BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARABERA, MENDEKOTASUNAREN GASTUA “IA 500 MILIOI” EUROKOA DA, ETA HORREN ERDIA ESTADUAK JASAN BEHARKO DAU 2027AN

  • Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputatuak Bizkaiko Talde Popularrak egindako erantzun-eskeari erantzunez esan dau Gobernu Zentralak gastu horren % 50 bere gain hartu beharko dauela 2027rako, jorrailaren 10eko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioaren arabera.
     
  • Aldundiko arduraduna lurraldeko egoitza-zentroetako erabiltzaileen gogobetetasunari buruzko azkenengo inkestearen barri emoteko be etorri da Batzar Nagusietara.


(Bilbon, 2025eko bagilaren 2an). Jorrailaren 10eko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordio barriak eragin nabarmena izango dau Autonomiaren eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemea (AMAS-SAAD) kudeatzeko gastuaren finantzaketan. Bizkaiko Foru Aldundiak murriztu egingo dau 2027an gaur egun dauen kargea, akordio horretan oinarrituta Estadua, “apurka-apurka”, karga hori hartzen joango dalako, % 50era heldu arte. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputatuak gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan jakinarazo dauen azkenengo ziurtagiriaren arabera, Bizkaiko Lurralde Historikoak “ia 500 milioi euro” bideratu ebazan AMAS-SAADera 2024an. Gaur egun gertatzen dan lez “% 16-17” finantzetearen edo erdia finantzetearen arteko aldea, beste helburu batzuetarako edo dagozan zerbitzuak hobetzeko erabilgarri egon daiteken kopuru handia da.

Akordioak “nabarmen” igoten dau Aldundiaren aurrekontua, eta diru hori herritarrek behar dituen beste zerbitzu batzuetara bideratu ahal izango da, Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak adierazo dauenez. Gizarte Ekintzarako batzordean, ahozko erantzun-eske batean, une honetan foru erakundea norabide bikotxeko gastuei, zuzeneko arretako baliabideei eta prestazino ekonomikoei, aurre egiteko bere gain hartzen ari dan “% 30” horren jomugeari buruzko interesa agertu dau.

Antxustegik baieztu dauenez, finantzaketa barria “apurka-apurka” zabalduko da Estaduko Aurrekontu Orokorren hurrengo Legea onartzen danetik geratzen dan legegintzaldian. Halanda be, 2027an Euskadik Estadutik sistemearen gastuaren % 50 jasoko dauela bermatzen da. Laburbilduz, akordioak eragina izango dau gastu ziurtatuaren inbersinoan, Estaduaren ekarpena asko handituko dalako, eta horrek euskal administrazinoek gaur egun euren gain hartzen dituen baliabide batzuk askatu daikiez.

Azkenengo zenbatekoari buruzko zehetasunak eta baliabide gehigarri horreek berariaz zelan inbertiduko diran oraindino ez dagoz zehaztuta, eratu barri dan aldebiko negoziazino-lantaldearen lanaren araberakoak dira-eta. Talde horrek mendekotasun-gastuak aztertuko ditu, eta finantzaketa osagarria zehazteko eta apurka-apurka apliketako indarrean jarriko dan garapen-metodologia adostuko dau. Beraz, negoziazinoen “hain hasierako” egoeran Bizkaiko Foru Aldundiak zuhur jokatu gura izan dau, eta ez ditu zehaztu itxaropen handiak sortu leikiezan zifrak.

Talde popularrak, erabilgarri geratzen dan dirua “bakarrik mendekotasuna daukien personen eta horreek artatzen dituen familien bizi kalidadea hobetzeko” inbertidutea gura dau, eta “mendekotasunerako nominala” izatea eta Gizarte Ekintzarako arlo orokorraren barruan ez urtzea eskatu dau. Aldundiko ordezkariak, bere aldetik, diru hori “herritarrek behar dituen zerbitzuetan inbertiduko dala” eta horren “erabilera arduratsua” egingo dabela esan dau.


EGOITZA-ZENTROETAKO ERABILTZAILEEN GOGOBETETASUNA

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako foru diputatua Batzar Nagusietara etorri da, berak eskatuta, Bizkaiko egoitza-zentroetako erabiltzaileen perzepzinoari buruzko azkenengo inkestearen emaitzen barri emoteko. Foru Aldundiak urte birik behin egiten dauen galdeketa horrek mendekotasun-egoeran dagozan adinekoentzako egoitza-zentroen perzepzino “positiboa” erakusten dau. Hazkundea ikusi da bizikidetza unidadeen ezagutzan eta balorazinoan.

