ekimenak legealdi honetako lehenengo urte bietan gauzatuko dirala bermatzeko. Txostena Batzar Nagusien araudiak ezarritako betebeharra kontuan izanda egin da.

Ager Izagirre Loroño Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak azpimarratu dauenez, aztertutako epealdian Batzar Nagusiek 22 ekimen onetsi ebezan: arauz besteko 11 proposamen eta 11 mozino. Txostenak azpimarratzen dauenez, ekimen horreek “guztiak” kudeaketa fasean dagoz, eta “bat bera be ez dago martxan jarri barik”. Aldundia izan zan 22 ekimenetatik 21en hartzaile zuzena. Beste ekimen bat Bizkaiko Garraio Partzuergora bideratu zan.

Onartutako ekimenetatik, 10 betearazpen-fasean dagoz (arauz besteko 5 proposamen eta 5 mozino), 3 mozino plangintza-fasean, eta beste 6 proposamen amaituta.

Ekimen horreetako gehienak, onartutako ekimenen % 68a jaso daben Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailak eta Gizarte Ekintzarako Sailak kudeatu ditue.

Diputatuak adierazo dauenez, gauzatzen ari diran proposamen eta mozino gehienak “oso aurreratuta” dagoz daborduko, azkenengoak izan ezik. Modu berean, Izagirrek agindu batzuen kudeaketak berez daukan konplexutasuna onartu dau, eta azpimarratu dau ekimen batzuk aurrera eroateko “hainbat eragile ados jartea” beharrezkoa dala; edo landutako gaiak berez “oso konplexuak” diranean, horrek denporea eskatzen dauela guztiz beteteko.

 

ONARTU BAKO EKIMENAK

Mozino batean, EH Bilduk arau aldaketa bat eskatu dau, iruzur fiskalarengaitik justiziaren aurrean kausa bat edegita daben zergadunek atzerapena edo zatikapena eskatzeko aukerarik izan ez daien, ganerako lurraldeetan jazoten dan lez, Arantxa Sarasola Lartategi batzarkideak azaldu dauenez. Modu berean, iruzurgile horreen zerrendea publiko egitea eskatu dau.

Ekimena ez da onartu, Bizkaiko Talde Popularra, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeek kontrako botoa emon dabelako. PP taldearen eretxiz, helburu bikotxa nagusitu behar da: “kobretea” eta “malguak izatea enpresek existiduten jarraitzeko”, adierazo dau Diego Pagadigorria Wickek.

Euskal Sozialistak taldearen eretxiz, mozinoa eta arau aldaketea onartu ezkero, errubakotasun-presuntzinoa “mugatuta” geratuko litzateke. “Bide judizialetik konpondu ez diran egoerei ondorio juridikoak aurreratzea izango litzateke”. Aldaketea onartu ezkero eta iruzurra probetan ez dan kasuetan, zergaduna “birritan kondenauta” egongo litzateke, adierazo dau José Alberto Álvarez Castrejonek.

Beste alde batetik, Unai Lerma Mentxaka Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak, Administrazinoak kasu horreetan jarduteko dauen modua defendidu dau, administrauari jagokonez “bermatzailea” izaten jarraitu behar dauelako. Bere taldea ez dago ados ikertua inongo zerrenda publikotan agertu behar izateagaz, errubakotasun-presuntzioaren mugak ez gainditzeko. Halan bajagoko, kondenauen argitalpena Estaduko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Abstenidu egin dan Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak, bere aldetik, zuzenketa-eske bat aurkeztu dau –EH Bilduk ez dau onartu–, atzerapenaren kontrako jarrera hori delitu bat egon dala egiaztau leikien ikerketa- edo egiaztapen-jarduketak egiten ari dan zergadunarengana be zabaldu daiten.

 

OINARRIZKO ELIKADURA-PUNTUAK

Beste alde batetik, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak mozino batean eskatu dau, arrakastarik barik, Aldundiak “oinarrizko elikadura-puntuak” martxan jartea bultzatu daiala, antzemandako gabeziak daukiezan landa eremuetan. Eneritz de Madariaga Martin batzarkidearen berbetan, Bizkaian elikadura dendarik bako “94 eremu” dagoz. Talde moreak, besteak beste, laguntza ekonomiko “zuzena eta aldizkakoa” emoteko lerro bat planteetan eban, hornidura puntu horreek martxan jarten eta mantentzen laguntzeko.

Ekimena ez dabe onartu Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra taldeek, eta EH Bilduren aldeko botoa jaso dau. Foru gobernuari eusten deutsien talde biek osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dabe, baina proposamena aurkeztu dauen taldeak ez dau onartu. Bertan, talde biek eskaerea egiten eutsien Aldundiari, lehenengo udalerri horreek “identifiketako” eta erakundeen artean “lankidetzan” jarduteko, oinarrizko elikagaien salmentarako puntuak edo antzeko zerbitzuak martxan jarten “laguntzeko”.

Herri bakotxaren errealidadea ezagutzea da planteau behar dan “lehenengo gauzea”, “herri bakotxa mundu bat dalako”, esan dau Julen Karrion Lamikiz jeltzaleak. Konponbidea Administrazino bakotxaren “errealidadera eta eskumenetara” egokitzen dan ekintzatik etorri behar da. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak dauka landa munduaren eskumena, eta udalak dira “errealidade hori ondoen ezagutzen dabenak”. Beraz, helburua partekatua dala abiapuntu hartuta, Aldundiari konponbidean “parte hartzea” baino ezin jakola eskatu esan dau jeltzaleak.

