BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK INDARKERIA MATXISTEAREN BIKTIMA DIRAN EMAKUMEENTZAKO HASIERAKO ARRETA ZERBITZU BARRIA SORTU DAU

  • Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Sailak sortutako Ate Morea zerbitzua, garagarrilaren 14tik aurrera babes zerbitzuei atea edegiko deutsen eta egungo Artekari Sarea boluntariotza-zerbitzua ordeztuko dauen diziplina anitzeko zerbitzu profesionalizaua izango da.

 

(Bilbon, 2025eko bagilaren 24an). Aldundiak indarkeria matxistearen biktimei laguntzeko Ate Morea izeneko zerbitzu barria aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean, berak eskatuta. Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Sailak bultzatutako zerbitzua garagarrilaren 14an hasiko da martxan. Ekimena Bilbon egongo dan espazio propio batetik gauzatuko da, baina arreta deslokalizaua jasoteko aukerea emongo dau. Babeseko zerbitzu publikoakaz daben lehenengo hartu-emonetik biktimei erantzun “integrala, koordinaua eta sentsiblea” eskaintzeko beharrari erantzuten deutso, esku-hartzeko lehenengo lerroa indartuz, bigarren mailako biktimizazinoaren arriskua eta zaurgarritasun egoeran dagozan emakumeek sarbiderako dituen zailtasunak murriztuz. Ganera, Artekari Sareak orain arte eskaintzen eban arretearen profesionalizazinoa eta espezializazinoa be irudikatzen dau Ate Moreak.

Baliabide barri hau “dagoan arreta sistemea hobetzeko funtsezko piezea” da, biktimek zerbitzu espezializauak ahalik eta baldintza onenetan eskuratzea bermatuz. Teresa Laespada Martínez Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputatuak, berak eskatuta, zerbitzua Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean aurkeztu dauenean azpimarratu dauenez, “ez da ekimen isolatua, indarkeria matxistearen biktimei laguntzeko gaur egungo sistemea hobetzeko funtsezko erantzuna da, alde politikotik eta teknikotik ondo argumentaua”, eta “babes sistemarako sarbidearen konexinoa eta arintasuna bermatzen dauen engranaje” lez eregi da.

Ate Morea zerbitzuaren onuren artean, lehenengo momentutik izango dauen ikuspegi “espezializaua, pertsonalizaua, integrala eta koordinaua” azpimarratu dau Laespadak, eta “une kritikoetan baliabideen sistema konplexuan errazago nabegetea ekarriko dauela, desorientazinoa eta estresa saihestuz”. Birbiktimizazinoaren prebentzinoa be zerbitzuaren egitekoen artean dago, emakumeak epaitu eta estigmatizau barik artatuko dirala, eta kontingentzia ugari dituen emakumeei egokitutako arretea emongo jakela ziurtatuta. Ganera, 14 urtetik aurrerako emakumeak babesteko zerbitzuetara sartzeko ate barria honeetan oinarrituko da: kalte soziala eta emozionala errekuperetan laguntzea, segurtasuna indartzea, baliabideetarako sarbidea sustatzea eta jarraitutasun-ibilbideak garatzea, bai eta biktimari lehenengo aholkularitza sozio-juridikoa eta arreta psikosoziala emotea be.

Ate Morea bat dator zuzenean Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuagaz, eta Erakunde arteko Hirugarren Akordioaren protokoloan txertatzen da. Krisian esku hartzeko beren beregiko prestakuntzea dauen diziplina anitzeko talde profesional espezializau eta kualifikauak osotuko dau. Laespada diputatuak zehaztu dauenez, zerbitzuak profesionalen “5,5” jardunaldi oso izango ditu, koordinatzailearen, abogaduaren eta esku-hartze sozialeko profesionalen artean, hezitzaileak, gizarte beharginak edo psikologoak. Zerbitzuaren kudeaketea indarkeria matxistearen biktima diran emakumeakaz esku hartzen ibilbide luzea daben Hirugarren Sektoreko erakundeakaz hitzartuko da.

