LOIUKO AIREPORTUAN TAXIEN ESKAINTZEA HANDITZEA ETA BIZKAIBUSEKO KONEXINO BARRIAK SARTZEA AZTERTZEN ARI DA ALDUNDIA

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Gerediagako Batzarretxera eroan dabe gaur ikasturte politiko barriaren kontroleko lehenengo osokoa. Saioaren erdian, minutu bateko isilunea egin dabe DANAren biktimakazko alkartasuna adierazoteko.


(Gerediagan, 2024ko urriaren 30ean). Egun honeetan ohikoa dan lez, Gerediagako Batzarretxean egin da Bizkaiko Batzar Nagusietako kurso politiko barriko kontrolerako lehenengo osokoa. Gaien zerrendan, hamar gai, Itaunen eta ahozko erantzun-eskeen artean, eta horreen bitartez, oposizinoak, beste gai batzuen artean, bizikletearen erabilerearen, aireporturako garraio publiko zerbitzuaren, gizarte bardinzaleagoa eregiteko neurrien, AP-68ko bidesarien, EUP plataformearen emaitzen edo 2025era begirako neurri fiskalen ganeko interesa agertu dau. 

Foru Gobernuak emondako erantzunetako batean, Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako diputatuak bere saila aireportuagaz lotura barriak ezarteko aukerea aztertzen ari dala iragarri dau, Bizkaibusen plegu barrietarako egiten ari dan azterketaren barruan. Modu berean, erregimen bereziko eremu bat bultzatzea aurreikusten da, terminalean lan egin daikien taxien baimen kopurua 135era handitzeko, une jakin batzuetan “taxi gitxiegi” dagozalako.

Bizkaiko Talde Popularrak planteautako itaunean, talde horrek Loiuko aireporturako gaur egungo garraio zerbitzuak nahikoak ete diran galdetu dau. Bizkaiko Garraio diputatuak erantzun dauenez, gaur egungo zerbitzua –Bizkaibuseko 3247 linea– aireportuaren gero eta eskari handiagora egokitu da. Izan be, aurton aireportuaren eskaria % 16ko igotea aurreikusten da 1.396.025 bidaiarira heldu arte. Autobus bakotxaren batez besteko okupazinoa % 30ekoa da gaur egun.

Pablo Gómez-Guadalupe popularrarentzat “garrantzitsua” da Aldundiak aireporturako zerbitzu publikoa indartzea, kontuan izanda 2024ko lehenengo bederatzi hilebeteetan 5.177.706 bidaiari erregistrau dirala Loiun, AENAren datuen arabera, hau da, % 7,8ko igoerea. Talde Popularrak, Aldundiaren autobusen bitartez aireportua Bizkaiko beste eskualde batzuekaz lotzeko aukerea aztertzea eta trenbidearen loturea berbiztea be eskatu dau.

Horri jagokonez, Pérezek adierazo dau aireportua beste eskualde batzuekaz, eta ez bakarrik Bilbogaz, lotzeko beste linea batzuk martxan jarteko azterlana egiten ari dirala, linea hori “oso lehiakorra” dan arren, ibilpidea 15 minutu ingurukoa dalako. Diputatu andreak iragarri dauenez, bere saila, inguruko udalakaz batera, “araubide bereziko eremua” sortzea aztertzen ari da, taxien kopurua, gaur egungo 111 ibilgailuetatik 135 ibilgailuraino igoteko. Eusko Jaurlaritzaren eskumena dan trenbide konexinoari jagokonez, Gobernu akordioan jasoten dan “konpromisoa” dala ekarri dau gogora Pérezek.

Mobikortasun jasangarria Bizkaiko Batzar Nagusietako gai nagusietakoa da oraindino be. Gai hori barriro aitatu da beste Itaun baten bitartez, kasu honetan foru Gobernuari bizikletearen erabilerea sustatzeko planen eta 2024an lortutako emaitzen inguruan galdetu deutsan EH Bildurena. 

Garraio, Mugikortasun eta Turismorako diputatuak, bere sailak helburu horretarako aurrera eroan dituan ekintzen balantzea egin dau. Zuzentzen dauen saila Bizipark aparkalekuen sistemea eta Bizkaibizi alokairu sistemea handitzeko ahaleginetan zentrau da, bizikleta elektrikoak erosteko laguntzez edo enpresek mobikortasun planak gauzatu daiezan emoten diran diru-laguntzez gain. Koalizino abertzalearen berbetan, neurri horreek 2024ko aurrekontuetan jasoten ziran.

Aldundiak 8 aparkaleku “seguru” gehiago izatea aurreikusten dau –orain 6 dira–, “415 plaza” guztira. Eta gurpil biko ibilgailuak alokatzeko zerbitzuari jagokonez, Pérezek iragarri dauenez, 2027ko lizitazino barrirako bere saila bizikleten parke mobikorra zabaltzeko, sarean udalerri gehiago sartzeko eta eskualde jakin batzuetarako egokitutako zerbitzuak aztertzeko aukera kontuan izaten ari da. Une honetan, 1.419.953 bidaia egin dituen 37.544 persona dagoz Bizkaibizi sistemara atxikita.