De Madariagak “txipa aldatzea” eskatu dau, elikagaien salmenta puntu horreek Zorro Zerbitzuetan sartu daitezan, garraio publikoa edo beste gizarte zerbitzu batzuk sartzen diran moduan, Aldundiak, beste erakunde batzuekaz lankidetzan, hornidura puntu horreek ezarteko “egiturea eta tresnak” ditualako.

 

BEHARGIN GEHIAGO SEXU INDARKERIAREN KRISI-ZENTROAN

Beste Mozino batean, EH Bilduk Batzar Nagusien laguntzea eskatu dau, sexu indarkeriaren biktima diran emakumeei arretea emoteko martxan jarri dan Krisi Zentroan Aldundiak behargin gehiago jarri daizan, zerbitzuaren egonkortasuna eta arreta osoa bermatzeko. Zehatzago esanda, “hiru psikologok eta hiru aholkulari juridikok lanaldi osoan behar egitea” proponidu da.

Bea Ilardia Olangua EH Bilduko batzarkideak salatu dauenez, ez da ulertzen sexu indarkeriako delituen ondoriozko salaketen kopuruak gora egin dauen arren, zerbitzua indartzea ez planteetea. Holan, eta Aldundiak berak emondako datuen arabera, Krisi Zentroak “344” emakumeri emon eutsen arretea 2025eko lehenengo seihilekoan, hau da, sei hilebetan 2024 osoan artatu ziran (“428” emakume) emakumeen “% 80ri” emon jaken arretea.

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu behargin kopurua indartzeko eskaria, izan be, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra taldeek ez dabe mozinoa onetsi. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak bakarrik agertu dau zelanbaiteko babesa –abstenidu egin da–, baina aldaketak planteau ditu, erdibideko ekimen baten negoziazinoaren bitartez.

Begoña Gil Llanos batzordekide sozialistak, Aldundiak eta bere taldeak indarkeria matxistearen kontra burrukatzeko daben konpromiso “sendoa” defendidu dau. Esan dauenez, Foru Aldundiak Lege Organikoan eta Istanbulgo Hitzarmenean sexu indarkeriaren biktimak artatzeko ezarten diran baldintzak “beteten eta gainditzen” ditu, eta eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan edegita dagoan aitatutako zentroak “biktimak erdian jarten ditu”. Adierazo dauenez, “guzurra” da zentroan beharginak falta diranik, izan be, 2024an Aldundira heldu zan arreta psikologiko eta juridikoaren “% 100a” zerbitzu horretan artatu zan. “Ez zan inor arretarik barik geratu”, esan dau.

Euzko Abertzaleak taldeak, zentroan egiten dan lan “integrala, kalidadekoa, profesionala eta diziplina anitzekoa” be defendidu dau. Zerbitzuaren “etenbako” ebaluazinoak erakusten dauenez, dimentsionamendu barria horretarako beharra dagoanean egin daiteke, gehitu dau Celia Gómez Dehesa jeltzaleak, Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesino eta Bardintasunerako Aldundiaren berbak gogora ekarriz.

Bere bigarren txandan, Ilardiak zentroko langileen beharrari “balioa emon” gura izan deutso, “ahal dabena” egiten dabelako, eta zerbitzuak “gabeziak” dituala azpimarratu dau. Bizkaia baino biztanle gitxiago dituan Asturias jarri dau adibide, “aitzindari” lez. Erkidego horrek kudeaketa “publikoko” zentro bat dauka, eta bertan 7 aholkulari juridikok eta 8 psikologok egiten dabe behar.

 

ABIÑAKO SAN ANTONIO GUNEA

Bizkaiko Talde Popularrak, arauz besteko proposamen baten bitartez, Aldundiak Abiñako (Busturia) guneari buruz Batzar Nagusiek 2017ko abenduaren 14ko osokoan hartutako erabagia barriro aztertzea eta txosten barriakaz egoerea barrikustea eskatu dau, beste ondorio batera heltzeko. Raquel González Díez-Andino talde horretako bozeroaleak,  Aldundiak udalerri bien arteko “bitartekari lanak” egiteko eskaria sartu dau proposamenean, Sukarrietak eta Busturiak beste ebazpen bat “fede onez” onartu daien. Proposamenaren alde Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia baino ez da agertu.

EH Bilduk eta Foru gobernuari eusten deutsien talde biek gogora ekarri dabenez, kasuak badauka daborduko Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai “irmea”. Bertan, gune hori existiduten zala eta, beraz, Abiñako San Antonio auzoa Busturiako udalerriari egokola ezarten da bana. Ganera, auzitegi berak atzera bota eban Sukarrietako Udalak abian jarritako azkenengo errekursoa.

Une honetatik aurrera, kontra agertu diran taldeek gai hori esparru juridikoan sartzen dala defendidu dabe, eta ez politikoan. “Ez daukagu motiborik batari edo besteari arrazoia emoteko”, esan dau EH Bilduko Aitor López Vázquezek. “Barrikuspen judiziala egiteko elementu barriak badagoz Sukarrieta bide juridikoak jarraitzera animetan dot”, esan deutse Juan Otermin Eraso sozialistak Sukarrietako alkateari eta osokoan egozan herritarrei. Mikel Bagan Urtiaga Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak proposamena “txarto formulauta” dagoala esan dau, Foru gobernua Bizkaiko Batzar Nagusien eskumenetan “sartzea” eskatzen dalako.