Zerbitzu barriak, indarkeria matxistearen kontrako burrukan urteetan zutabe “funtsezkoa” izan dan gizarte-laguntzako eragileen Artekari Sarea programearen bilakaera “estrategikoa” erakusten dau. Laespada diputatuak adierazo dauenez, “eraldaketa hori behar-beharrezkoa zan lege aldetik, eta, aldi berean, aukera bikaina da arretea profesionalizetako eta espezializetako”. Ate Morea profesionalizeteari esker, Artekari Sarea osotzen daben gizarte laguntzako alkarte eta eragileek, orain “herritarren sentsibilizazinoan eta lurraldean daben kontaktu zuzena eta sakona aprobetxauz komunidadean egiten diran antzemate goiztiarrean” zentrau ahal izango ditue ahaleginak.

 

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia zerbitzuaren alde agertu da, holango zerbitzu batek bete beharreko baldintzak “ondo baino hobeto” beteten ditualako. Richar Vaquero Moreno batzordekidearen eretxiz, zerbitzuak integrala eta diziplina anitzekoa izan behar dau, arreta psikologikoa ez eze, soziala, juridikoa, hezkuntzakoa eta lanekoa be landu behar ditu. Eta arreta hurbila, eskuragarria eta larregizko burokraziarik bakoa izatearen garrantzia azpimarratu dau, konfidentzialtasuna eta biktimearen borondateagazko errespetua bermatuta, eta prebentzinoa eta ahalduntzea bultzatuta. Talde horrek, behar besteko eta kalidadeko baliabideakaz horniduteko beharra azpimarratu dau.

Euskal Sozialistak Taldeko Juan Oterminek bere taldearen aldetik Ate Morea zerbitzu barriaren aintzatespena eta balorazino positiboa adierazo ditu, “indarkeria matxistearen kontrako burrukan pausu sendoa eta ausarta” dala esanez. Azpimarratu dauenez, Ate Morea “ez da baliabide barri bat bakarrik, biktimak bakarrik ez ixteko borondate politiko argiaren adierazpena be bada”. Euskal Sozialistak taldeak modu positiboan balorau dau Artekari Sareak egindako lana eta ikuspegi “profesionalizau eta bermatzailerantz” izan dauen bilakaerea, Ate Morea eurak defendiduten daben gizarte ereduaren isla dala esanez.

Bere aldetik, EH Bilduk, Aitor Llano Lana bozeroalearen berbetan, zerbitzua sortzeak dagozan zerbitzuen mugak gainditzeko eta bigarren mailako birbiktimizazinoa murrizteko beharra egiaztetan dauela adierazo dau, eta zerbitzua profesionalizetearen aldeko apustua balorau dau, Artekari Sarea borondatezkoa zan-eta. Bere berbaldian, diziplina anitzeko taldearen (psikologoak, gizarte-hezitzaileak) osaereari eta baliabide kopuruari buruzko zehetasunak jakin gura izan ditu, baita jardunaldiak osoak edo parzialak izango diran be. Larrialdiko lehenengo arretearen iraupenari buruz be galdetu dau, eta ea aurrez aurreko arretea hasieran Bilbora mugatuko ete dan.

Yolanda Fika López Euzko Abertzaleak Taldeko batzordekideak adierazo dauenez, Ate Morea “beharrezko pausua” da indarkeria matxistearen biktimek aurrean daben prozesu “luze eta gatxari” aurre egiteko. Gaur egun dagozan zerbitzuen konplexutasuna autortu dau, baita emakumeek izan daikiezan mugak be, batez be baliabide ekonomikorik ez dabenek, ardurapeko seme-alabak dituenek, migrauek edo gizarte-laguntzako sarerik ez dabenek. Batzordekide jeltzaleak azpimarratu dauenez, lehenengo laguntzea funtsezkoa da emakumeek jasaten dituen ondorio konplexuak gainditzeko, eta Ate Morea emakume bakotxaren behar espezifikoei erantzungo deutsen arreta pertsonalizaturako tresnea izango da.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egin dau indarkeria matxistea gainditzeko bide gatxean emakume bakar bat be ez dala bakarrik sentiduko ziurtatzeko konpromiso sendoa. Ate Morea da “guztiek” behar dituen baliabideak eta prestazinoak ahalik eta baldintza onenetan eskuratzeko bermea. Zerbitzu hori funtsezko tresnea da lehenengo esku-hartze lerroa indartzeko eta “gizartearen ikuspegitik aurreratua, bidezkoa eta kohesinoaua” izango dan Bizkaia sendotzeko. Laespada diputatuak “benetako bardintasunerako pausu sendoak emoten jarraitzeko eta indarkeria matxistako kasu bakar bat be konponbiderik barik ez geratzeko” konpromisoa hartu dau.