BARDINTASUN POLITIKAK ETA TRANS PERSONEN ESKUBIDEAK

Oposizinotik, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldea, zemendiaren 25etik hilebete igaro danean, eskuma-muturraren diskurtso antifeministen kontra burrukatzeko neurrietan zentrau da. Horren ostean, EH Bilduk gauza bera egin dau Aldundiaren ekimenak ezagutzeko eta genero identidadearen eta trans personen eskubideak autortzearen ondoriozko diskriminazinoa saihesteko, Eusko Legebiltzarraren 4/2024 Legea betetzeari jagokonez.

Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako diputatuak onartu dauenez, gazteen eta nerabeen artean mobimendu patriarkal “kezkagarria” ikusten da, sare sozialen erruz “handitzen” eta eskuma-muturra “hauspotzen” ari dan arrakalea, hain zuzen be. Azkenengo urteetan martxan jarri diran hainbat ekimen gogora ekarteaz gain, udalakaz egin diran lan saioak, matxismoaren kontrako sentsibilizazino kanpainak edo joan dan legealdian martxan jarri zan Gizonakaz proiektua, besteak beste, Laespadak, desbardintasunari eta antifeminismoari aurre egiteko foru estrategiaren hainbat puntu aurreratu ditu.

Holan, Aldundiko arduradunak feminismoa ahalduntzen jarraitzearen garrantzian; bardintasunik ez daukagun lekuak zeintzuk diran gizarteari azaltzean; gizonen aliantzea eskatzean; gazteei errespetuzko ereduak eskaintzean; bardintasuna zeharkakotzean; emakumeek leku guztietan beteten daben zeregina ikusarazotean; eta gizarteko erakundeakaz behar egitean jarri dau arretea.

Eta trans personen eta intersexualen eskubideak bermatzeko neurriei jagokenez EH Bildu taldeari erantzunez, Laespadak esan dau aitatutako legea Aldundiaren eskumenen eremutik “harago” doala, baina beharrezkoa dala Gobernuak lege horren arauzko garapena aktibetea. Bere saila, 2025era begira, sentsibilizazino kanpainak eta gizarte taldeakazko hartu-emonak izaten jarraitzera bideratuta dago. Lehenengo xede lez, Laespadak esan dau garrantzitsua dala lurraldean dagozan trans personen kopurua kuantifiketako mekanismo bat ezartea. OMEk biztanleriaren % 0,03an zehazten dau. Bizkaira ekarrita “500 persona” litzatekez. Momentuz, aniztasunerako aurrekontua 900.000 eurokoa da.

LEHEN SEKTORERAKO PLANA

Lehen sektorearen bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko neurriak ezagutzea izan da EH Bilduk eztabaidan sartu dauen beste gaietako bat. Iratxe Arriola batzordekidearen berbetan, azken hamarkadetan elikagaien ganeko kontrola gitxi batzuen esku egon da, eta, hori dala eta, negozio handia bihurtu da. Bere taldearen eretxiz, eredu industrializauak eta globalizauak euskal elikadura-sisteman dituan ondorioak nabarmenak dira: prezio bajuak ekoizleentzat, enpleoaren galerea landa-eremuan, landa-ingurunearen degradazinoa, belaunaldien arteko erreleborik eza, kontsumo-ohituren galerea, elikagai ultraprozesauen kontsumoaren igoerea eta dirulaguntzen kontzentrazinoa ustiategi industrialetan eta intentsiboetan.

Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko diputatuak lehen sektoreagaz batera aurkeztu barri dan “Suspertze” planean jasoten diran 14 neurriak aitatu ditu. Aldundiko arduradunak gai honeek aitatu ditu: larreen sustapena; erabilera publikoko mendien kudeaketea; serbikulturarako laguntzea; erreketa kontrolauen plana larreetarako; belaunaldien arteko erreleborako bitartekaritza zerbitzuak; nekazaritzako erreleborako eta ekintzailetzarako plan integrala. Eusko Jaurlaritzagaz batera: inbertsinorako laguntzen dekretua indartzea; uraren tarifak % 50 murriztea; sektorerako forfait fiskalagaz jarraitzea; mahastizaintzarako laguntzak; animalien osasuna indartzea; ehizako fauna kontroletea; familia bizitza bateragarri egiteko prozesua hobetzea eta ordezkapen dekretua aldatzea, amatasunerako eta edoskitzarorako laguntzakaz. Atutxak adierazo dauenez, baserritarrei alde ekonomikotik laguntzea bilatzen daben ekimenek 4,9 milioiko eragin ekonomikoa izango dabe, horreetatik 2 milioi laguntza zuzenak izango dira, eta beste 2,9 milioiak uraren prezioa eta onura fiskalak murriztera bideratuko dira.


AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK

Gerediagako kontroleko osokoa ohiko ahozko erantzun-eske sorteagaz amaitu da. Bizkaiko Talde Popularrak AP-68ko bidesarien jarraipenari buruz galdetu deutsonean, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak adierazo dau emakidearen epealdia amaitzen danean, 2026ko zemendian, Aldundiak erabileragaitiko ordainketeari eutsi beharko deutsola, EBk holan agintzen dauelako eta errepide horretan inbertsino “garrantzitsuak” eragingo dituan egokitzapen “integrala” beharrezkoa izango dalako.

EH Bilduk, bere aldetik, interesa agertu dau Bizkaiak aurreko joko olinpikoetan izan dauen ordezkaritzearen inguruan, izan be “historikoki” Gipuzkoakoa baino txikiagoa izan da beti kirolari kopuruari jagokonez. Merkataritza elektronikoko Eup plataformearen etorkizunaz eta zerga arloko neurri barriak ezarten dituan eta atzo batzordean aurkeztu zan arau proiektuaz be galdetu dau.

Lehenengo gaiari jagokonez, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak adierazo dau Bizkaia “sasoi fisiko onean” dagoala, 2001etik lurraldean kirola egiten daben personen kopurua % 20 hazi dalako. Aldundiko arduradunak ez dau beste lurralde batzuekaz zenbakizko konparazinoetan sartu gura izan.

Eta Batzar Nagusietan daborduko izapidetzen ari diran neurri fiskalei jagokenez, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak esan dau ohikoa dala urtearen bukaeran zergadunaren segurtasun juridikoa bermatzeko eta zerga arloko araudia jurisprudentziara eta urtea amaitu baino lehen sartu behar diran neurri batzuen urgentziara egokitzeko izaera “teknikoa” dauen araua aurkeztea. Helburua “koherentzia” gehitzea eta sistema fiskalaren “kalidadeari” eustea da. EH Bilduk adierazo dauenez, barriz, pakete horretan izaera “politikoagoa” daben eta etorkizuneko erreforma fiskalean lekua izan beharko leukien zenbait artikulu gehitu dira.

Eup plataformari jagokonez, koalizino abertzaleak horren etorkizunaz galdetu dau, 2021eko bagilean martxan jarri zanetik Bizkaiko tokiko merkataritzearen atari digitalak erakutsi dituan erabilgarritasuneko datu urriak ikusita. Saltokien “638 alta” eta “16.000 eskaera baino gitxiago” izan dira ibilbideko hiru urte honeetan, “1.345.000 euro baino gehiagoko” inbertsinoaren ostean atariak “erabateko porrota” erakutsi dau, Aitor Llano batzarkidearen berbetan.

Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak esan dauenez, datuetatik harago, BBK Fundazinoaren eta merkatarien alkarte nagusien bermea dauen “marketplace”-a, Bizkaiko tokiko merkataritzaren digitalizazinoa eta lehiakortasuna bultzatzeko tresna lez ikusi behar da. Alderdi horreek kontuan izanda “nire balorazinoa positiboa da”, esan dau.

Eta, bukatzeko, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak, Bizkaiko Batzar Nagusiek Sukarrietako udalerriaren zati bat –Abiñako San Antonio auzoa– Busturiako udalerriaren esku jarteko hartutako erabagia barrikusteko eskatu dau. Sandinderi plataformak aurkeztutako txosten juridiko barria izan da Aldundiari kasu hori barriro edegi daian eskatzeko errazoia, egoerea behin betiko bideratzeko.

Momentuz, Aldundiak ez dau gaia itxi. Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak adierazo dauenez, epai “irmoa” egon arren, plataformak oraintsu egindako batzorde batean aurkeztutako dokumentazino guztia eskatu deutsie Batzar Nagusiei. Aztertu ostean, bere sailak “jarduketaren bat edegitea posible dan ala ez zehaztuko dau”.

MINUTU BATEKO ISILUNEA DANAREN BIKTIMEN ALDE

Gerediagan egin dan kontroleko osokoan Ainara Otxotorena (Mañaria), Eneritz Agirre (Atxondo), Mireia Elkoroiribe (Durango), Eneritz Azpitarte (Zaldibar), María Herrero (Elorrioko alkateordea), Egoitz Garmendia (Otxandio), Mikel Urrutia (Abadiño) eta Oskar Koka (Iurreta) eskualdeko alkateak eta Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunidadeko presidentea egon dira. Saioaren erdian, kanpoan alkartu dira, batzarkideakaz eta Foru Gobernuagaz batera, minutu bateko isilunearen bidez DANAren biktimei alkartasuna adierazoteko.