BEHARGIN GEHIAGO SARTUZ BIZKAIKO EGOITZETAKO IKUSKAPEN ETA KONTROL PROZESUAK ARINTZEA AZTERTZEN ARI DA ALDUNDIA
- Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako foru diputatuak “aurton bertan” ikuskapen zerbitzuan behargin tekniko gehiago sartuko dirala erantzun deutso EH Bilduri, gizarte zerbitzuetako zentroek beharginen ratioak beteten dituela egiaztetako.
- Foru gobernuak errekurritu egingo dau azken LEP forala baliobakotu dauen EAEJANren epaia.
- 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoaren doakotasunak 3 milioi euroko kostua izango dau urtean.
(Gernikan, 2025eko urtarrilaren 29an). Gernikako Batzarretxeak urteko lehenengo kontroleko osokoa jaso dau gaur goizean, Itaunen eta ahozko erantzun-eskeen artean erdibana banatutako hamar gai landuta. Gaietako batean, Foru gobernuak jakinarazo dau bere asmoa, aurton, itunpeko egoitzen ikuskapen eta kontrol prozesua “arintzea” dala, behargin tekniko gehiago kontratauta. “Aurton bertan indartuko da zerbitzua”, esan dau Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputatuak EH Bilduk planteautako Itaunean.
Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, 2023tik aurrera beharginen ratioa beteten ez daben kontzertautako egoitzak zehatzen hasi dira, ratioa egoera zaurgarrian dagozan personei emon behar jaken arretearen kalidadearen jarraipen egokia egiteko orduan “oinarrizko” baldintzatzailea dalako. Antxustegi argia izan da bere mezuan, eta esan dauenez, “beteten ez daben guztiei zehapena ezarriko jake”. Aldundia ez-beteteen ganean egongo da, enpresek gabezia horreek ahalik eta arinen konpondu daiezan. Halan egiten ez badabe, zentroak zehatu ahal izango dira, baita itxi be, igaz jazo zan lez.
Diputatu andreak emondako erantzuna EH Bilduri zuzenduta egoan, talde horrek, Itaun baten, Foru gobernuari, “zentro guztietan eta modu iraunkorrean” beharginen gitxieneko ratioak beteten dirala “bermatzeko” modua eskatu deutsolako. Igaz Aldundiak emondako datuetan oinarrituta, eta 2023ko zenbakiakaz, Izaskun Duque batzordekideak gogora ekarri dau beharginen ratioak “ez zirala nahikoak” 99 zentrotan. Hau da, “adinekoen zentroen % 64ak ez ditu ratioak beteten”, esan dau. Hori dala eta, “beharrezkoa” zan, bere ustez, ikuskapena eta espedienteen jarraipena egingo daben beharginen plaza kopurua handitzea. Aldundiak erronkea jaso dau, baina ez dau hobekuntza horrek ekarriko dauen kontratazino bolumenari buruzko zehaztasun gehiagorik emon.
LEP FORAL BAT BALIOBAKOTZEN DAUEN AZKEN EPAIAREN AURREKO ERREKURTSOA
Osokoan, Foru Aldundiaren azkenengo lan eskaintza publikoa bertan behera itxi eban Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren (EAEJAN) azken epaiaren ganeko itaun bi egin dira, bata EH Bildurena eta bestea Bizkaiko Talde Popularrarena. 77 plaza dira, eta horreetako 71n hizkuntza eskakizun biren (2 edo 3) arteko euskera eskakizuna eskatzen zan.
Foru gobernuko ordezkari bi, Ager Izagirre Herri Administrazioko diputatua eta Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputatua, igon dira atrilera, Aldundiak laster epai horren kontrako kasazino helegitea aurkeztuko dauela iragarteko, euren eretxiz eskaintzea “legezkoa eta legitimoa” dalako eta Aldundiko beharginei euskerea eskatzea “onargarria” dalako, Auzitegi Konstituzionalak epai baten adierazo dauen lez.
Raquel González Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeroale popularrak, barriz, euskerearen ezagutzea egiaztau behar dan lanpostuen kopurua finkatzen dauen Aldundiaren derrigortasun indizea gaur egun “% 46,47koa” dala eta plazen promozino horretan “% 92,2koa” zala esan dau. “Gure lurraldeko errealidade soziolinguistikoaren oso gainetik”. Hori dala eta, Gonzálezek “neurritasuna, koherentzia eta legezkotasuna” eskatu ditu etorkizuneko LEPetarako.
