ALDUNDIAK ZERGA “BARRIKUSPENAREN” ILDO NAGUSIAK AZALDU DITU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatua bere ekimenez etorri da batzordera, familiaren, bardintasunaren, kontziliazinoaren eta gazteriaren, etxebizitzaren, gizarte aurreikuspenaren, trantsizino berdearen, progresibotasunaren eta produkzino sarearen bultzadearen arloan dagozan erronkei aurre egiteko Aldundiak zerga batzuetan, PFEZean eta Soziedadeetan batez be, planteetan dituan aldaketen barri Batzar Nagusietako taldeei emoteko.


(Bilbon, 2024ko zemendiaren 11n). Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasuneko arduradun nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiak datorren urteko lehenengo hiruhilekoan onartu gura dauen hurrengo “barrikuspen” fiskalaren ildo nagusiak azaldu ditu gaur arratsaldean Bizkaiko Batzar Nagusietan. Arauaren aurreproiektuaren eukiaren zati bat aurreratu dauen saioa bat etorri da bere homologoek Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldiakaz, hiru lurraldeetako zerga-neurrien harmonizazinoa irudikatuz. 

Datorren astean azalduko dan testu arauemoilean jasoten diran neurri garrantzitsuenak, Aldundiak sei gai zehatzetan hauteman dituan erronkei aurre egiten ahaleginduko dira: familia, bardintasuna, kontziliazinoa eta gazteria; etxebizitzea; gizarte aurreikuspena; trantsizino berdea; progresibotasuna; eta produkzino sarea bultzatzea.

Lehenengo paketeari –familia, bardintasuna, kontziliazinoa eta gazteak– jagokonez, Aldundiak emakume ekintzaileentzako diskriminazino positiboa sartuko dau PFEZn, eta familia unidadea barriro konfigurauko dau, kideen mendekotasun ekonomikoan oinarritu daiten. Atal horretan kenkari barriak egongo dira adinbakoak eta mendeko personak zaintzeagaitik eta adinbakoak zaintzen egon diran zergadunak lan merkadura itzultzeagaitik. Enpresen kasuan, Soziedadeen ganeko Zergan norberaren bizitzea, familia eta lana bateragarri egiteko neurrien inguruko kenkariak euki ahal izango ditue.

Zerga-barrikuspenaren onura gehien jasoko dauen kolektiboetako bat gazteak izango dira. Hobekuntza horreek gazteen kolektiboa barriro definidutetik hasiko dira, eta 36 urtera arte luzatuko da (orain 30 urtera arte da). Gazteentzat luzatu egingo da etxebizitzarengaitiko kenkaria PFEZn sartzeko epea, eta pakete espezifiko bat gehituko da: ez da 8.500 euroko mugarik egongo etxebizitzea erosten dan urtean; etxebizitza-kontua 10 urtera arte planteau ahal izango da (orain 6 urte dira); eta aurrezteko tresna horren kenkaria % 18tik % 23ra igongo da. Oinordetzen eta Dohaintzen ganeko Zergan be beherapen fiskalak egongo dira, muga jakin batzuakaz.

Hain zuzen be, etxebizitzea izango da erreformaren indarguneetako bat, errentatzailearengan eta errentariarengan pentsauz. Lehenengoaren kasuan, Ogasunak gastu kenkariak sartu gura ditu. Hobari orokorrak % 20tik % 30era pasauko dira etxebizitzea alokatzen dauen zergadunarentzat, eta % 50era igongo dira Alokabideren bidez edo tentsionautako eremuan egiten bada. Eta pisu turistikoen gastu kenkariak mugatu egingo dira.

Errentariei jagokenez, 85.000 eurotik gorako likidazino-oinarria daben zergadunek ez dabe kenkaririk izango. Hori bai, kenkari handiagoak izango dira kolektibo batzuentzat, halan zelan familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat, 36 urtetik beherakoentzat, desgaituentzat edo genero-indarkeriaren biktimentzat. Etxebizitzak birgaitzeko kenkari barriak be egongo dira.

Gizarte-aurreikuspenari jagokonez, Bizkaiak lehentasuna emongo deutse errenta erako erreskatearen abantaila fiskalei, Kapitalekoen aldean. Lehenengoetan, errentagarritasuna salbuetsita geratuko da, baina bigarrenetan ez. Enpresek (8.000 euro), autonomoek (4.000) eta norbanakoek (5.000) BGAEei egindako ekarpenengaitiko kenkariek jarraituko dabe. Gazteek kenkari barriak izango ditue aurrezteko tresna horreetan, bai besteren kontura behar egiten badabe, bai autonomoak badira.

Bizkaiko Ogasunak trantsizino berdea eta energia-eraginkortasuna sustatzeko zerga-pizgarriak be sartu gura ditu. Kenkariak egongo dira PFEZn etxeko eraginkortasuna hobetzeko obrengaitik. Ganera, “2025eko lehenengo hiruhilekoan tramitauko dan” mobikortasun jasangarriagorako neurrien testua sartuko da Batzar Nagusietan, zehatzago esanda, beharginentzako bizikletak erosteko eta zero igorpeneko ibilgailuak erosteko kenkariei jagokena. Azken horreentzat, % 5eko kenkaria planteetan da erosketarako, eta % 10era igongo da ibilgailu zaharrari baja emoten bajako. Eta % 15eko kenkaria gehitu da kargetako sistemak instaleteagaitik. Enpresen kasuan, kenkaria % 35ekoa izan daiteke Soziedadeen ganeko Zergan.

Aldundiak “konnotazino berdeak” dituen I+G inbersinoengaitik kenkari barriak ezartea be eztabaidatu gura dau Batzar Nagusietako taldeakaz hurrengo hilebeteetan. Gitxienez, % 35ekoak, eta zenbateko hori % 20 gehiago igon daiteke startup barritzaileak badira. Euskal industria deskarbonizetako % 35eko kenkaria ezartea “pentsetan ari dira”. Modu berean, energia-eraginkortasunera bideratutako neurriek tokiko tributuetan be izan leikie eragina.

Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak produkzino sarea babesteko beste neurri batzuen barri be emon dau. Aldi baterako forfait-ak sendotu gura dira nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueretan eta salgaien garraioan, eta artisten erregimenerako % 40ko barria ezarri da. Modu berean, mikroenpresentzako forfait-a % 15ean finkatu da, baita zero igorpeneko ibilgailuak amortizetako askatasuna be.

Progresibidade fiskala hobetzeko neurriei jagokenez, errenta txikiak dituen personengan jarri dau arretea Berrojalbizek. Errentaren aitorpena aurkezteko obligazino-mugea 19.000 eurora igongo da, eta horrek atxikipenen taulea eta PFEZko hobariak ikutzera behartuko dau. Aurrezki-tarifak be aldatu egingo dira, zerga-tarte barria ezarri gura dalako. 5 tarte egotetik 6 tarte egotera pasauko litzateke.


ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA

Beste alde batetik, Ogasun eta Finantzetako batzordeak ez dau onartu Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak planteau dauen arauz besteko proposamen bat. Proposamen horretan, preskribidu ez diran ekitaldietako likidazinoen barrikuspena erreklametako eskubidea izan arren oraindino egin ez daben zergadun mutualisten etxeetara informazino gutun bat bialtzea eskatzen jako Bizkaiko Foru Aldundiari. Oposizino osoa neurriaren alde agertu da, baina ez da onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ezezkoa emon deutsielako.