Datuei jagokenez, Antxustegik azpimarratu dau erabiltzaileek 10etik 7,9 puntugaz balorau dabela mendekotasun egoeran dagozan personentzako egoitza-zentroek eskaintzen daben zerbitzuagazko asebetetze maila orokorra. Inkestan parte hartu daben familien hamarretik zortzik (zehatzago, inkestatuen % 81,4k) 7ren ganetik baloretan dabe egoitza-zentroen zerbitzua, eta “% 2,8k baino ez” dino ez dagoala pozik egoitza-zentroen arreteagaz. Bizikidetza unidadeen ereduak 8,68 puntuko “oso balorazino positiboa” jaso dau.

Inkesta hori, guztira 3.844 erregistrotatik erreferentziazko 1.550 personari egin jaken 2024ko zemenditik abendura bitartean. Parte-hartzaileen % 79,3k adierazo dabe euren senidea dagoan egoitza-zentroa gomendauko leukiela, 10etik 7,81eko batez besteko puntuazinoagaz. Modu berean, inkestea bete daben familiek egoitza-plazaren informazino- eta izapidetze-prozesu osoan Bizkaiko Foru Aldundiak emondako tratuari buruzko 8,20ko balorazinoa egin dabe, eta % 91,2k uste dau garrantzitsua dala foru-erakundean erreferentziazko persona bat izatea.

Hobetu beharreko alderdien artean, erabiltzaileen erreferenteen % 27,7ak uste dau hobekuntzak egin daitekezela beharginen prestakuntzea lako alderdietan. % 18,4ak aisialdiagaz, arreta psikologikoagaz, higieneagaz, elikadureagaz edo garbitegiagaz erlazionautako jarduerei buruzko “oharrak” jasoten ditu. Ganera, % 7,9ak uste dau administrazino-izapideak hobetu daitekezela, eta % 5ak instalazinoetan, ekipamenduetan eta irisgarritasunean aurrerapenak lortzeko aukera ikusten dau. Galdeketan ikusten danez, lau personatik batek ez dau hobekuntzarik planteau, eta % 14,9ak hainbat gairi jagokenez “gogobetete positiboa” baino ez dau adierazo.

Oposizinoko taldeek hobetzeko hainbat puntu azpimarratu ditue. Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak, persona gehienek zentroa aukeratu daikiela autortu arren –10etik 8k egin leikie–, uste dau % 20 hori nahikoa errazoi dala kopurua murrizteko neurriak ezarteko, mendekotasuna daukien persona guztiek daben eskubide baten aurrean gagozalako.

Bizkaiko Talde Popularretik, Raquel González bozeroaleak puntu “gorri” bitan jarri dau arretea, zentroen gainbegiratzean eta beharginen ratioetan, leku batzuetan “oso txikiak” diralako.

EH Bilduko Izaskun Duque, bere aldetik, konparazino bat egin ahal izateko inkestan jasoten diran datuen jarraipen “zorrotza” egiteko informazinoa aurretik jaso ez izanaz kexau da. Datuei jagokenez, Duquek aurreko galdeketeagaz alderatuta lagin kopuruak izan dauen beherakadearen inguruan galdetu dau, 2023an inkestea egin eben 2.800 lagunetatik 1.550era bajau dalako, egoitza-zentroetako 11.000 plazetatik “oso urrun”. Koalizino abertzaleko ordezkariak, nota “bajueneko” gaian be jarri dau arretea, hau da, ikuskapenetan eta beharginen ratioetan.

Foru gobernuari eusten deutsien taldeak pozik agertu dira datuek hobera egin dabelako 2018an lehenengo balorazinoa egin zanetik. Juan Otermin sozialistak adierazo dauenez, “norabide onean” doa, familiek egoitza-zentroa aukeratu ahal izan daien. Eta jeltzaleen aldetik, Maria Isabel Landak azpimarratu dau inkestearen “benetako balioa” dala erabiltzaileek hobetu daitekezala ikusten dituen alderdiak Gizarte Ekintzarako Sailaren lan ildoakaz “bat datozala”.