Rakel Goñi EH Bilduko batzarkideak, bere aldetik, gogora ekarri dau “Euskalgintzaren Kontsejua” arduratuta agertu dala eta epaia “euskerearen kontrako ofentsiba judizialean” jarri dauela. Bere berbetan, ez da holango erabaki judizial batek Bizkaiko Foru Aldundiak egindako LEP bat “kolokan” jarten dauen lehenengo aldia, eta “gaur gaurkoz ez dago holango erabagiak ez dirala etorkizunean errepikauko esateko argumenturik”.
DESKONTUAK GARRAIO PUBLIKOAN
Beste Itaun batean, EH Bilduk argibideak eskatu deutsaz Aldundiari, aurton garraio publikoan deskontuak zelan geratuko diran argitzeko, Bizkaia Madrilen onartzen danaren zain dagoalako, Raúl Méndez batzordekideak kritikau dauenez, eta 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoaren doakotasunaren neurriaren ezarpenean emoten ari dan “atzerapena” be salatu dau.
Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak erantzun dauenez, neurri horretan ez da atzerapenik egon, neurriaren “erantzukizuna, zorroztasuna eta ebaluazinoa” baino, garraio publikoa egunero martxan jartea “dirua kostetan dalako”. Zehatzago esanda, Aldundiak “180 milioi euro” emongo deutsez aurton Metro Bilbaori eta Bizkaibusi. Eta garraioaren doakotasuna 6 urtetik 12ra igoteak “3 milioi euro” eskatuko deutsaz urtero Foru gobernuari. Etxanobek baieztu dauenez, gaur egun, “18.363 adin txikikok” Barik pertsonalizaua daukie, bihartik aurrera bidaiak doan izateko.
Ahaldun Nagusiak “nasaitasun” mezua helarazo gura izan deutso Bizkaiko gizarteari. Izan be, gogora ekarri dauenez, Gobernu zentralak atzo onetsi eban eta Diputatuen Kongresuak oraindino berretsi behar dauen Lege Dekretuaren kontua zelan amaitzen dan ezagutu arte Aldundiak garraio publikoaren erabilerea bultzatzen jarraituko dau, “egiturazko” neurriakaz, eta ez unean uneko neurriakaz bakarrik, % 50eko deskontuakaz egin dan lez. Euskal administrazinoek eta garraio operadoreek adostutako egiturazko neurrien artean, 12 urtetik beherakoentzako garraioaren doakotasuna edo hileko tituluen % 20ko deskontuak aitatu ditu Etxanobek.
ELIKAGAIAK ALPERRIK GALTZEA ETA BESTE GAI BATZUK
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak ekarri dauen gai horri jagokonez, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzarako diputatuak gogora ekarri dau EH Bildugaz sinatu dan aurrekontu akordioaren barruan aurton proiektu pilotu bat jarriko dala martxan egoitza zentro batean, elikagaien soberakinak saihesteko eta produktu ekologikoen eta hurrekoen kontsumoa bultzatzeko. Hain zuzen be, 2023tik aurrera, Aldundia gai horreen “pisu handiagoa” sartzen ari da lehiaketa publikoetan, material birziklagarria eta berrerabilgarria erabilteagaz batera.
Bukatzeko, osokoaren bigarren zatian, oposizinoko taldeek ahozko bost erantzun-eske egin ditue. La Caixa Fundazinoak Azkuna Zentroan gauzatu gura dauen Tumo Proiektuarengaitik, Bizkaiko hainbat ikastetxetan Galaxy proiektuaren ezarpenarengaitik edo udalen finantziazinoaren ehunekoa handitzeagaitik galdetu deutso EH Bilduk Aldundiari. Aldi berean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Ezkerraldea Meatzaldea Bus (EMB) Bizkaibuseko emakidadunak eskatuta epaitegira dokumentazinoa aurkezteko atzerapenaren inguruan galdetu dau. Eta talde popularrak, Metro Bilbaoren tarifa politikari jagokonez BGPren kudeaketea argitzeko eskatu dau.
Udalen finantziazinoa handitzeari jagokonez, EH Bilduk eskatzen eban lez, Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak, Foru gobernuak udalei banaketa ekonomikoa egiteko dauen “konpromiso sendoari” eutsi deutso. Ekarpenen Legeak baliabideen “% 39,23 gitxienez” udalerrietara bideratu behar dala ezarten dauen arren, ehuneko hori benetan “% 40,70ekoa” da. Halanda be, Idoia Buruaga EH Bilduko batzarkideak ehunekoa “% 39,66koa” dala eta azken 20 urteetan ez dala eguneratu esan dau. Hori dala eta, barriro aztertzea eskatu dau, udalerriek gero eta “eskumen gehiago” daukiezalako.