ALDUNDIAK RENFEREN INTEGRAZINOA AMAITU ARTE ITXARONGO DAU GARRAIO PUBLIKOA ZONIFIKAZINO BARRIAREN BIDEZ MERKETZEKO

  • Sonia Pérez Ezquerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak iragarri dauenez, bost tarifa-gunetik hirura joango dan murrizketea modu integralean gauzatuko da, garraiobideen arteko koherentzia bermatzeko.
     
  • Joan-etorrien % 90ari mesede egingo deutson neurria dobako garraio aldaketak eta bidaia-kopurua eta errentea kontuan hartuko dituan tarifa-sistema progresiboa ezarri aurreko pausua da. 


(Gernikan, 2026ko zezeilaren 25ean). Hamaika gaik bete dabe gaur Gernikako Batzar Etxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien urteko bigarren Kontroleko Osokoa. Horreetako batean, Sonia Pérez Ezquerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Foru Diputatuak lurraldeko garraio publikoaren zonifikazino prozesuaren egoerearen barri emon dau. EH Bilduk egindako itaun bati erantzunez baieztu dauenez, Foru Aldundiak itxaron egingo dau Renfe sisteman guztiz integrau arte —trenbideen eskumenen transferentziaren ostean— tarifen mapa barria martxan jarteko, holan ezarpen “osoa eta ordenaua” ziurtatu ahal izateko. 

Planteautako erreforma estrukturalak egungo bost zonako sistemea hiruko eredura murriztea ekarriko dau, herritarren “zerbitzua sinplifiketako, bidezkoagoa egiteko eta jasangarritasun ekonomikoa hobetzeko”. Foru diputatuak azaldu dauenez, neurria prest dago ikuspuntu teknikotik, baina Renfegaz batera aktibetea “erabagi arduratsua” da, izan be, operadore horrek urtean 15 milioi bidaia inguru erregistretan ditu, Bizkaia osoko % 10. Helburua, erabiltzaileek erabilten daben garraiobidearen arabera tarifa-logika desbardinak erabili behar ez izatea da. 

Zonifikazino barria benetako mobikortasunaren eta erakarpen-poloen azterketan oinarritzen da, osasun- eta hezkuntza-zentroak adibidez. Pérez Ezquerrak azpimarratu dauenez, joan-etorrien “% 90 baino gehiagok” gaur egun lez edo hobeto jarraituko dabe. Adibide moduan, adierazo dauenez, Enkarterrin gaur bost zonalde lez zenbatzen diran ibilbideak bi izatera pasako dira, eta Durangaldean, Durango eta Bilbo arteko bidaiak hiru izatetik bi izatera murriztuko dira, zigor historikoak kenduz. 

Neurri hori dala eta, Foru Aldundiaren diru-kutxek urtean “3,5 milioi euro” inguruko aurrekontu-ahalegina egin beharko dabe Bizkaibusen zerbitzuan bakarrik, hau da, gaur egun daukien diru-bilketearen “% 10,78a”. 

Erantzuna, hasieran 2025erako aurreikusita egoan jarduketa horren atzerapenaren ganean diputatuari itaundu deutson Raul Méndez Urigoitia EH Bildu taldeko ordezko bozeroaleak eskatuta etorri da. Koalizino abertzaleko batzarkidearen eretxiz, gaur egungo sistemea konplexua da, eta Bilbotik urrunen dagozan udalerrietan bizi diranen bidaiak garestitzen dituan “diskriminazino periferikoa” salatu dau. Ganera, eskaria egin deutso Foru gobernuari, Renferen integrazinorako itxaron beharreko epeak zehaztu daizan, operadore horren gaur egungo egoerea “erabateko kaosa” dala esanez. Méndez Urigoitiak, ganera, proiektuak Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) operadore guztientzat izango dauen eragin ekonomiko orokorra ezagutzea eskatu dau, eta ez bakarrik Bizkaibusi buruzko datuak. 

Horren aurrean, Sonia Pérez Ezquerrak barriro esan dau zona sistemearen sinplifikazinoa “ezinbesteko aurretiazko pausua” dala legegintzaldiko beste mugarri batzuetarako: operadore guztien arteko garraio aldaketearen dobakotasuna eta etorkizunean tarifa sistema “progresiboa” sortzea, errentan eta erabiltzaileen erabilerearen maiztasunean oinarrituta. Foru Aldundiaren konpromisoa Bizkaiko gizarte osorako garraio publikoaren eredu “sinpleago, erakargarriago eta bidezkoagorantz” aurrera egitea da. 

Bere erantzunean, foru diputatuak, kalidadearen eta erreformearen funtsaren lehentasuna defendidu dau, epeak zorrotz betetearen ganetik, diseinua, “udalerriz udalerri” eta “eskualdez eskualde” zorroztasun teknikoko erespideetan oinarrituta egin dala azpimarratuz. Herritarrentzako sistema “bakarra eta inkoherentziarik bakoa” bermatuko dauen integrazinoa ixteko Renferen zain egotea “beharrezkoa” dala errepikau dau, eskumenak oraintsu transferidu diralako eta solaskide teknikoak aldatu diralako. 

 

BESTE GAI BATZUK 

Beste alde batetik, jardunaldian zaurgarritasun egoeran dagozan kolektiboentzako osasun mentaleko politikei, ezohiko erregularizazinoko prozesuari eta Bizkaian 18 eta 65 urte bitartekoentzat “mugatuta” dagoan (beste lurralde bietan 3 urtetik aurrerakoa da) laguntza pertsonaleko prestazinoari buruzko beste eztabaida batzuk be sartu dira. Gai horreek Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak sartu ditu eztabaidan. 

Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, azkenengo hamabost urteetan behera egin daben behargin autonomoen aldeko foru politikak, etxebizitza arloko foru politikea eta familia harrerako neurrien bultzadea ezagutu gura izan ditu, umeak hartzen dituen familiak erdira murriztu diralako, 2022an 100 izatetik, 2024an 52 izatera.

Eta, bukatzeko, EH Bilduk gauza bera egin dau Lemoizko zentral nuklearrerako eta haren ingururako etorkizuneko proiektuei, Lekeitioko Kobazulo Experience zentroaren kokapenari, Ikaskuntza Eskola barriak instaleteari eta Errekaldeko saihesbidearen eraikuntzan dagozan “atzerapenei” jagokenez. Azkenengo gai horri jagokonez, Carlos Alzaga Sagastosoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak esan dau ezinezkoa dala obra horren “epeak laburtzea” (Aldundiak urtarrilean iragarri eban 2034ko mugea batzordean, zubibideak kentzeko, hasierako kalkulua baino urte bi geroago). Diputatua argi eta garbi agertu da epeak laburtzearen kontra, horrek personentzako edo ingurumenerako segurtasun azterketarik ez egitea ekarriko baleu.